Elizabeth Blackburn eta Carol Greider: Gure “erloju biologikoaren” funtzionamendua zehaztu zuten zientzialariak

Uxue Razkin / 2018-04-20 / 670 hitz

2009. urtean, bi emakume zientzialarik lortu zuten Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria. Ez da zientziaren historian halakorik errepikatu: Carol Greider eta Elizabeth Blackburnek Jack W. Szostakekin partekatu zuten saria; telomeroek kromosomak babesteko funtzioa zutela ikusi, eta Telomerasa entzima aurkitu eta identifikatu zutelako, hain zuzen.

Telomeroak kromosomen muturretan dauden egiturak dira. Horien helburua da kromosomen egituraren osotasuna bermatzea eta jakina, horiek babestea, kalterik sufri ez dezaten. Blackburnek berak irudi polit bat jarri zuen adibide gisa horien lana zein zen zehazteko asmotan: lokarrietako muturretan kokatzen diren plastikozko “txanoak” bezalakoak dira, horrela lokarrien ertzak ez dira inoiz zirpiltzen.

Zelula banaketa gertatzen denean, hau da, jatorrizkoa beste bi zelula alabetan banatzen denean, kromosometako telomeroak laburtu egiten dira eta zatiketa bakoitzarekin are laburragoak bilakatzen dira. Neurri minimora iristen diren arte, jakina. Une horretan, zelula hil egiten da. Telomeroak “erloju biologikoak” direla esaten da, zehazten baitute zelula batek bere bizitza osoan zehar izan dezakeen zatiketa kopurua.Hortaz, zelulen zahartzeaz eta ugaltze egokiaz arduratzen dira.

Horrez gain, minbiziaren garapenarekin lotuta daude. Izan ere, sufritzen duten laburtze prozesu hori ez da zelula guztietan gertatzen. Adibidez, zelula germinaletan, tumore-zeluletan eta enbrioizko zeluletan. Azken hauetan, Telomerasa entzima dago, zelulen heriotza saihesteko telomeroak luzatzea helburu duena. Hasiera batean, Blackburn eta Szostakek telomeroek DNA berezi bat zeukatela aurkitu zuten eta ondoren Carol Greiderrek, Blackburnekin batera Telomerasa aurkitu zuen 1984an, telomeroen DNA sortzen duen eta hortaz, “txanoa” luzatzeaz arduratzen den entzima, alegia. Tumore-zelulen kasuan, Telomerasa aktibo baldin badago, zelulak ez dira inoiz hilko eta gainera, etengabe ugalduko dira.

Telomeroen erreginak

Elizabeth Blackburn 1948an Hobarten (Tasmania) jaio zen eta Biokimika ikasi zuen Melbourneko Unibertsitatean. Biologia Molekularrean doktoratu zen, Cambridgen, 1975ean. Bere tesia azido nukleikoen sekuentziazioaren ingurukoa izan zen. Horren ondotik, beka bat lortu zuen bere doktoretza ondokoa egiteko Yaleko Unibertsitatean. Bertan, John Gallekin batera hasi zen Tetrahymena thermophila protozooaren DNAren telomeroak aztertzen. 1980an, azido nukleikoen inguruko bilera batean, Jack Szostackbiologo molekularra ezagutu zuen eta bion artean erabaki zuten telomeroen inguruko ikerketa sakon bat abian jarri nahi zutela. Ikerketa talde honetan Carol Greider sartu zen beranduago, 1984ko maiatzean.

Greider, bere aldetik, Biologian lizentziatu zen 1983an, Santa Barbaran dagoen Kaliforniako Unibertsitatean. UC Berkeleyn onartu zuten graduondokoa egiteko. Hain zuzen ere bertan ezagutu zuen lehenengo aldiz Blackburn eta berehala konturatu zen harekin lan egin nahi zuela. Elkarrizketa bat eskatu zion eta Greiderrek berak kontatzen du bulego horretan gertatu zena. Bilerak minutu bat iraun omen zuen: “Lehenik, bere laborategian lan egiterik banuen galdetu nion eta berak baietz esan zidan. Ondoren, galdetu nion ea aukera banuen telomeroen proiektuan lan egiteko. Horri ere baietz erantzun zidan. Asko emozionatu ninduen horrek. Telomeroak nola luzatzen ziren jakiteko irrikaz nengoen”.

Irrika horrek eraman zuen Greider Tetrahymena telomeroen luzatze prozesu horren atzean zebilen entzima identifikatzera: telomerasa. Zientzialariak 23 urte zituen hori gertatu zenean, 1984ko abenduan jazo zen eureka momentua. Aurkikuntza Cellaldizkarian publikatu zuten urtebete beranduago.

Horren ondotik, Cold Spring Harbor (New York) laborategira joan egin zen lau urte geroago. Han ARN telomerasaren genea klonatzeko saiakerak egin zituen. Era berean, Calvin Harley biokimikariarekin kolaboratzen hasi zen, zelula banaketa eta “erloju biologikoa” oinarri zuen ikerketa batean. 1997an John Hopkins Unibertsitatera (Baltimore) aldatu zen. Bertan, bi ildo nagusi zehaztu zituen helburu gisa: alde batetik, telomerasaren identifikazioarekin jarraitzea eta bestetik, tumoreen hazkundean, telomeroek duten papera ikertzea. Egun, Biologia Molekularra eta Genetika Saileko zuzendaria da. Telomeroak, ugaztunetan telomerasak duen papera, eta horrek eragin ditzakeen endekapenezko gaixotasunak ikertzen ari da.

Blackburnek, bere aldetik, Biologia Molekularra sailean jarraitu zuen lanean, Berkeleyn. Ondoren, San Franciskon dagoen Kaliforniako Unibertsitateko Mikrobiologia eta Immunologia departamentura aldatu zen 1990ean. Hiru urte geroago, sail horretako zuzendari izendatu zuten, kargu hori lortzen lehendabiziko emakumea izan zen. Egun, sail honetako zein Biokimika eta Biofisika departamentuko katedraduna da.

Sariei dagokienez, nabarmentzekoa da biek ala biek hainbat lortu dituztela. Esanguratsuenak honakoak izan dira: Albert Lasker Saria (2006), Greiderrek, Blackburnek eta Szostakek jaso zutena; Gall eta Blakburni Louisa Gross Horwitz Saria (2007) eman zioten eta azken honek Greiderrekin batera, Paul-Ehrlich eta Ludwig-Darmstaedter jaso zuen 2009. urtean.

Iturriak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.