Mikel Garcia Idiakez / 2018-01-08 / 220 hitz
Afrikara bazoaz, mesedez ez atera argazkiak ume beltzekin gero sare sozialetara igotzeko, utzi argazki moloietan Afrikari buruzko topiko iraingarriak zabaltzeari eta gainditu ezazu “txuri salbatzailearen konplexua”. Kontzientziazio kanpaina abiatu dute Norvegian.
“Errespetatu pertsonen duintasuna”, “argazkia atera aurretik baimena eskatu” edo “gogoeta egin, zertarako igo nahi duzu benetan argazki hori sare sozialetara?” bezalako gomendioen bidez, Afrikara bidaiari edo proiektu humanitarioren batean boluntario doazen europarrak kontzientziatu nahi ditu ekimenak, Facebook eta Instagramera gustu txarreko zenbat eta zenbat selfie igotzen diren ikusita. “Ume afrikar batekin selfie bat egiteak, adibidez, ideia faltsu bat betikotzen lagundu dezake: Mendebaldea dela sendatzen eta salbatzen duen bakarra, Afrikako komunitateak pasiboak eta otzanak direla, ume hori bazterrean utzia izan dela eta boluntarioa superheroi moduko bat dela”.
Eta umeen pribatutasuna?
Ospitaletan gaixo dauden haurren argazkiak (oso ohikoak) saihestu behar direla azpimarratzen du kanpainak, pazientearenganako errespetuagatik eta kodigo etikoen aurka doalako. Baina oro har, zergatik atera argazkiak umeei, haien pribatutasuna aintzat hartu gabe? Egingo al genuke berdina gure inguruko herrialdeetan? Are gehiago, Europako hainbat herrialdetan debekatuta dago haurrei argazkiak ateratzea.
Barbie ere Afrikan boluntario
Behean ikus dezakezuen bideoaz gain (hemen arrantzatua), Barbie SaviorInstagram kontua ere sortu dute: testu sarkastikoak lagunduta, egoera absurdoetan ageri da panpina ezaguna, sarri ekintzaz baino gehiago argazki polita ateratzeaz arduratuago dauden boluntarioei kritika egiteko asmoz.
Gaiaz gehiago:
– “Afrikarrak tentelak garen ideia dago Gobernuz Kanpoko Erakundeen proiektuen atzean”