Kristina Berasain Tristan / 2018-04-18 / 1547 hitz
Bangladeshko ehungintzan baldintza eskasetan ari diren langileen ahotsa da Akter. Rana Plaza lantegia erori zenetik bost urte bete diren honetan —1.138 langile hil ziren—, segurtasuna hobetzea ekarri zuen ituna iraungitzear dela ohartarazi du.
«Zer dakizue Bangladeshez?». Kalpona Akterrek (Chandpur, Bangladesh, 1976) galdera horrekin hasten du hitzaldia. Inor gutxik eskua altxatzen duela ikusita, bigarren galdera bat egiten du. «Begiratu soinean daramazuen arroparen etiketa. Nire jaioterria agertuko da». Hitzaldiaren bukaeran itaunketarekin jarraitzen du. «Zer egin dezakezue entzun duzuena entzun eta gero? Erantzuleak al zarete?». Akter ehungintzako langileen eskubideen aldeko ekintzailea da, eta, jaioterrian ez ezik, nazioartean ere saiatzen da kontzientziak astintzen. Parisen, Bruselan, Berlinen eta Amsterdamen dabil egunotan. Euskal Herrian izan berri da ere; Setem Hego Haizearen eskutik hitzaldiak eman ditu Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Donostian aritu aurretik mintzatu da BERRIArekin.
Rana Plaza erori zela bost urte beteko dira asteartean. Nola gogoratzen duzu tragedia hura?
Istripu edo tragedia hitza erabiltzen dira, baina nik gorroto ditut hitz horiek. Gizakiak eragindako hondamena izan zen, iragarrita zegoelako eta eragotz zitekeelako. Gobernuak, enpresariak eta multinazionalak izan ziren erantzuleak. Bederatzi solairuko eraikin bat zen, eta langileek egunak zeramatzaten ohartarazten eraikinak arrakala handi bat zuela. Egun horretan ez zuten sartu nahi izan, erori egingo zen beldurrez, baina jabeek mehatxatu egin zituzten, lan egitera behartu zituzten. Esan zuten eraikinak ehun urte iraungo zuela zutik, eta ehun minutu ere ez zuen iraun. Emaitza badakizue: 4.000 lagun zeuden barruan, eta 1.138 hil ziren, Beste 2.000 zauritu ziren; 600, betirako zauriekin.
Zerbait aldatu al zen egun horretan?
Begiak irekiarazi zituen. Rana Plazakoa mugarri bat izan zen langileen baldintzak hobetzeko. Bangladeshko Akordioa sinatu zen sindikatuen, enpresari eta multinazionalen artean. Oihartzun handia izan zuen munduan, eta hori baliatu genuen presio egiteko. Ordura arte multinazionalak oso uzkur agertu ziren, baina gertatutakoa gertatu eta gero behartuta sentitu ziren itunarekin bat egitera. Rana Plazakoaren ostean 220 enpresak sinatu dute dokumentua, europarrak gehienak. Akordioa betearazlea da, eta blindatuta dago. Lantegiak seguruagoak dira orain, baina aurretik hil zirenak ez ditugu ahaztu behar; 2005. eta 2013. urteen bitartean 3.000 lagun hil ziren eraikinak erori zirelako edo su hartu zutelako. Akordioaren garrantziaz ohartzeko, esan beharra dago 2016an pertsona bakar bat ere ez zela hil. Ituna, beraz, oso eraginkorra izan da.
Aurretik, baina, izan ziren segurtasunaren inguruko kexuak…
Hiru urte lehenagotik ari ziren segurtasun baldintzez kexatzen, baina hondamen horren ostean ohartu ginen zenbateraino ziren kaskarrak, zer-nolako arriskuak hartzen ari ginen industria honetan lan egiteagatik. Baina, bai, aspalditik ari ginen itun bat aldarrikatzen, bereziki 2010etik. Urte hartan, beste hondamendi bat gertatu zen: 29 langile hil ziren lantegi batean izandako sutean larrialdi ateak ez zirelako ireki.
Zer ekarri du Bangladeshko Akordioak?
Orain, lantegien barruan segurtasun batzordeak daude. Lehen, pentsaezina zen hori. Eraikinek egitura arazoren bat baldin badaukate, ikuskaritza bat egiten da, txosten bat egiten da, eta itxi egin dezakete lantegia. Dozenaka itxi dituzte bost urte hauetan. Ikuskaritzak ekintza planak egitera behartzen ditu lantegiak, eta, akordioari esker, ixten diren lantegi horietako langileak beste lantegi batzuetan lana ematera behartuta daude enpresak. Akordioa gardena da, idatzita dago, eta denen eskura dago.
Lantegi guztiek egin al dute bat akordioarekin?
Ez. 1.600 lantegik egin dute bat, baina, orotara, 4.500 daude; hortaz, lantegi asko daude akordio honetatik kanpo, eta, beraz, bi milioi langileren segurtasun baldintzak ankerrak dira oraindik ere. Bide handia dago egiteko. Enpresa gehiago ekarri behar ditugu akordiora, eta esan beharra daukagu ituna iraungitzear dagoela, maiatzean amaitzen da, eta haren hedapena 2021. urtean. Gobernuek eta enpresek ez badute akordioa berritzen, berriz ere atzera egingo dugu.
Zeintzuk dira, segurtasunetik harago, lan baldintzak?
Bangladeshen ehungintzaren industrian lau milioi lagunek egiten dute lan, eta horietako %80 emakumeak dira. Industria feminizatuta dago. Hiru milioi emakume daude zuentzako arropa egiten lan baldintza latzetan eta ankerretan. Egunean 12-14 ordu, astean sei egunez, miseriazko soldata jasotzeko: hilean 68 dolar. Gutxieneko soldata da hori, eta ez du irauteko ematen; aintzat hartu behar da seme-alaba asko izaten direla eta, batez beste, soldaten %40 etxebizitzara bideratzen dela. Pobrezian bizi dira herritar gehienak.
Industria feminizatua dela diozu.
Guztiz. Eta emakumeek, lan baldintza ankerrez gain, jazarpena pairatzen dute. Oso ohikoa da indarkeria sexista. Lantegietako arduradunek emakumeak ukitzen dituzte, eta hizkuntza sexista erabiltzen dute euren kontra; oso ohikoa da emakumeak hitzez iraintzea, jotzea, eta asko eta asko haurrak baino ez dira.
Zu zeu 12 urterekin hasi zinen lanean…
Bai. Nik ere jasan dut indarkeria matxista, ekintzez eta hitzez. Hau guztia ez dut esaten liburuetan irakurri dudalako, baizik eta nire esperientziagatik. 12 urterekin hasi nintzen lanean. Aita gaixotu egin zen, ni etxeko zaharrena nintzen, eta, amak txikienak zaintzen zituenez, lanean hasi nintzen. Hilean sei dolar kobratzen nituen egunean 16 eta 18 ordu artean eta astean sei egunez lan egiteagatik. Baldintzak oso txarrak ziren: egun osoan eserita, ariketa bera egiten, eta, hori gutxi ez, eta nagusien jazarpena jasan behar zenuen: akatsen bat egiten bazenuen, jo egiten zintuzten. Segurtasun baldintzarik ere ez genuen. Behin sute bat izan zen, hamargarren pisuan, eta piztu eta bi ordura utzi ziguten ateratzen; ordura arte, larrialdi ateak blokeatuta eduki zituzten.
Nola hasi zen zure borroka?
Lanean hiru urte neramatzanean, soldata murriztuko zigutela esan ziguten, eta protesta egin nuen, beste lankide batzuekin batera, ez gure eskubideen berri nuelako, baizik eta diru hori behar nuelako. Handik urtebetera kanporatu ninduten. Orduan hasi ginen antolatzen, eta orduan jakin nuen eskubideak genituela, legeak zeudela. Egun horretan berriro jaio nintzela esan dezaket. Ikasten hasi nintzen, eta borrokatzea erabaki nuen, ez soilik nire eskubideengatik, baizik eta langile guztien eskubideengatik.7 urteko haurrekin egiten nuen lan, pentsa!
Elkarte bat ere sortu zenuen…
Bai. 2000. urtean sortu genuen BCWS Bangladeshko Langile Elkartasunerako Zentroa. Langileak euren eskubideaz informatzen ditugu, legeez, antolaketaz, sindikalismoaz. Aholkularitza eta babes juridikoa ematen diegu, baita hezkuntza ere; askok irakurtzen ere ez dakite. 2010ean, kartzelan sartu gintuzten, eta lau urtez debekatu egin zuten gure elkartea. Kriminalizatu egiten dituzte ahotsa aldatzen dutenak; ekintzaile asko daude kartzelan. Lankide bat hil zuten, 2012an: Aminul Islam.
Lehen ministroak esan izan du «nazioaren aurkariak» zaretela. Arriskuan al zaude?
Ezin dut esan beldurrik ez dudanik. Goizean, esnatu eta amari agur esaten diodanean, ez dakit gauean etxera itzuliko naizen. 15 urterekin hasi nintzen borrokan. Zalantzak nituen, eta amarengana jo nuen. Berak esan zidan beti egon behar zuela norbait injustizien aurka ahotsa altxatuko zuena. Horrek indarra eman zidan, baita borrokan ari zirenek ere, beldurrik ez dutenek, eta horietako bat izatea erabaki nuen. Aldaketak lortzen dituzunean, txikiak badira ere, itxaropentsua da. Ahotsa altxatzen hasi nintzenetik errepresaliak jaso ditut, baina borrokan jarraituko dut.
Sindikatuak egotea ere lortu duzue.
Bai. Legeak horretarako zirrikitua uzten baldin badu ere, sindikatuak sortzea oso zaila izan da beti, halako murru politiko ikusezin bat zegoen sindikatzea debekatzen zuena. 2013. urtera arte 146 sindikatu zeuden, baina benetan 25ek baino ez zuten zerbait egiten. Rana Plazarenaren ondoren, leihotxo bat ireki zen ikuspuntu horretatik ere. Ordutik, 500 sindikatu sortu dira, baina esan beharra dago horietako askok oso mugatua dutela euren jarduna, ezin dute negoziazio kolektiborik sustatu; hortaz, urik gabeko itsaso bat izatea bezala da. Bost urtean 200 sindikatu desagertu dira, eta geratzen diren 300 horietatik asko sindikatu horiak dira, ezer gutxi egiten dutenak, sarri enpresarien alde egiten dutenak. Gaur egun, soilik 50 lantegitan daukate negoziazio kolektiboa; beraz, porrot izugarri batez hitz egin behar dugu.
Ituna arriskuan ikusten al duzu?
Gobernua eta enpresariak oso uzkurrak dira, eta joko zikina egiten ari dira, lan baldintzak hobetzea ekarriko lituzkeen protokoloak trabatuz. Enpresariek botere asko daukate, diputatuen %30ek zuzenean dute lotura sektorearekin, eta, askotan, lantegietako jabeak dira; beraz, dena lotuta dago. Nire lagun batek dioen bezala, politikariek ez dute jainkoa entzuten, multinazionalak baino ez dituzte entzuten. Eta urteotan 6.000 langile kanporatu dituzte, antolatzeagatik. Zerrenda beltzetan sartzen dituzte, eta gero ezin dira beste lan batean aritu. Izena aldatu behar izaten dute, baina orain argazkiekin ere fitxatzen dituzte. Paperean idatzita dagoena betearazi egin behar da. Guk borroka horretan jarraituko dugu.
Hirugarren munduko emakumeek ia esklabo gisa egiten dute lan lehen munduko emakumeak dotore jantz daitezen. Zer esango zenieke lehen munduko emakumeei?
Bangladeshen, Indian, Kanputxean, Myanmarren, El Salvadorren… Ehungintzan lan egiten duten emakumeengan pentsatzeko eskatuko nieke, hausnartzeko zein diren euren baldintzak, elastiko bat erosten dutenean, hiru eurotan, pentsa dezatela nork egin duen hiru euroko kamiseta hori. Erantzukizunen bat ote daukaten galdetuko nieke. Ba al dakizue nondik datorren soinean daramazuen arropa, nork egiten duen, zein baldintzatan? Kate horretako zein begi zaren? Zer egin dezakezu hurrengoan arropa erosten duzunean? Zeuen buruari galdera horiek egiteko eskatzen dizuet. Eta zuen kontsumo ohiturak aldatzeko. Erotuta zaudete! Zenbat beroki zituzten zuen amek? Zuen amonek? Zenbat dauzkazue zuek? Egun bakoitzerako bat behar duzue, bat larunbaterako, beste bat iganderako… Zergatik? Logika hori irauli egin behar da. Kontsumitzaileek eta langileek batera egin beharko genuke borroka hori.
Boikotaren kontra agertu zara.
Ez erostea ez delako irtenbidea. Letra larriz diot: boikotari ez! Lau milioi lagunek behar duten lana da! Ezin dugu onartu baldintza horietan lan egitea, baina lana beharrezkoa daukate. Duintasuna baino ez dugu eskatzen, eta horretarako aski litzateke jantzi bakoitzeko 50 eta 70 zentimo artean gehiago kobratzea, horrek ekarriko luke soldata hirukoiztea edo laukoiztea. Bangladeshko ekonomian oso garrantzitsua da ehungintzaren industria; esportazioen %80k industria horretan dute jatorria, eta 19.000 milioi dolarreko negozioa sortzen du.
Hemen ere baldintza eskasetan egiten dute lan dendetako saltzaile askok…
Bai. Zarako langileek lan baldintza duinak ote dituzten ere galdetu beharko genuke. Kontsumitzaileek zeresan asko daukagu, emakume gisa, feminista gisa, emakumeen arteko elkartasuna aldarrikatu eta praktikatu behar dugu. Hemengo langileak ere lan baldintza kaskarretan egiten dute lan; beraz, borroka bera da. Bangladeshko emakumeek hemengoen berri ere izan behar dute. Zarak Eusko Jaurlaritzarekin osasunaren alorrean itun bat sinatu zuela jakin dut. Sekulakoa da! Ez du balio milioiak ematea gero hemengo eta hango emakumeak lan baldintza horietan izateko. Multinazionalek ez lukete soilik irabazien parametroetan funtzionatu behar. Langileen baldintzatan pentsatu beharko lukete, euren duintasunean.