Hong Kongetik Bilbora arteko bidea auto-stop eginez egin du Mugak, eta hamar hilabeteko bidean etorkizuneko emakumeei bakarrik bidaiatzeko autonomia eskaini diela uste du.
Bidaiatzea betitik izan du gustuko Paula Mugak (Tenerife, Espainia, 1994); herrialde eta kultura ezberdinak ezagutzea. 2016ko urrian Hong Kongetik Bilbora itzultzeko bidaia egin behar zuenean, ohiko bidea ez egitea erabaki zuen, eta auto-stop egiten itzuli zen. 2017ko abenduan iritsi zen etxera. Egun, Dominikar Errepublikan bizi da, baina Google Maps beti du zabalik, hurrengo bidaia nora egin erabakitzeko.
Hong Kongetik Bilbora 10.000 kilometro daude. Zergatik itzuli zinen auto-stop eginez?
Eta zergatik ez? Mapa ikusi, eta ez nuen trabarik ikusi bidaia hori ez egiteko. Bizitza lasaia esperimentatu nahi nuen, lurralde bakoitzeko espezieak dastatu, bertako soinuak entzun, eta jakintza berriak ezagutu. Komunitate batetik bestera igaro nahi nuen, elkarren arteko antzekotasun eta ezberdintasunak ezagutzeko. Auto-stopa, gainera, sekulakoa iruditzen zait, beste modu batean ezagutuko ez zenituen errealitateak ezagutzeko aukera ematen dizulako. Gidariek harrituta hartzen ninduten nire istorioak entzuterakoan, baina, euren egunerokoaz galdetuta, gehiago ikasten nuen nik haiengandik.
2.000 euroko aurrekontutik 100 euroko soberakina eduki zenuen. Ekonomia masterra atera duzu bidaian?
Nire bidaiatzeko moduak ez du gastu handirik eskatzen. Ingurumenarentzat hobea da, gainera, eta askoz ere dibertigarriagoa ere bai. Bidaiatzea aberatsentzako gauza bat dela esan izan digute, baina gizakia beti egon da mugitzen. Egia da luxu guztiekin bidaiatu nahi bada aberatsa izan behar dela, baina ez du zertan horrela izan.
Nola definituko zenuke esperientzia?
Uste dut zorte handia izan dudala esperientzia hori bizi izan dudalako. «Aberatsa naiz, eta ez daukat ezer», pentsatu izan dut maiz. Txinako familia baten mandioan esnatzen nintzen, eta inoiz baino aberatsagoa nintzela sentitzen nuen. Baina egun horretan txineraz hitz batzuk ikasi ondoren, are aberatsagoa sentitu nintzen.
Nolakoa zen Hong Kongen zegoen Paula, eta nolakoa Bilbora iritsi zena?
Bilbora iritsi zen Paula abiatu zena baino mila bider ezjakinagoa da. Hainbeste tradizio, kultura, historia eta geografia ezagututa ere, hori guztia desikasi behar izan nuen. Zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta gutxiago nekien. Zenbat pertsonak ez ote didate esan euren jainkoa zela benetakoa! Turbantedunek, belodunek eta ilea larru arras moztua zutenek esan didate hori. Halako fedez esanda, nik denei sinetsi nien.
Kultura eta herrialde ugari zeharkatu zenituen. Zein harrera egin zizuten?
Komunitate bakoitzeko nirea sentitzen dudan familia bat topatu nuen. Jende askorekin gurutzatu nintzen bidaia horretan, eta askok mesfidati begiratzen ninduten. Zera pentsatzen zuten: «Zer egiten du hemen gure hizkuntza ere ez dakien neska honek?». Nik orduan irribarre egiten nien, eta, azkenerako, haiek ere irribarre egiten zuten.
Bakarrik bidaiatzeak zertan eragin dizu?
Matxismoak bidaia guztian zehar kolpatu ninduen: Txinatik Bilboraino. Baina hori ez dago bidaiarekin lotuta; emakume guztiok pairatzen dugun zerbait da, bidaiatzen, etxean ala bulegoan izan. Gainera, emakume izanda bakarrik bidaiatuta, sentitzen dut bidea ireki diedala belaunaldi berriei.
Zer eskaintzen du bakarrik bidaiatzeak?
Munduari beste era batean begiratzen diozu, eta elkarrizketak ere ezberdinak dira.
Zein da zure hurrengo bidaia?
Oraingoz Dominikar Errepublikan nago, goizero lanera joan eta gizartearen monotonia ezagutzen. Hala ere, nire ordenagailuan Google Maps beti dago zabalik. Nire ahizpa Australian bizi da egun, eta hango itsasontzietan lan egitearen truke jana eta lo egiteko aukera ematen dizun plataforma batean izena eman dut. Ez dago eperik, baina ozeanoari begiratu, eta, Hong Kongetik abiatu aurretik bezala, neure buruari esaten diot: «Zergatik ez?».