Ane Eslava / 2017-11-03 / 615 hitz
Euren ezintasun fisikoak gainditzeko hasi ziren igeriketan Josu Perez eta Aralar Perez. Kirolari esker, autonomia lortu dute. Gainera, postu bikainak lortu dituzte lehiaketa askotan.
Txikitatik hasi ziren igeriketan Josu Perez (Iruñea, 1993) eta Aralar Perez (Iruñea, 1996). Burmuin paralisia dute biek, baina hori ez da oztopoa izan lehiaketetan parte hartzeko. 2016an, laugarren eta zazpigarren postuak lortu zituzten Europako txapelketan. Egunero entrenatu arren, unibertsitatean ikasteko denbora gordetzen dute, baita lagunekin egoteko ere. Hilaren 27an, Mexikora joango dira, Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketara, Ivan Salguerorekin batera. Kirolak lagunak, bidaiak, balioak eta ametsak eman dizkiela adierazi dute.
Nola erabaki zenuten igeriketan hastea?
ARALAR PEREZ: Niri, 10 urte nituenean, medikuak igeriketan hasteko agindu zidan. Horrela hasi nintzen, eta geroz eta gehiago gustatu zitzaidan.
JOSU PEREZ: Ni 2 edo 3 urterekin hasi nintzen. Gurasoek igerileku egokitu batera eramaten ninduten, nire giharrak hobetzeko. Aurrerago, gure egungo entrenatzaileari, Raul Gonzalezi, proposatu nion gu Ardoi klubean sartzea. Hark bidea ireki zigun, eta guk aurrera egin genuen.
Zein hobekuntza nabaritu dituzue igeriketari esker?
J.P.: Igeriketak bizi kalitatea hobetu digu. Guk zailtasun batzuk ditugu, baina horiek gainditzen ikasi dugu. Gainera, ikasketetan kontzentratzeko lagungarria izan da, denbora kudeatzen ikasi dugulako.
A.P.: Bizimodu arrunta egiten lagundu digu. Lehen, gauza batzuk egitea kostatzen zitzaigun. Orain, egin dugun lanari esker, eta gure ingurukoen laguntzari esker, bizimodu autonomoa egitea lortu dugu.
Zein garrantzi izan du zuen entrenatzaileak zuen ibilbidean?
A.P.: Lan handia egiten du. Izan ere, gure ezgaitasun fisikoak oso ezberdinak dira kasu bakoitzean; gutako bakoitza mundu bat da. Eta hala ere, lortu du gure entrenamenduak eta gainerakoenak berdinak izatea, adaptazio txiki batzuekin.
J.P.: Horretarako, ikusi behar izan du guk zein zailtasun ditugun eta horiek nola gainditu ditzakegun. Eta lorpenak izugarriak izan dira.
Ikasteko tartea ere gordetzen duzue. Zergatik aukeratu zenituzten ikasketa horiek?
J.P.: Betidanik ikasi nahi izan dut Zuzenbidea. Gauzak zergatik gertatzen ziren jakiteko, eta gaur-gaurko gaiak gustuko ditudalako.
A.P.: Niri burtsa gustatzen zitzaidan, horregatik Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza aukeratu nuen. Nire ametsa burtsan lan egitea litzateke.
Zer sentitu zenuten munduko txapelketara joango zinetela jakin zenutenean?
J.P.: Poz izugarria. Gainera, hirurok elkarrekin joango gara, eta hori izugarria da. Orain dela bi urte esan izan baligute hau lortuko genuela, ez genuen sinetsiko. Hala ere, Raulek egunean bertan esan zigun oso ondo zegoela, baina lan hirukoitza egin beharko genuela.
Nolakoa izan da entrenamendua?
A.P.: Denboraldia luzea izan da. Hamalau hilabete igaro ditugu entrenatzen, gelditu gabe. Sierra Nevadan [Espainia] ere egon ginen, 24 egunez, egun osoan entrenatzen. Oso gogorra izan da. Eta esfortzua ez dugu guk bakarrik egiten, baita gure ingurukoek eta gure entrenatzaileak ere. Beraz, deskantsatu nahi dugu, baina, horretarako, ondo egin beharko dugu.
Zeintzuk izan dira zuentzako txapelketa berezienak?
J.P.: Niretzat, Funchalekoa [Portugal]. Europako laugarren tokia lortu nuen, eta oso berezia izan zen.
A.P.: Nik gehien gogoratzen dudan txapelketa aspaldiko bat da: Richard Oriberi irabazi nion, eta hura nire idoloa zen.
Zein garrantzi du laguntasunak kirolean?
A.P.: Nahiz eta gure kirola banakakoa den, gure artean giro ona egotea funtsezkoa da, entrenatzeko gogoarekin joateko eta disfrutatzeko.
J.P.: Txantxa moduan esan ohi diot nire anaia baino gehiago ikusten dudala. Giro ona daukagu gure artean, konfiantza handia. Guretzat, beti elkarrekin egotea onuragarria izan da; hobeto egiten dugu lan.
Zein beste balio dira garrantzitsuak igeriketan?
J.P.: Konstantzia, esfortzua, eta ikastea gauzak ez direla beti nahi dugun moduan ateratzen; bolada onak aprobetxatu behar direla.
A.P.: Baita entzuten jakitea ere. Guk ez ditugu gure hutsak ikusten; beste batzuek, berriz, bai. Horietan arreta jartzea ezinbestekoa da aurrera egiteko.
Zer da igeriketa zuentzat?
J.P.: Gure bizitzarako ezinbestekoa bilakatu den elementu bat. Orain igeriketa kenduko baligute, gure bizitza desmuntatuko litzateke.
A.P.: Txikitatik gure bizitza hobetzeko erabili dugun baliabidea izan da; baina hori baino askoz gehiago bilakatu da. Harremanak egin ditugu, bidaiatu dugu, ametsak lortu ditugu… Eta bizitza nolakoa den erakutsi digu. Kirolaren balioak bizitzarako baliagarriak dira.