Negar-malkotan

Chrysallis / 2018-02-16 / 172 hitz

Otsailaren 15eko goizean Chrysallis Euskal Herria taldeko familiek albisterik beltzena jaso genuen gure poztasun eta tristurak partekatzeko dugun whatsappean. Anak bere 16 urtetako semea Ekai hilik topatu zuela esaten zigun.

Anaren eta Elaxarren min amaigabea gurea da ere, gureak diren bezala haien borrokak. Erregistroan izen-aldaketa lortzeko borroka, Gurutzetako “genero unitatean” inoiz heldu ez zen behar zuen hormona-tratamendua jasotzeko borroka, institutuan bere errealitatea ulertu eta ondorioz errespetatzeko egin ez zen formakuntza-saioa ematea lortzeko borroka… Eguneroko borroka asko. Nerabe batentzat gehiegi oraingoan. Borroka hau gizarte osoak galdu dugu eta Ekairi ezin dio inork bizitza itzuli.

Baina aurrera jarraituko dugu. Ekaiengatik. Gurutzetako ospitalean behar duten tratamendua jasotzeko oraindik zain daudenen neska-mutilengatik. Izen-aldaketa ukatua izan dutenen neska-mutilengatik. Direnak izatea behin eta berriro ukatzen zaien ume eta gazte guzti horiengatik. Atzetik etorriko direnengatik. Babestuko dituen lege baten alde. Aniztasuna ulertu eta onartzen duen gizarte informatu baten alde, neska-mutil hauek dituzten ahalmen guztiak garatzea ahalbideratuko duena. Neska-mutil hauek bizi ahal daitezen. Inoiz, inork, Anak eta Elaxarrek duten mina izan ez dezan.

Malkoak begietan eta bihotza urraturik, Ana, Elaxar eta familia, maite zaituztegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.