Mikel Garcia Idiakez / 2018-03-25 / 1564 hitz
Gero eta umeago dakite sexy hitzak zer esan nahi duen, sexy egotea dela bidea eta helburua. Bagenekien emakume helduak objektu sexual bihurtu nahi dituela merkatuak, baina haurtzarora ari da luzatzen sexualizazioaren itzal arriskutsua. Ikusi bestela Bratz edo Monster High estiloko panpinen ugaritzea, haurrentzako makillaje andana, inauterietako hainbat mozorro…
Hipersexualizazioa da gure garaiaren ikurretako bat, eta emakumeei eragiten die batik bat, ez baita samurra uneoro sexualki erakargarri agertzeko jasotzen duten presioa. “Ikusten ari garena da gero eta gazteagoengan ematen ari dela kezka hori eta eskolara ere iritsi dela, 10-12 urteko neskek janzteko edo euren gorputzak kudeatzeko duten irizpidea maiz ez baita erosotasuna, tenperatura edo mugikortasuna, presio horiei erantzutea baizik –uste du Amelia Barquín irakasleak–. Egia da arropa ez dela bakarrik gorputzak estaltzeko eta babesteko, funtzio estetikoa ere hor dago, identitatearekin duen lotura… baina umeen kasuan estaltzea, babestea, eroso egon eta mugitu ahal izatea, tenperaturarekin koherente izatea (hotzik ez pasatzea)… izan beharko lukete irizpide nagusiak, eta batzuetan, batez ere nesken kasuan, estetikari ematen diogu lehentasuna, sarri familiok, gu garelako umeak janzten eta apaintzen ditugunak, eta alabak bidaltzen ditugu eskolara ez mugitu ez zikindu ere ezin dutela”.
Naturalizatuta dugu. Are gehiago, umea janzkera, dantza-molde edo jarrera “sexyetan” ikustea graziosoa ere iruditu ahal zaigu: “Begira, nagusia dirudi”, esango dugu, baina hortxe dago gakoa, ez baita nagusia. “Grazia egiten digunean, pentsatu beharko genuke ea zer ari garen komunikatzen. Emakume helduen sexualizazioaren helburua da gizon heterosexualen begiradari atsegina ematea. Horrek izan behar du neska txikien helburua?”, dio Barquínek.
Baten batek pentsatuko du hau guztia paraje urrunetako kontua dela, Miss izateko neskatoak lehiatzen jartzen dituzten AEBetako familiena adibidez, baina 6 urteko neskentzako tangak eta lentzeria sentsuala aurkitu ditzakezu Euskal Herriko dendetan, baita betegarria duten bularretakoak ere, 8 urteko neskei bideratuak (Primark kateak dendetatik kendu behar izan zituen, epailearen aginduz). Nolako mozorroak janzten dituzte haurrek? Zenbat makillaje maletatxo oparitzen zaizkie neskei? (“eta ez fantasiaz makillatzeko edo mozorrotzeko, sarri emakume nagusien modura makillatzeko baizik”, gogoratu du Barquínek). Frantziako Vogue aldizkariak 10 urteko haurrak atera zituen azalean 2011n, jantzi eta pose probokatiboekin, eta zalaparta handia eragin zuen erabakiak. Lucía Martínez irakasleak gogoratu digu azken urteetan nesken sexualizazioari lotutako enpresak ere sortu direla: bertan umeak makillatzen dituzte, azazkalak margotzen dizkiete, takoitxoak jartzen… printzesa gisa irudikatzeko. Horren guztiaren helburua garbi du Martínezek: gehiago saltzea, “sexualizazioaren atzean gizarte kapitalista eta kontsumista baten markoa” baitago.
Loti ederra izan nahi dut
“Marketin modernoaren teknika transbertsalek lortu dute gaur egun edozein neskatok etxean ikusi ahal izatea Loti ederra telebistan, loti ederraren panpinarekin jolasten duen bitartean eta neskatoak berak loti ederraren soinekoa gainean jantzita daramala –kontatzen du Natasha Walter idazleak, Living dollsliburuan–. Eskolara joan daiteke Bratz eta Barbie panpinak gainean dituela, hasi kuleroetatik eta motxila eta ileko diademaraino, eta etxera bueltatzean Disney printzesen apain-mahaiko ispilutxoan begiratu dezake bere burua. Bai, marketin estrategiek lortu dute neska erreala eta panpina fusionatzea duela gutxira arte pentsaezina litzatekeen mailan. Fusio hau haurtzaroaz gaindi luzatu daiteke, gazte askoren nahia panpina baten moduan bizitzea izateraino, Bratz edo Barbie baten itxura helburu”.
Barquínek Monster High marrazki bizidunak aipatu dizkigu: institutura doazen neskak dira, denak erabat sexualizatuta. “Gerta daiteke horietako batek gustuko izatea estilo hori, baina ez dago aniztasunik, denak doaz makillatuta, denak plataformen gainean, denak arropa gutxirekin beti bero handia egingo balu bezala… eta familiok etxera ekartzen ditugun Troiako zaldiak dira, seme-alabei erakusten dietenak nolakoak izan behar duten urte gutxi barru. Zorionez, beste produktu batzuk ere jasoko dituzte (trapuzko Pirritx, Porrotx eta Marimotots, adibidez), baina eredu estereotipatuak erakusten dituzten produktuen kopurua oso handia da, kuantitatiboki indar handia dute eta hezitzaileok egin beharreko kudeaketa ez da erraza. Presio horiek hor daude, etengabeak dira, txikitatik bide hori jarrai dezaten”. Amerikako Psikologia Elkartearen ikerketak dio 4 urte inguruko umeei zuzendutako produktuak (marrazki bizidunak, pelikulak, arropa, jostailuak…) ezaugarri erotikoetan enfasia egiten hasten direla dagoeneko, bereziki neskei zuzendutakoak.
Dena den, mutilak ere ez daude salbu, eta gero eta handiagoa da euren gorputzen gainean jasaten duten presioa. “Pena da, emakumeen gorputzak askatu ordez, denok askatu ordez, edertasunaren katea estutu eta gizonen gorputzetara zabaltzen ari baita –azaldu du Barquínek–. Oraindik haur diren mutilak entzun ditzakezu, ‘halakok sabelean txokolatezko tableta dauka’ moduko espresioak erabiltzen”.
Nortasun desitxuratuak eraikitzen
Umeak erotizatzea da umeei haurtzaroa lapurtzea eta laburtzea. Lapurtzea, etapa horretan inportanteak diren jarduerek eta ezaugarriek bigarren mailan geratzeko arriskua dutelako, erakargarri izan nahia lehentasun bilakatuta. Eta laburtzea, bizitzaren etapa naturalak azkartzea delako, haurrak nerabe bihurtzea, sexualitatearen garapen naturala egin ordez ikuspegi oso jakina duten jarrera sexual desitxuratuak inposatzea, asumitzeko prest ez dauden rolak, ongi ulertzen ez duten sexytasun hori bilatu nahi izatea, heldutasun faltsu batetik. Heldu batek izan ditzakeen tresnak izan gabe presioei erantzun behar izateak gorputzarekiko eta norbere irudiarekiko kezkak eta beldurrak ekar ditzake, segurtasun eta autoestimu falta, antsietatea…
Eredu jakin bat barneratzen duen neskak, hazi ahala ere takoiekin, arropa gutxirekin eta makillatuta ikusiko du eder bere burua, sinetsiko du sexualki erakargarri izateari lotuta dagoela ez bakarrik arrakasta, baita oraindik eraikitzen ari den nortasuna bera ere. Emakume bezala, nortasun eta espektatiba desitxuratuak eraiki ditzake, gorputzean, irudian eta sexu erakargarritasunean zentratuak; pertsona bezala definitu dezaketen bestelako arlo eta ezaugarriak bazterrean utziz. Mutilek ere, rol horretan kokatuko dute neska txikitatik.
Ez, sexualitatea eta sexualizazioa ez dira gauza bera
Jakina, txikitatik bizi dugu sexualitatea, eta sexuaren garapen natural eta osasuntsua ahalbidetzea gauza ederra da, baina ez dugu sexualitatea sexualizazioarekin nahastu behar: pertsonari ikuspegi instrumentala ematen dio sexualizazioak, objektu sexual bihurtzen du, eta umeei konbentzio batzuen araberako sexualitate heldu bat inposatzen die, zeinetarako ez dauden prestatuta ez emozionalki, ez psikologikoki, ez fisikoki. Lucía Martínezen iritziz, guztiz zentzugabe jokatzen dugu: “Txikitatik sexu-irrika inportanteak ditugun arren, umeen sexualitatea ukatu egiten da, jarrera batzuk moztu egiten zaizkie, adibidez sexu-organoak ukitzea, baina aldi berean mezu erabat sexualizatuak helarazten dizkiegu”.
Gure gizarte hipersexualizatuan, sexua oso erraz iristen zaie haurrei, gainera eredu jakin bati erantzuten dion sexualitatea, baina ez dugu haiekin lantzen hori guztia kudeatzeko tresnarik. “Pornoari buruz adibidez institutuetan hitz egin beharko litzateke, zer ari diren ikusten gazteak, zein ezaugarri dituen pornoak, bizitza errealean zer gertatzen den… baina hezitzaileok ez gara ausartzen. Gabezia nabarmena da”, dio Barquínek.
Zer egin?
Begirada heztea eta trebatzea da bidea, Martínezen ustez, “eta egiten ari gara dagoeneko, baina patriarkatuaren indarra handia da”. Barquínentzat ere, formazioa eta kontzientzia hartzea dira gako nagusiak: “Eskolak aukera dauka gai honekin lan egiteko, baina horretarako irakasleak formatu behar dira. Irakasleok, ordea, beldurra diogu sexualitatearen gaiari; oraindik ere Lehen Hezkuntzan norbaitek etorri behar du kanpotik gizakiaren sexualitateri buruz hitz egitera! Irakasleak denari buruz daki, baina gizakien sexu-harremanei buruz ez daki nahikoa eta kanpotik espezialista batek etorri behar du? A zer gauza arraroa sexua! Jabetzea, ahalduntzea falta zaigu. Familiak formatzea ere helburu bat da, baina ez da hain erraza”.
Hotza eta askatasuna
“Txarra al da ba minigona jantzi, makillatu eta takoiak erabiltzea?” galdetuko du batek baino gehiagok. “Bakoitza nahi duen bezala joan dadila –dio Amelia Barquínek–, baina presioak identifikatzeko gai izan gaitezela, erresistentzia txikiak egin ahal izateko. Zergatik dute neska ia denek ile luzea? Ez da kasualitatea”. Azken finean, sexualizazioa ere emakumeen askatasun ikurra bailitzan saltzen dute, sexualki aske diren emakumeen garaipentzat, baina orduan zergatik erreproduzitzen du ustezko askatasun horrek sexismoa eta objektualizazioa, muturreko feminitateari lotuta?
Testuingururik jartzen ez zaion askatasun indibidualaz mintzo da Ana de Miguel idazlea, Neoliberalismo sexual. El mito de la libre elección liburuan: “Diskurtsoa da edozein harreman mota legitimoa dela, harreman horretan inplikaturikoek onartu egin badute, eta diskurtso horrek patriarkatuaren mekanismoak ezkutatzen ditu, genero ezberdintasuna mantentzen duen hori nahi izatera bultzatzen gaituzten mekanismoak. Matxismo egoerak justifikatzen dira, esanez denak pertsona askeak eta berdinak garela, eta egoera horietara boluntarioki eta libreki iritsi garela, inongo presio motarik egongo ez balitz bezala”.
Versaceren soinekoa eta jakadun gizonak
Helen Lewis kazetariak Twitterren zintzilikaturiko irudiak zalaparta dezente sortu du sare sozialetan. Britainia Handiko Bafta zinema sarien galan, bost famatu ageri dira argazkian, terraza batean: Jennifer Lawrence aktore ezaguna erdian, oihal gehiegirik ez duen soinekoa jantzita, eta lau gizonezko inguruan, denak jaka jantzita. “Irudi hau hain da etsigarri eta esanguratsua. Gaur kalera atera naiz eta hotz izugarria egiten du”, dio kazetariak. Erantzun andana jaso du, bi norabidetan: nork bere gorputzaren gainean erabakitzeko aske garela aldarrikatzen dutenak, eta askatasun horren atzean presio ez beti ageriko ez beti kontzienteak daudela uste dutenak, inork pistola buruan jarri gabe hartutako erabakia izan arren barneratuta ditugun eredu/lehentasun batzuei erantzuten diela. Hona erantzun horietako batzuen bilduma eta protagonistaren beraren hitzak; norberak atera ditzala bere ondorioak:
“Ez zaizue burutik pasa emakumeak berak hartu zuela erabakia? Benetan uste duzue Jennifer ez dela gauza ezetz esateko?”, “besterik gabe, bere burua zirraragarri ikustea erabaki zuen”, “bere gorputza, bere erabakia. Gogoan duzue? Zine industriako puritanismo hau oso desatsegin bihurtzen ari da”, “espektatiba sozialez ari gara. Gizon guztiak goxo jantzita, eta gero soineko eder bat, moztua, oilo-ipurdi azalak sostengatu beharrekoa”, “uler dezaket emakume honek horrela jantzita atera nahi izatea, ados, bere erabakia izan zen, baina gizonak ere haragi pixka bat erakusten ikustea gustatuko zitzaidakeen, gauzak orekatzeko”, “eszena puntual honetatik harago, gakoa da kontu orokorra dela. Emakume asko ikusi ditut gona motzekin neguko ostiral gau hotzetan. Ibilbide luzeak egiten dituzte eta inoiz ez dute berokirik erabiltzen, euren burua ‘eder ikusteko’”, “egungo telebista saioen %99aren errealitate etsigarria da hau. Emakumea: denak hanka luze eta eskotearekin. Gizonak: trajea edo informal dotore”, “ez dagoen jakaren misterioa liburu eta pelikuletako gai errepikakorra da. Nire ondorioa da emakumeak inoiz ez direla hozten istorioetan”. Polemika ikusita, Jennifer Lawrencek berak ere erantzun zuen: “Versaceren soinekoa sekulakoa da; benetan uste duzue soineko eder hori beroki edo bufanda batekin estaliko nuela? Bost minutu baino ez nituen eman kanpoan, eta elurra ari balu ere aterako nintzatekeen soineko horrekin, moda maite dudalako, eta hori izan zen nire erabakia”.