Gazteberri / 2018-03-28 / 463 hitz
Asko dira Interneten erabilera oker batek gazteengan sor ditzakeen arazoak. Adituen ustez, pantaila aurrean denbora asko emateak gainestimulazioa eta arretaren dispertsioa eragiten du. Kasu larrienetan, gehiegizko erabilerak menpekotasuna eragin dezake eta, horrekin batera, arazo larriak sozializazioan.
2015. urtean txinatar gazte batek bere eskua moztu zuen Internetekiko zuen menpekotasuna zela eta. Gure artean halakorik gertatu ez bada ere, gazteek pantaila baten aurrean ematen duten denbora kezkagarri bilakatu da. Izan ere, gehiegizko erabilera horrek ondorio negatiboak izan ohi ditu gazteen harreman sozialetan eta euren eskola-errendimenduan.
Proyecto Hombre erakundeak ezagutzera eman dituen datuen arabera, 12 urtetik beherako gaztetxoen % 70 inguruk jada sakelako telefonoren bat du. 15 urteko nerabeen kasuan kopuru hori % 94raino haziko litzateke. Horietatik, ia erdiak gehiegizko erabilera egiten duela onartzen du. Gazteek gero eta ordu gehiago ematen dute konektatuta eta horrek, kasu gehienetan, ondorio negatiboak ditu, nagusiki, eskolan lortzen diren emaitzetan eta euren harreman sozialetan.
Gehiegizko erabilera horren adierazle garbienetako bat vamping izenarekin ezagutzen den fenomenoa dugu (ingelesezko vampire eta texting hitzekin sortutako terminoa). Horren baitan, nerabeek gaueko ordu txikiak arte izaten dira gailu elektronikoekin (nagusiki telefonoak) eta, ondorioz, behar bezalako atsedena hartu gabe joaten dira eskolara. Hainbat ikerketek azaldu dutenez, nerabe askok gaua aprobetxatzen dute sare sozialen bidez sozializatzeko edota gailu elektronikoekin jolasteko. Ikerketa baten arabera, 17 urteko gazteen % 85 inguruk sare sozialen batean (edo gehiagotan) du profilen bat. Sare sozialetan gazteek berdinen arteko harremanak izateko aukera dute eta, gainera, aurrez aurre eztabaidatzeko zaila egiten zaizkien hainbat gairen inguruan aritu daitezke. Nerabetasunean diren gazteak emozionalki zaurgarriagoak dira. Adin horretan gure nortasuna eraikitzen ari gara eta, horregatik, sarritan segurtasun-falta azal daiteke. Sare sozialek segurtasun-falta hori ezkutatzeko aukera ematen dute, segurtasun sentsazio faltsu bat eraginez. Printzipioz, horrek ez luke arazo handirik sortu behar, baina erabilera arriskutsua bilaka daiteke hainbat orduz luzatzen denean.
Fenomeno hori azaltzeko adituek nerabeek egunean zehar gustuko dutena egiteko dituzten zailtasunetan oinarritzen dira. Eskolak eskatzen dien esfortzua ez ezik, nerabe askok eskolaz kanpoko jarduerak ere burutzen dituzte eta, ondorioz, egunean zehar libre dituzten ordu bakarrak gauekoak dira. Gainera, gauean eta euren logelako intimitatean gazteek euren gurasoen kontroletik kanpo daudela sentitzen dute.
Teknologiaren erabilera okerraren adibiderik larrienetako bat online jokoan ikus daiteke. Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, Estatuko adingabeen % 10 inguruk online apusturen bat egin du noizbait. Gaur egun joko nahasmenduren bat duten helduen ia erdia 18 urte bete aurretik hasi zen jokatzen.
Adituen ustez, argazkia nahikoa garbia da. Hala ere, egoera hori emateko arrazoiak bilatzen direnean eztabaida handiagoa da. Hainbat adituren ustetan gizarteak berak horrelako gehiegizko erabilerara bultzatzen ditu nerabeak. Gaur egun, Eustaten datuen arabera, seme-alabak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen % 90 Internetera konektatuta daude. Kasu gehienetan, gainera, etxeetan Internetera konektatzeko gailu bat baino gehiago izaten da. Proyecto Hombreko kideen ustez, arazoa ez dago teknologia berrietan, horien erabileran baizik. Zentzu horretan, pasa den urtean Interneten gehiegizko erabilera egiten zuten 51 adingabe lagundu behar izan zituztela azpimarratu dute. Horrelako arazoak ekiditeko funtsezkotzat jotzen dute gurasoen papera.