Etorkizuna aurten da

Edu Lartzanguren / 2018-03-21 / 1375 hitz

2018. urtea mugarritzat edukiko duten hamar teknologien zerrenda argitaratu du Massachusetts Institute of Tecnologyk. Askok eztabaida sortuko dute.

Etorkizuna iragartzen saiatzen direnak huts egitera kondenatuta egoten dira. Eta, halere, MIT Massachusettseko Teknologia Institutuak urte bakoitzeko mugarriei erreparatzen die, gizakien bizitza aldatuko duten gertaerak identifikatzeko. 2018a mugarri izango duten hamar teknologien zerrenda argitaratu du haren MIT Technology Review aldizkariak. Hona zerrenda, adituek komentatuta.

1. METALEZKO 3D INPRIMATZEA

Hiru dimentsioko inpresioak ez du oraindik ekarri espero zen iraultza, batez ere plastikoarekin egin delako. Metalezko piezak merke eta azkar inprimatu ahal izateak aldatuko du hori, MITen arabera, eta teknologia hori dagoeneko badago merkatuan. Metala lantzeko ohiko sistemek egiten dituzten piezak baino indartsuagoak egin ahal dira 3D inpresioaren bitartez, metalaren mikroegitura zorrotz kontrolatu baitaiteke. Nabarmendu dute 90.000 euro baino merkeagoa den lehen Metal 3D inprimagailua merkaturatu dutela azken hilabeteotan.

2. ENBRIOI ARTIFIZIALAK

Zelula amak hartu, eta, obulurik eta espermarik gabe, sagu enbrioiak garatu dituzte Cambridgen (Erresuma Batua). Horrek erakutsi du zabalik dagoela ugaztunak artifizialki ugaltzeko bidea. AEBko Michigango Unibertsitatean eta Rockefeller Unibertsitatean dagoeneko ari dira giza enbrioi artifizialak sortzen zelula amekin. Zientzialariei horrek aukera emango die hobeto aztertzeko garapenaren lehen faseak, eta enbrioietako geneak editatzeko tresnekin esperimentatzeko, hasieran askoz errazago manipula baitaitezke. «Interesgarria da halako enbrioiak eraiki ahal izatea, horren bidez hobeto ulertzen baitugu benetan zer gertatzen den. Ikasteko tresna aproposa da», esan du Asier Fullaondo EHUko genetika irakasleak. «Halere, guk eraikitzen dugunaren eta naturan benetan gertatzen denaren arteko harremana ikusi beharko litzateke». Zalantza etikoa du Fullaondok, ordea: «Zilegi zaigu gizaki bat izan daitekeena sortzea, nahiz eta obulurik eta espermatozoiderik gabe sortu?».

3. HIRI SENTIKORRA

Aspaldi ari dira hitz egiten hiri adimendunaren inguruan, baina horren inguruko egitasmo gutxi gauzatu dituzte arrakastaz. Toronton (Kanada), Quayside plana ari dira lantzen: auzo oso bat azken teknologian oinarrituta. Sentsore sare trinko baten bidez, auzoaren inguruko informazioa bilduko dute une oro —kutsadura, zarata, jendearen joan-etorriak—, eta erabakiak hartuko dituzte informazio horretan oinarrituta. Auzoko ibilgailu guztiak autonomoak izango dira, eta partekatuak, eta robotek egingo dute banaketa lana. Googletown ezizena eman diote egitasmoari Kanadako prentsan, Googleren Alphabet konpainiaren Sidewalks Labs dagoelako atzean. Enpresa horrek «hiriak Internetetik berriz irudikatu» nahi ditu. Urrian aurkeztu zuten egitasmoa, eta Torontoko egunkariek kezka agertu zuten auzokideen pribatutasunaren inguruan. Egitasmoa «hirigintzaren pribatizazio dinamika zaharrean» sartzen dela uste du Manu Fernandez hirigintza ikertzaileak. «Datuaren idolatria da: sentsore gehiagok informazio gehiago emango digute, erabaki zuzenak hartzeko», esan du. «Eta hori ez da egia, Big Datatik harago begiratuz gero». Hau da, teknologiak ez duela berez hiria hobetuko, ez dielako erantzungo «arazo sakonei», etxebizitza izateko eskubideari, desberdintasunei, bazterketari, segurtasunari, eta abarrei.

4. ADIMEN ARTIFIZIALA HERRIARENTZAT

Konpainia handi gutxiren esku dago gaur adimen artifiziala. Microsoft eta Amazon elkartu egin dira software libreko Gluon zerbitzua eskaintzeko. Adimen artifiziala erabiltzeko aukera emango lioke horrek edonori, hodeian. Bide bat izango litzateke adimen artifiziala enpresa eta negozio txikiagoen esku ere jartzeko. Horrek aukera sortuko luke, azkenean, adimen artifizialaren benetako iraultza abiatzeko, MITen arabera. Baina sinesgaitz agertu da Mikel Artetxe EHUko IXA ikerketa taldeko kidea. Ikasketa automatikorako tresna garrantzitsuenak software librea dira lehendik ere, argitu duenez. «Konpainia handien nagusitasuna markatzen duena ez da softwarea, hardwarea baizik: sistema hauek erabiltzeko, oso makina potenteak behar dira, eta hor izugarrizko abantaila dute Microsoft, Amazon eta enparauek». Beraz, Gluonen moduko zerbitzuek, «adimen artifiziala herrira hurbildu beharrean, konpainia handien monopolioa indartzen dute», azaldu du. «Joera kezkagarria iruditzen zait benetan».

5. SARE NEURONAL BORROKALARIAK

Adimen artifizialeko sistemak ez dira orain arte trebeak izan gauzak sortzen, irudimena bakarrik gizakien ahalmen imitaezina balitz bezala. Sare Sortzaile Etsaien bidez (GAN Generative Adversarial Nerwork), ordea, arazo hori gainditzen hasi dira, MITen arabera. Bi makina elkarrekin borrokan jartzen dituzte sareotan. Bat irudi berriak sortzen jartzen dute; esaterako, giza aurpegiak. Besteak, gero, aurpegi hori benetakoa ote den asmatu behar du. Bi sistemen arteko borrokaren bidez, sareak gero eta hobeto sortzen ditu errealitate asmatuak. Makinen irudimena ari da jaiotzen, antza. «Gizakiok badakigu zer den irudi bat errealista izatea, baina nola adierazi ideia hori matematikoki, ordenagailu batek ulertzeko moduan? GANen bidez oso modu naturalean egin dezakegu, eta hori oso erakargarria da», esan du Mikel Artetxek. «Dena dela, halako gauzak kontu handiz hartzea komeni izaten da beti: egia da GANek emaitza ikusgarriak lortu dituztela hainbat problematan, baina, gaur-gaurkoz, ezaguna da hainbat muga dituztela ere». Artetxek azaldu duenez, entrenatzeko oso ezegonkorrak dira. «Ez dakigu etorkizunean noraino iritsiko diren».

6. AURIKULAR ITZULTZAILEAK

Hizkuntza batetik bestera hitz egin ahala itzultzen duten gailuen urtea izango da aurten, MITen arabera. Dagoeneko itzulpena ia denbora errealean egitea lortu dute Googlek eta Txinako haren parekide Baiduk. Googleren kasuan, Pixel Budsizeneko aurikularrak aipatzen ditu institutuak. Pixel telefonoekin funtzionatzen dute, eta Google Translate aplikazioa erabiltzen dute. Azken horrek badu dagoeneko «elkarrizketa» aukera, baina aurikularrek asko errazten diote lana aplikazioari, erabiltzaileak botoi bat sakatzen baitu hitz egiten duenean eta askatu egiten du itzulpena hastea nahi duenean. Itzulpen automatikoaren inguruan ikertzen du Artetxek, baina bere inguruan ez du halako interesik sumatzen aurikular itzultzaileen kontuan. «Itzulpen automatikoan aurrerapen oso handiak izan dira azken urteotan, eta uste dut guztion eskura dauden itzultzaileak benetan lagungarriak bihurtu direla azkenerako», esan du. «Ahots bidez eta denbora errealean itzultzea, baina, beste kontu bat da, eta ez dakit zenbateraino fin ibiliko den horrelako zerbait benetan erabilgarria izateko».

7. GAS NATURAL «NEUTRALA»

Planetaren berotzea mugatzeko, CO2 isuriak murrizteko deia egiten diete etengabe nazioarteko erakundeek estatuei. Ez da erraza, ordea, besteak beste munduko elektrizitatearen %22 gas naturala erretzen sortzen delako, eta prozesu horretan karbono dioxido asko isurtzen da atmosferara. Gas naturala CO2-a askatu gabe erretzeko teknologia bat nabarmendu du MITek. Net Power konpainia 50 megawatteko zentral bat eraikitzen ari da. Horretan, gasa erretzean askaturiko karbono dioxidoa bero handian konprimatuko lukete, egoera superkiritikoan —likido, alegia— jarri arte. CO2 likido hori erabiliko lukete argindarra sortzeko turbina mugitzeko. Etengabe birzikla daiteke. CO2 superkritikoa dagoeneko erabiltzen da gauza askotarako: besteak beste, kafeari kafeina kentzeko, plastikoak eta porlana egiteko. MITen arabera, teknologia hori 3-5 urte barru egongo da erabilgarri.

8. PRIBATUTASUN ERABATEKOA SAREAN

Interneten pribatutasuna ziurtatzea lantegi zaila dela argi geratu da azken urteotan. MIT Technology Review-ren arabera, ordea, baliteke hori aurten aldatzea zero ezagutzako froga deituriko tresna kriptografikoa erabilita. Bi parte ditu tresnak: frogatzailea eta ziurtatzailea. Bigarrenak datu bat egia dela ziurta dezake, lehenarekin kontsultatuta, baina horren inguruko beste informaziorik izan gabe. Esaterako: erabiltzaile bat 18 urtetik gorakoa dela baiezta dezake ziurtatzaileak, noiz jaio zen jakin gabe —azken informazioa bakarrik frogatzaileak baitu—. Horren bidez, datu trukeak egin daitezke —banku datuak, izenak…— informazio pribatua arriskuan jarri gabe. Tresna ez da berria, baina 2016aren amaieran Zcash moneta digitala hasi zen hori erabiltzen. MITen arabera, aurten hasiko dira teknologia hobetzen. «Denok gaude kezkatuta pribatutasunarekin, eta horri erantzuteko modu berri bat da hau, ezberdina», esan du Arantza Illarramendi EHUko Informatika katedradunak. «Diru asko sartzen ari da horretan».

9. ORDENAGAILU KUANTIKOEKIN DISEINATURIKO MATERIA

Ordenagailu kuantikoak lanean ari dira dagoeneko, eta kimikariak hasiak dira horien bidez materia hobeto ulertzen. IBMko Alan Aspuru-Guzik ikertzaileak molekula txiki baten egitura elektronikoa simulatu du ordenagailu kuantiko batean. Orain arte oso zaila izan da hori egitea, ordenagailu klasikoek ezin baitute halako gauza konplexurik irudikatu. Molekulak zorroztasunez diseinatu ahal izanez gero, botika eraginkorragoak, bateria hobeak eta eguzkiaren argia zuzenean erregai likido bihur dezaketen gai kimikoak sortu ahalko dira. MITen arabera, 5-10 urte barru ikusiko ditu gizateriak. Illarramendi irakasleak uste du ordenagailu kuantikoek ekarriko duten aldaketaren adibide bat baino ez dela hori. «Gauza berriak egiteko aukera emango digute». Gainera, zaila da aurreikustea zer emango duen aldaketa horrek: «Ordenagailu kuantikoek filosofia aldaketa ekarriko dute, benetako paradigma aldaketa».

10. KRISTALEZKO BOLA GENETIKOA

Zientzia fikzioa zirudien norberak jaiotzetik DNA agiria izatea. Horretan, haur bakoitzak edukiko duen adimen koefizientea eta etorkizunean gara ditzakeen gaixotasunak agertuko lirateke. Dagoeneko errealitatea da, MITen arabera, gizakien azterketa genetiko erraldoiak egin baitira milioika pertsonarekin. Aho biko teknologia da, ordea. Gaixotasun genetikoen kontra erabil daiteke, alde batetik: alzheimer gaitza garatzeko arrisku handiagoa duenari gaztetatik egin diezaiokete jarraipena. Bestalde, jendea diskriminatzeko erabil daiteke: aseguruak garestiago kobratu diezazkiokete halako gaitz baterako joera duenari. Fullaondo genetikariarentzat, bi arazo larri ditu teknologia horrek: alde batetik, dena probabilitatean oinarritzen da. «Erretzaileek minbizia izateko probabilitate handiagoa daukate, bai. Baina denok ezagutzen ditugu minbizirik gabeko erretzaileak, eta erre gabe ere minbizia izan dutenak». Bestalde, determinismo genetikoaren arriskua dago: «Zenbat erabaki hartzen ditugu geure bizitzan zoriz? Ni oso ona nintzen matematiketan. Neure familiari kasu eginez gero, ez nintzen biologoa izango, ingeniaria baizik. Ez gara makinak». «Jaio eta berehala geneek esango balute zein izango den gure bizitzaren norabidea, orduan ez ginateke pertsona izango».

Halako teknologietan oinarrituta, etorkizunean giroturiko dozenaka distopia irudikatu dituzte gizakiek azken urteotan. Etorkizun hori aurten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.