Mikel Garcia Idiakez / 2018-05-29 7 151 hitz
Zirku erromatarrean nola, hala altxatu du hatza gorantz Emmanuel Macron enperadoreak: Parisko balkoi batean zintzilik geratu zen umea erreskatatzeagatik famatu egin den Maliko Mamoudu Gassamaren egoera legeztatzea erabaki du. Umerik erreskatatu ez duten gainerako migratzaileak, ordea, lehoietara bota ditu, bere Gobernuak Immigrazio Legeari egindako erreforma gupidagabearen bidez.
Bagenekien lehenengo eta bigarren mailako migratzaileak daudela, jatorriaren, diruaren, arrazaren… arabera. Baina herritar-txartelak hain modu ziniko-propagandistiko-despotikoan banatzeak mezu harrigarria du atzean: “Super-heroia ez bazara, jai duzu, etorkin”. Izan ere, Macronen erreformak haserre ditu giza-eskubideen aldeko erakundeak: besteak beste, delitu bilakatzen du mugak ilegalki gurutzatzea (Mamauduk berak egin moduan), paperik gabekoen kontrolak indartzen ditu eta babes eskaerak egiteko irizpideak gogortzen.
Presidentearen sari pozoitsu honek agerian baino ez du utzi zein bidegabea den Frantziako –oro har, Europako– migrazio politika: laguntza behar zuen umearekin topo egin izan ez balu, eredu bihurtu den Mamaudu Gassama klandestinitatera, bazterkeriara eta ilegalitatera kondenatuta legoke, kanporatua izateko arrisku larrian.
Ikusi erreskatearen bideoa: