Lokatzak gordetako ihesa

Ion Orzaiz / 2018-05-22 / 632 hitz

Gaur beteko da Ezkabako ihesaldiaren 80. urteurrena. Igandean, Txinparta elkarte memorialistak omenaldia egin zien kartzela frankistatik ihes eginiko 800 presoei.

Zer gertatu da, atera aurretik ere, lokatzak zure pausoak gorde ditzan?», abestu zuen Enrique Villareal Drogas-ek, Ezkabako presoen omenezko 22 de mayokantuan. Ez da metafora hutsa; egiazki, lokatz artean bukatu zen Ezkabako ihesa: 1938ko maiatzaren 22an, 795 presok egin zuten ihes espetxe frankista bihurtutako gotorlekutik (Nafarroa). Horietatik, 207 tiroz hil zituzten toki berean. Beste hamalau, berriz, handik bi hilabetera fusilatu zituzten. Hiruzpalauk baino ez zuten lortu muga zeharkatzea. Oinutsik, goseak amorratzen eta hotzak hiltzear. 80 urte igaro dira ordutik, eta, horren karietara, omenaldia egin zuten ehunka pertsonak iragan igandean. Ezkabako gotorlekuaren atarian elkartu ziren, eta gogoan izan zituzten bertan preso izandako guztiak. Hildakoak nahiz bizirik atera zirenak.

Txinparta elkarte memorialistak antolatzen du, urtero, Alfonso XII.a gotorlekuko presoen omenezko ekitaldia. Ez da erraza, ordea, oroimenaren garra bizirik mantentzea. 1988. urtean, esaterako, oroitarri bat jarri zuten Ezkaba mendian, gotorlekuan hildakoak gogoratzeko, baina ordutik, talde falangistek eta eskuin muturrekoek askotan egin diote eraso. «1936ko gorrotoak eta intolerantziak bizirik segitzen dute gaur egun, baina memoriak ez du atzera eginen», esan zuen Txinpartako lehendakari Victor Oroz Lizarragak, igandeko ekitaldian.

Orozen esanetan, 7.000 pertsona inguru espetxeratu zituzten Ezkabako gotorlekura: 1934an ailegatu ziren lehendabiziko presoak, eta 1936ko otsailera arte, 800 hartu zituen kartzelak. Hilabete hartan, gotorlekuko bizi baldintza gogorrek eragindako eztabaidaren ondorioz, denak atera ziren, amnistia baten bidez. 1936ko altxamendu militarra gertatu eta gero, frankistek erabili zuten eraikina espetxe gisa.

Kolpe militarraren osteko lehen urteetan, presoen baldintzek ez zuten hobera egin: hotza, gosea eta zikinkeria nagusi ziren gotorlekuan, eta botikarik gabe, preso anitz hil egin ziren urte haietan, tuberkulosiak eta sukarrek jota. Besteak beste, baldintza gogor horiek eraman zituzten presoak ihes egitera. Iluntzean, zaindari gehienak afaltzen ari zirela baliatuta, giltzak lapurtu, ziegetako ateak ireki, eta mendian behera korrika alde egin zuten ia 800 presok.

Andres Rodrigo errepublikazalea izan zen horietako bat. Haren biloba Montse Sanzek hartu zuen hitza igandeko omenaldian: «Ihesean zihoala tiroz hil, eta desagertu gisa sailkatu zuten». Rodrigoren senideek ez dute haren gorpua aurkitu, eta horrek egia azaleratzeko grina indartu egin duela azaldu zuen Sanzek: «Behartutako isiltasunean murgilduta egon gara urte luzez, eta horrek ahanztura ekarri zuen; baina bidera itzultzen diren urak nola, isiltasunak hitz jario bihurtu zaizkigu guri ere».

Ezkabatik ihesi, Ipar Euskal Herrira iristeko gai izan ziren hiru presoetako baten alaba ere izan zen igandeko omenaldian. Jovino Fernandez meatzaria eta CNT sindikatuko kidea zen Leonen (Espainia), atxilotu eta Iruñera eraman zutenean. Haren alaba Ana Fernandezek eman zuen aitaren bizipenen berri.

1938ko uda hartan, Jovino Fernandezek gertu izan zituen militar frankistak eta erreketeak. Oso gertu. Bere egunerokoan idatzita utzi zituen bizipen haiek: «Sasi artean gordeta geundela, ikus genezakeen nolako amorruz ari ziren gure bila: zakurrak, apaizak, emakume fusildunak, txapelgorriak, erreketeak, guardia zibilak eta soldaduak. Egunez, basoan ezkutatuta egoten ginen, eta gauez, berriz, bideari ekiten genion». Ibaian leporaino sartu behar izan zuen zakurrei izkin egin ahal izateko: «Bi metroko tartea zegoen haien eta nire artean». Hamahiru egunen buruan, artzain baten laguntzari esker heldu zen Hendaiara.

Ezkaba proiektua

Igandeko ekitaldian, Fernandezen alabak eskerrak eman zizkien «oroimena berreskuratzeko lanean diharduten elkarte eta pertsona guztiei», eta Nafarroako Gobernuak memoria historikoaren alorrean eginiko lana txalotu zuen. Izan ere, hainbat egitasmo prestatu ditu Nafarroako Gobernuak, Ezkaba proiektuaizenburuko ekinbidearen barruan. Otsailean, esate baterako, Ezkabatik Urepeleraino (Nafarroa Beherea) doan 53 kilometroko GR-225 ibilbidea inauguratu zuten, presoek eginiko bidea ezagutarazteko, eta Amaia Kowasch ikerlariaren Sareak ehotzen liburua ere argitaratu du gobernuak, Ezkabako presoei laguntza ematen zieten emakume taldeei buruz. Iruñeko Planetarioan, bestalde, gotorlekuari buruzko erakusketa paratu dute, eta ikusgai izanen da ekainaren 15era arte.

Laukoak memoriaren esparruan eginiko proiekturik aipagarriena, ordea, Aranzadi elkartearekin sinatutako lankidetza hitzarmena da. Horri esker, Ezkabatik ihes egindako 43 presoren gorpuzkiak atera dituzte lurpetik. Gaur bertan, ihesalditik 80 urte bete diren egunean, Leranotz herritik gertu beste bi gorpu ateratzeko egiten ari diren lanak aurkeztuko dituzte. Lokatzak gordetako arrasto horiek berriz azalera daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.