Blockchain: katea eta nodoak

Edu Lartzanguren / 2018-05-04 / 1031 hitz

Internetek planetan eragindako iraultzarekin parekatzen dute orain bloke kateen teknologiak ekarriko duena. Adituen arabera, ikusmina justifikatuta dago, eta dagoeneko ari dira egitasmoak gauzatzen Euskal Herrian. Gizarte taldeei dei egin diete aukeraz baliatzeko, bestela kapitala pilatzen jarraitzeko erabiliko delakoan.

Kategorikoa da Oscar Lage Tecnaliako zibersegurtasun arduraduna: «Internetek eragindako aldaketaren adinakoa bizi izaten ari gara oraintxe blockchainarekin». Bi urte daramatza Tecnaliak bloke katearen aukerak lantzen. «Duela bi urte inork ez zigun sinesten esaten genuenean blockchainak mundua aldatuko zuela. Aurten edo datorren urtean hasiko dira teknologia horren erabileraren kasu errealak zabaltzen hementxe».

Bitcoin eta beste hainbat kriptodibisaren arrakastaren atzean dago blockchain teknologia. Informazioa bloketan sortzen da, eta kate moduan antolatzen da sistema horretan. Bloke batean dauden datuak ezin dira aldatu edo ezabatu atzetik datozen bloke guztiak ukitu gabe. Gainera, sareko kide guztiek dute katearen kopia. Horri guztiari esker, ezinezkoa da iruzurra. Modu erraz, automatikoan eta doanekoan lortzen du blockchain teknologiak fidagarritasun hori. Erregistro liburu bat bezalakoa da, baina egia ziurtatuko duen notario edo agintari zentralik gabekoa.

Blockchaina dagoeneko erabiltzen ari dira hainbat aplikaziotan, eta halako kasuak azalduko dituzte maiatzaren 23rako Donostiako Miramon teknologia parkean antolatua duten jardunaldian. Industria 4.0 delakoaren testuinguruan erabiltzen ari dira, baita energiaren banaketaren munduan ere, sare elektriko adimendunak sortzeko. Administrazioan ere ari dira sistema ezartzen: EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea egitasmo pilotu bat probatzen ari da, gobernuaren kontratisten erregistroa blockchain teknologian oinarritzeko.

Industrian asko erabil daiteke: eraso informatikoetatik babesten du, datu guztiak zeuden bezala berreskuratu ahal direlako. «Ziurtasunez jakingo dugu inork ez dituela datuak aldatu gure makinek gaizki funtziona dezaten», esan du Lagek. Horrez gain, segurtasun horrek aukera emango du industria askoz gehiago automatizatzeko. «Lasaiago utziko diegu makinei erabakiak hartzen». Lantegi adimenduna beste lantegiekin koordinatuko da, eta elkarrekin negoziatuko dute, blockchainak ahalbidetzen dituen kontratu adimendunen bitartez. Lantegi batek blockchain batez honako hau adieraziko luke: «Norbaitek hau niretzat fabrikatzea behar dut, kalitate honekin». Lantegi adimendunek eskaintzak egingo lituzkete, automatikoki. Merkeenak jasoko luke enkargua, eta ekoizten hasiko litzateke berehala. Hilabeteak behar ditu orain prozesu horrek. Blockchainarekin, segundotan egingo dela uste dute teknologoek. «Produkzioa Asiatik Euskal Herrira berriz ekartzeko aukera emango liguke, serie txikiak eta produktu pertsonalizatuak eta adimendunak egingo liratekeelako», esan du Lagek.

Merkatu globalean funtsezkoa eta ezinbestekoa da konfiantza, ezezagunekin lan egin behar delako. Blockchainak sortzen du konfiantza hori.

Eusko Labela

Bloke katea erabiltzen hasi da Eusko Jaurlaritzako Landa, Itsasertz eta Elikagaien Sustapenerako Fundazioa —Hazi— Eusko Label etiketadun haragia kontrolatzeko. «Blockchainak aukera ematen digu ziurtatzeko sarturiko datu guztiak egiazkoak direla, eta inork ezingo dituela atzetik aldatu», esan du Goio Manrique Haziko Informazio Sistemen zuzendariak. «Notario bat bezalakoa da, baina denbora errealean».

Bloke sarea sistema banatua da. Hau da, ez dago hierarkiarik informazioa ematen duen eta jasotzen duenaren artean; nodo guztiak berdinak dira. Hori ezaguna da lehendik ere peer to peer komunikazio sistemetan. Torrent baten bidez fitxategi bat saretik hartu duen edonork hartu du parte halako batean.

Azken ia 30 urtez aritu da haragiaren kontrol lan hori egiten Hazi fundazioa Eusko Label etiketarekin. Orain auditoriak egiten dizkiote urtero, lan hori ondo egiten duela ziurtatzeko. «Blockchainekin, sistemak berak ziurtatuko du ondo ari garela», esan du Manriquek. «Une oro ikusi ahalko da nola egiten diren gauzak, eta, gaizki eginez gero, berehala geratuko da bistan, eta betirako erregistratuta».

Egitasmo pilotua abiatu du Hazik behikiaren kontrola blockchainean oinarritzeko. «Probatan gabiltza», esan du Manriquek. Hiltegitik dendarako bidea kontrolatzen ari dira dagoeneko. Urte amaierarako, prozesu osoa katean sartzea espero dute.

Blockchaina eta Eliza

Eliza katolikoak Nafarroan immatrikulazioekin egin duena ezingo zukeen egin blockchain teknologia lehenago asmatu izan balitz. Hala uste du Jose Miguel Blancok, EHUko Segurtasun Informatikoa irakasleak. Azken urteetan, Eliza katolikoak ehunka ondasun publiko bere izenean jarri ditu Jabetzaren Erregistroan, jasota ez zeudela baliaturik. Nafarroan bakarrik, 1.087 finka erregistratu zituzten 1998tik 2007ra. «Herritarrek, jende xumeek eta udalek ez dute izan modurik ondasun horiek erregistratzeko, garestia zelako, edo erregistro sistemarik ez zegoelako, Blancoren arabera. «Blockchain teknologiak aukera emango zien kosturik gabe jabetza erregistratzeko».

Blockchainak datuen demokratizazioa ekarriko duela ozen esaten ari dira horren ebanjelistak. Blancok ez du horren argi: «Sarea zabaltzean demokratizatu al da informazioa? Hein batean bai. Baina, haatik, beste fenomenoak agertu dira: informazioaren metaketa gertatu da Facebook, Google eta halako korporazio erraldoietan». Beraz, gaur edonork jaso eta sor dezake informazioa inoiz baino errazago, baina, aldi berean, gizateriaren istorian inoiz ezagutu ez den eskalako korporazioetan metatu da. «Blockchainarekin berdin gerta daiteke: teknologia banaketa ahalbidetzeak ez die galarazten koporazio handiei aukera horretaz baliatzea metatzeko». Lageren arabera, ordea, Interneteko artekari erraldoi horiek botere asko galduko dute datozen urteetan. Europan Googlerik gabeko sare bat sortzeko aukeraz mintzatu ziren azken Europako Goi Bileran, esaterako.

Blockchain teknologiak ez lituzke bakarrik Nafarroako herri ondasunak babestuko, baita edozein sortzaile, unibertsitateko ikertzaileak barne. «Guk artikulu bat aztertzera bidaltzen dugunean, fidatu behar dugu aztertzaileak ez digula ideia lapurtuko», esan du Blancok. Blockchain sistema batekin, bidali aurretik, eta betirako, erregistra dezake sortzaileak bere lana.

Prentsak azkenean topatuko al du modu bat sorturiko edukiengatik ordaina jasotzeko blockchainari esker? Hala uste du Lagek. Orain Google, Facebook eta Twitter geratzen dira hedabideek sorturiko edukiei esker lorturiko publizitatearen diruaren %70arekin. Baina ohar bat egiten die adituak hedabideei: eurek ere artekariak dira, eta blockchainak aukera emango die kazetariei zuzenean jasotzeko dirua irakurleengandik. «Hedabideek berriz asmatu beharko dute euren burua eduki biltegi gisa».

Aukera gizarte taldeentzat

Arriskua handia da, baina baita aukera ere. Tokian tokiko moneten kontua aipatu du Blanco irakasleak, euskoa kasurako. «Zabaltzeko muga handiak zituzten ekimen horiek. Baina blockchain teknologiarekin, euren burua kudeatu nahi duten komunitateek aukera dute ekosistema propioak sortzeko, orain arte inoiz ahal izan ez duten neurrian». Beraz, blockchainak ekonomia kapitalista izugarri indartu dezakeen bezala, bidea eman diezaieke alternatiba sozialei, «teknologiaz kontziente badira».

Horregatik, harrituta dago Blanco gobernuz kanpoko erakundeak eta bestelako gizarte taldeak blockchain teknologiara oraindik hurbildu ez izanarekin, hartaz baliatzeko. «Ez dut ulertzen ezkerreko alderdiek oraindik ez edukitzea blockchain teknologian aditurik». Gauza bat ziurtzat du Blancok: bankuek eta enpresek ahalik eta etekinik handiena aterako diote teknologia horri. Dagoeneko erabiltzen ari dira. Falta da gizarte taldeek erabiltzea, Blancoren arabera.

«Imajinatu Nafarroan, blockchain bat sortu izan balute erregistratzeko gure gurasoen eta aitona-amonen lanarekin eraikitako ondasun guztiak, Eliza katolikoak egin aurretik. Iraultza txiki bat izango zen. Teknologiak aukera ematen du, orain, baina lan hori egin behar da».

Perspektiba aldaketa bat behar da, agian: Nafarroako armarrian bloke kateak ikusten hastea, ezer baino lehen. Eta, ondoren, ikur zaharra sare banatu baten eskema gisa uler daitekeela konturatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.