Ariane Kamio / 2018-05-28 / 685 hitz
Nafarroako idazle euskaldunen antologiaren lehen liburukia argitaratu du Nafarroako Gobernuak, Asier Barandiaran (Galdakao, 1970) koordinatzaile. Bernard Etxepareren lanetatik abiatu eta Franzisko Laphitzerainokoa da ibilbidea. Erdi Aroa, Errenazimentua eta Erromantizismoa hartzen ditu tartean. Bidean dira XX. mendetik aurrerakoak biltzen dituzten liburuki gehiago.
«Egile nafarren euskal literaturaren antologia». Izenburu potoloa du antologiak. Nondik sortu zen proiektua? Zer helbururekin?
Proiektua sortu zen Vianako Printzea erakundearen ekimenez. Vianako Printzea da erakunde bat Nafarroako Gobernuko parte dena eta ardura daukana Nafarroako kultura sustatu eta errekuperatzekoa. Momentu baten konturatu dira egin beharra zegoela euskal literaturaren antologia bat, baina egile nafarrek egindakoa. Egin gabe zegoen zerbait da. Orain dela urte batzuk egin zen antologia bat egile nafarrena, baina batez ere kontuan hartu zen gaztelaniaz idatzitakoa, ez zen kontuan hartzen euskaraz ekoitzitakoa. Ikusi zuten hutsune hori bazegoela eta euren ekimenez martxan jarri zen proiektu hau. Aurreneko pauso batzuk egin zituzten ea nor arduratu zitekeen horretaz erabakitzeko, eta, saiakera batzuen ondoren, niregana jo zuten. Koordinatzaile lana egitea tokatu zait, eta testu batzuen antologiagile lana ere egin dut.
Dagoeneko atera dugu lehenengo liburukia, Erdi Arotik Errenazimentura eta Erromantizismora. Hau da, literaturaren sorreratik XIX. mendea bukatu arte. Hori izan da lehenengo liburukia. Baina proiektuak baditu beste pauso batzuk eman beharrekoak eta hurrengoa izango da XX. mende hasieratik 1975. urtera arte. Eta gero beste liburuki bi aterako dira, baina horretaz aurrerago hitz egingo dugu.
Liburu honetan Etxeparetik hasi eta Franzisko Laphitzerainoko bidea egiten da. Zer berezitasun aurkitzen dira?
Esango nuke garbi asko geratu dela Nafarroako euskal literatura, edo egile nafarren euskal literatura, momentu garrantzitsuetan beti egon dela hor presente. Askotan egon da literatura sistemaren erdigunean, eta, Euskal Herriko literatura sistema kontuan hartzen badugu, nafarrek egindakoa askotan izan da mugarria, edota, bestela, ekarpen garrantzitsuak egin dituzte autore nafarrek.
Beste ezaugarri bat, lehenengo liburukian agertu ez dena, da, nahiz eta nafarrak ez izan, euskaldun asko Nafarroako sistema literarioaz baliatu zela bere lanak produzitzeko. Inprentei buruz hitz egiten ari naiz. Garai batzuetan hemen inprenta garrantzitsuak egon dira eta euskaraz ekoiztu diren hainbat lan literario hemen inprimatu izan dira.
Beste ezaugarri bat aipatzekotan, Nafarroan beti egon da halako lotura bat, beharbada arrazoi historikoengatik, egungo mugaz bestaldeko euskaltzaletasunarekin edo euskalduntasunarekin edo euskal sistema literarioarekin, batez ere Nafarroa Beherearekin, garai batean Nafarroako Erresumako parte izan zelako. Baina gaur egun ere “Iparraldea” deitzen diogun horrekin bada halako harreman berezi bat, beharbada beste lurraldeetan horrenbeste ematen ez dena.
Zer testu mota aurki daitezke?
Euskal literaturaren historian agertu diren testu mota antzerakoak daude hemen. Nagusi dira testu erlijiosoak. Hau antologia literario bat da, eta badakigu Nafarroan beste testu asko ere argitaratu zirela euskaraz; aldiz, testu erlijioso hutsak dira, balio literariorik gabeak. Baina testu erlijiosoen barruan badira batzuk balio literarioa dutenak. Adibidez, “Linguae vasconum primitiae” testu erlijioso bat da neurri handi batean, zeren kristau doktrina irakasten da bertsoz eta modu eder batean. Liburu horretan bertan badira beste parte batzuk non maitasunezko bertsoak ere badauden, euskarari gorazarre egiten dioten bertsoak.
Antzera gertatzen da “Gero” liburuarekin ere: irakaspen erlijioso bat transmititu nahi da baina modu estetiko eder batean, hainbat istorioz baliatuta, hainbat esamolde bereziz baliatuta. Hor dago balio literario hori.
Antzerako zerbait gertatzen da Joakin Lizarragaren testuekin. Testu erlijiosoak dira, baina bertsotan kontatuak, historia edo narrazio labur gisa kontatuak kasu askotan. Nolabait, irakaspen testuak direnean, erretorika berezi bat erabiltzen da entzulearen arreta erakartzeko eta hor dago ahalegin literario hori.
Gero, Erromantizismoan, baditugu testu batzuk mitikoagoak, iraganarekiko miresmen batek bultzatuta eginak, halako testu erromantikoak. Galdutako zerbaitekiko halako miresmenezko begirada duten testuak.
Testu askotan garaian garaiko euskara mantendu da, baina ikusten da lan aldia dagoela hitz zenbaiten azalpena ematerako orduan, hiztegi moduko bat osatuz.
Adibide bat aipatuko dizut, Bernard Etxepareren zatiarena. “Linguae vascomun primitae” japonierara itzuli duen Sho Hagio japoniarrak egin du eta bere erabakia izan da mantentzearena jatorrizko idazkera, jatorrizko ortografia, ortotipografia eta hainbat orri azpiko ohar eranstea. Hori izan da bere erabakia. Gainontzeko kasuetan erabili ditugu kasu gehienetan dagoeneko nolabait moldatuta dauden testu batzuk, guztiz bat ez datozenak euskara batuarekin. Moldatuta esaten dudanean ez dut jatorrizko grafia erabilita esan nahi, baizik apur bat hurbilduta gaur egungo idazkerara. Baina ez guztiz bat etorrita euskara batuaren arauekin, hor tarteko zerbait. Zertarako? Gaur egungo irakurleak ulertzeko, baina, aldi berean, erakusteko garai batean nola idazten zen.