Jon Eskudero / 2018-04-10 / 1586 hitz
Etzi beteko ditu hogei urte profesionaletan Aimar Olaizolak. Kirol ibilbide distiratsua izan du, hamalau aldiz jantzi baitu txapela Lehen Mailan. Binaka soilik hiru lortzeak ematen dio pena.
Hogei urte beteko dira etzi Aimar Olaizolak profesionaletarako jauzia eman zuela. 18 urterekin egin zuen debuta, eta askok etorkizun handia aurreikusten zioten, baina uste onenak gainditu ditu, hamalau txapela irabazi baititu Lehen Mailan: lau banaka, hiru binaka eta zazpi lau eta erdian. Modalitate horretan inoizko onena da. Bi hamarkadatan bizi izandakoak aztertu ditu, eta oraindik beste txapela bat janzteko itxaropenez dela aitortu du. Erretiroa urrun ikusten du.
Ez zinen oroitu ere egiten hogei urte igaro zirenik debuta egin zenuenetik.
Kazetari asko izan ditut deika azken egunetan, eta haiek gogorarazi didate. Uste baino askoz azkarrago pasatu zait denbora. Adinean aurrera noa, baina oso pribilegiatua sentitzen naiz oraindik goi mailan nabilelako.
Bizitza osoa daramazu pilotari lotuta. Ez al zara aspertu?
Pilota gustatu egiten zait; odolean daramat. Nire partidak ez ditut telebistaz ikusten etxean, ezta nirekin lotura zuzena dutenak ere. Adibidez, Altunak eta Martijak 22-21 Gasteizen galdu zuten hura ez nuen ikusi, nahiz eta ondoan bat baneukan emaitza esaten ari zitzaidana. Neure burua telebistan ikustea ez zait gustatzen. Hori bai, gainerako neurketa denak ikusten ditut, baita afizionatuenak ere. Pilota sentitu egiten dut.
Goizuetan hiru frontoi izaki, derrigorrean behar zenuen pilotari.
Partidak jokatzen 8 urterekin hasi nintzen, baina txikitatik beti nuen pilota eskuan. Anaia Asier ere pilotaria zen, eta harekin eta aitarekin makina bat ordu sartzen nuen frontoian. Gauzak asko aldatu dira. Egungo ume gehienak astean bi aldiz ibiltzen dira pilotan, eta eskolako bi orduekin nahi dute pilotari izan. Guk, berriz, egunean hiruzpalau saio egiten genituen. Gaur egun gutxi batzuk ere badute afizio latza, baina gehienek ordu gutxi sartzen dituzte.
Txikia eta pottoko samarra omen zinen.
Bai, baina orain baino partida gehiago irabazten nituen. 8 urterekin lorturiko txapel mordoa ditut, denak etxean gordeta. Gero gorputza aldatzen hasi zitzaidan, indar gehiago hartu nuen, eta 16 bat urterekin ikusi nuen zerbait egin nezakeela pilotan.
Nola indartu zinen? Goizuetan ez dago gimnasiorik.
18 urte bete arte ez nuen gimnasiorik ezagutzen. Mendira joatea zen nire afizioa, baina esango nuke gehienbat pilotan jokatzen indartzen nuela gorputza. Hernani aldera ere lauzpabost kilometro egiten nituen lasterka, baina gehiagorik ez. Debutatu eta gero beste lanketa batekin hasi nintzen, baina esango nuke lehengo erara egindako pilotaria naizela.
Debuta 18 urterekin egin zenuen, Lekunberrin. Nola gogoratzen duzu?
Egun berezia izan zen. Nire ametsa hura zen, eta oso zoriontsu sentitu nintzen. Soroa nuen kontra aurrean, eta nahi zuen guztia egin zidan, nahiz eta urte batzuk bazituen. Elurra egin zuen, eta jende askok arazoak izan zituen heltzeko. Halere, harmailak goraino bete ziren, eta egun ederra izan zen.
1998an debutatu zenuen, eta urtebetera lehen txapela lortu: Bigarren Mailako buruz burukoa.
Orain ez zaio garrantzirik ematen horri, baina orduan txapel hura irabaztea oso handia zen. Gainera, beti esaten zen pilotariak lehen mailakoa izateko bigarren mailako buruz burukoa irabazi behar zuela. Niretzat oso garrantzitsua izan zen hura.
Handik gutxira, oroimenerako irudi bat utzi zenuen. Sunbillan ari zinen, eta ezker horma buruarekin jo ostean odol putzu galanta egin zenuen lurrean. Ikusi al dituzu irudi haiek?
Uste dut iaz eman zutela telebistan, eta lagun batek bidali zidan bideoa sakelakora. Gure seme zaharrenak ikasi du aitari sakelakoa hartzen, eta lehengo batean bere kasa ikusi zuen. Asko beldurtu zen. Egia esan, nahiko beldurgarria izan zen. Momentu hartako ezer ez dut oroitzen, eta ospitalean bi egun egin nituen. Oraindik harritzen naiz nola hartu nuen kolpea, ezker pareta ez balego bezala joan bainintzen pilota jasotzera.
Buruan kolpea hartu arren, inor baino burutsuagoa izan zara beti. Nola lantzen da hori?
Norberaren jokatzeko era da gakoa. Burua oso garrantzitsua da, pilotarako eta bizitzarako, baina nire ezaugarriengatik irabazi ditut askotan partidak. Buruz patxadatsua izateak lau eta erdian lagundu dit gehien. Hura izan da nire modalitate gustukoena, eta horregatik ditut txapel gehien distantzia horretan: zazpi.
Beti zure onentxoena emateko gai izan zara, baita finaletan ere. Presioa hain ondo kudeatzea nola liteke?
Hori ere izaerarekin dago lotuta. Halere, nik ere egun txar askoak pasatu ditut urduritasunagatik, nahiz eta kanpotik ez iruditu. Etxekoek ondo dakite. Finalen bat jokatua badut lorik egin gabe. Inori ez diot kontatu izan, baina Bengoetxearen aurka Gasteizen lau eta erdiko finala gaupasa eginda jokatu nuen, duela bost urte. Ohean sartu, tentsioa agertu, buruari bueltaka hasi eta azkenean lorik egin ez. Eta bestela ere baditut gau txar askoak igaroak. Aita izan nintzenetik pixka bat ikasi dut presioa eramaten, ikusi baitut pilota ez dela inportanteena. Maniak izateak ez dit lagundu. Final aurretik beti gauza bera jaten dut, ordu berean, arropa bera jantzi…
Lau eta erdian zazpi txapel dituzu, baina banakako lehena 2005ean iritsi zen. Inoizko bereziena izan zen?
Baliteke, bai. Benetan diot ez nuela imajinatu ere egingo buruz buru txapeldun izan nintekeenik. Neure burua ez nuen ikusten onenen pare, kolpez ez bainaiz sekula bortitza izan, eta ezustea izan zen txapel hura lortzea. Gainera, finalean Irujoren kontra 16-8 ari nintzen galtzen, eta irabazteak poz galanta eman zidan. Urte hura mugarria izan zen.
Irujo aipatu duzu. Zure kontrario handiena izan al da?
Bai, baina bioi komeni izan zaigu kontrario izatea. Final pila bat jokatu ditugu elkarren aurka, eta urte askotan puntan ibili gara. Nire ibilbidean aurkaririk indartsuena Irujo izan da, baita garrantzitsuena ere. Hainbeste urtetan aurkari izan eta gero, egia da haren falta nabaritzen dudala. Pena handia izan zen gertatu zitzaiona; halakorik ez du inork merezi. Halere, haren faltan beste gazte batzuk agertu dira, eta kontrariorik ez dut falta: Altuna, Irribarria, Urrutikoetxea…
Zenbat gorabehera izan ote duzue Irujok eta biok, pilota hautaketetan batez ere. Nola da posible aldageletan alboan egotea?
Pilotariak horrela ohituta gaude, ez dago arazorik. Kanpoko jendea harrituta geratzen da. Kantxa barruan izan ditugu gorabeherak, mina eragin dutenak ere bai, bata zein besteari, baina jakin izan dugu harreman ona edukitzen. Aurkariak kantxa barruan soilik izan gara. Aldageletan lagunak, eta kalean ere bai.
Buruz buru lau txapela dituzu, baina lesio larrienak ere txapelketa hark eragin dizkizu. Lehena, besoan. Ruizen kontra airean galdu zenuen finala, 2003an. Zer ikasi zenuen hartatik?
Kritikak izan ziren finala era horretan jokatu nuelako, baina egia esan dezaket orain, ez baitut zer irabazi zer galdurik. Belokiren kontra haustura egin nuen besoan, baina hurrengo partidarako uste genuen itxita zegoela. Nire hutsa izango zen, eta medikuena ere bai. Berrindartze prozesurik ere ez nuen egin. Finalera joan nintzen ustez ondo nengoela, pilota hautaketan ere ondo bainengoen, baina finalean lehen sakea egitera joan eta berriz hautsi zitzaidan. Jendeak ez du sinetsiko, baina halaxe gertatu zen. Kritika ugari jaso nuen, esperientziarik ere ez neukan, eta gogortzeko balio izan zidan gertatuak. Orain ohituta nago. Bost urte badira prentsarik irakurtzen ez dudala.
Beste lesio larria ere Ruizen kontra izan zen: eskuin belauneko lotailu gurutzatu haustura.
Hogei urteotako unerik txarrena izan zen. Halere, beti izan naiz baikorra. Finalak galtzean ere pena hartu izan dut, baina ona izan naiz egoera zailei buelta ematen. Belauna hautsi eta hurrengo egunean bertan esan nion neure buruari ez zegoela atzera bueltarik. Positiboa izan nintzen, eta sei hilabete azkar pasatu zitzaizkidan. Hori bai, ez nuen uste hain ondo itzuliko nintzenik. Banuen beldurra.
Gainerakoan, lesio gutxi izan duzu. Non dago sekretua?
Nire gorputza zaintzea asko gustatu zait. Pilotari asko daude boladaka entrenatzen direnak. Buruz burukorako, adibidez, entrenamendu espezifikoak egiten dituzte, baina, kanporatuz gero, ez diote bide horri eusten. Ni, berriz, urte guztiko pilotaria naiz, hamabi hilabetekoa. Buruz burukoak adina garrantzi dute udako torneoek, eta enpresa ikuspuntua ere izan dut. Niri ere gustatzen zait lau bat egunez ezer egin gabe egotea, oporretan, baina bestela beti izan naiz oso profesionala, bai janarekin, parrandekin eta beste. Uste dut fisikoki horregatik indarberritzen naizela hain ondo oraindik ere. Cristiano Ronaldo eta Messik ere badute adina, baina ez dira kasualitatez hain onak.
Lau eta erdian, zazpi txapela, eta buruz buru, lau. Binaka, berriz, hiru soilik. Penarik?
Pozten nau galdera horrela egiteak. Kazetari guztiek hala galdetzen didate: zergatik hiru txapela bakarrik? Eta zuk penarik ba ote dudan esan didazu. Uste dut garbi dagoela zergatik diren hiru. Pilotari kasu apur bat egiten dionak jakin behar luke arrazoia, eta nik pena handia dut, bai. Nire helburua ez da inori meriturik kentzea, baina abantailak emanda jokatu dut kasik urtero. Txapelketak egin ditut txapela merezi izan ditudanak, baina hirurekin konformatu beharra daukat, oraingoz.
Pilotari onaz gain, beti izan zara elegantea: kexarik ez epaileei, keinu txarrik ez…
Berezkoa da. Beti izan naiz lasaia kantxan. Beste batzuk badira gehiago kexatzen direnak eta ezin egona agertzen dutenak, baina horrek ez du ezer esan nahi. Gero aldagelan lasaiak eta jatorrak dira. Beti saiatu behar genuke errespetu handiz jokatzen. Uste dut hogei urteotan soilik behin jo izan dudala epailearen aurka. Gero gaizki sentitu nintzen. Haien tokian ere jarri behar dugu, eta askotan telebistako errepikapenek ere zalantzak eragiten badizkigute, ezin gara hasi epaileei ezer leporatzen. Egun gazte gehienak askoz hobeto ikasita daude lehengoak baino.
Beste txapelik irabazteko esperantzarik ba al duzu?
Buruz buru oso zaila ikusten dut, ezinezkoa ia. Lau eta erdian gerra eman dezaket beste urte pare batez, eta binaka ilusioa badut txapeldun izateko. Akaso, denbora laburrera nik beharko dut laguntza atzeko koadroetan, baina hori gero eta beranduago iritsi, hobe izango da. Dena den, ez nuke nahi beranduegi ere izatea. Herren nagoenean erretiratu egingo naiz.
Ez duzu arrastaka ibili nahi.
Ez, ez. Aurten buruz buru jokatzeko pare bat buelta eman dizkiot buruari, baina uste dut oraindik gai naizela lanak emateko. Entrenamendu bat egin nuen, ondo sentitu nintzen, eta aurrera. Baina banaka jokatzeko kolpe freskoa behar da, eta hori galtzen ari naiz. Gainera, ez daukat ezer erakutsi beharrik ez neure buruari, ez jendeari, ez enpresari, eta nahiago dut garaiz hartu erabakiak.
Eta erretiratu ondoren, zer?
Gustatuko litzaidake pilotan segitzea, Asegarcen, ahal bada. Dena zor diot. Laguntza behar izan dudanean hor egon da, eta nire bigarren familia da.