Oier Aranzabal, Beñat Hach Embarek / 2018-09-17 / 1336 hitz
Zita geneukan tokia ezin topatuta ibili ginen bueltaka Deustuko erakin baten inguruan, harik eta garaje ate batean kartel batean erreparatu genuen artean: “boxeo aretoa”. Berez ibilgailuentzat egindako sarrera horretatik jo, eta kurba, bulego eta biltegi artean, Bilboko garaje zulo ilun hartan, boxeolari ugariren kartelak zeuzkan horma batekin egin genuen tupust; aldamenean, une honetan potentzial handienetakoa daukan boxeolari euskalduna entrenatzen da. Besteak beste, aurten Madison Square Gardenen 20.000 lagunen aurrean eta telebista zein internetez borroka ikusi zuten milioika pertsonen aitzinean lehiatu da.
Ibon Larrinaga (Itzulbatzeta-Erromo, 1991) adiskideak agurtzen dabil. Inguruan dauzka zenbait lagun, tartean Txutxi del Valle, bere entrenatzaile eta “anai handia”. Ibon eskua fundamentuz ematen duen horietakoa da, eta horrek berriketan hastea errazten du. Hasi baino lehen, gauzak garbi: sareko zenbait txokotan hori jarri arren, ez da Barakaldokoa (Gurutzetan jaio zen inguruko asko bezala, kito).
“Pura Vida” ezizena jarri zizuten. Zergatik?
Hasi nintzenetik boxeo oso dinamikoa izan dut beti, hankak eta gerria asko mugitzen ditut. Bestalde, horrela bizi dut boxeoa, bai ari naizenean eta bai amaitzen dudanean bizirik sentitzen naizelako.
Nolakoa izan zure haurtzaroa Itzulbatzetan?
Ni baino urte pare bat gazteagoa den anaia daukat, orain boxeoan ere ibiltzen dena; oso ondo moldatzen da, eta askotan biok entrenatzen dugu. Elkarrekin denbora asko pasatzen genuen, eta auzoko bizitza geneukan, beti kalean baloi batekin, edo bizikletarekin… Futbolzalea nintzen orduan; orain gorroto dut.
Futboletik boxeora badago ba, jauzi bat.
Boxeoa ezagutzea sekulako aurkikuntza izan zen niretzat. 16 urte nituela futbolean jokatzen nuen, eta helduen ekipora igo ninduten; berehala puskatu nituen tibia eta peronea. Sei hilabete egon nintzen eskaiolarekin, eta ondoren, lesioari pixkanaka buelta ematen nion bitartean, lagun batek boxeoa ezagutzeko aukera eman zidan, Erandioko gimnasio batean. Futbola eta boxeoa tartekatu nituen denbora batez, baina azkenean boxeoarekin geratu nintzen.
“Boxeo Izarrak” ikusiko zenuen orduan…
Boxeoa da zientzia eta kirolaren arteko zerbait, eta hasieran kostatzen zitzaidan ulertzea, baina “Boxeo Izarrak” programak gako batzuk eman zizkidan. Bestalde, zorte handia daukat zeren eta orain Pedro Mari eta Manuk deitzen didate aurkezpen lanak egiteko.
Zer dauka boxeoak zu erakartzeko?
Ez dago egia bakarra, bakoitzak bere erara bizi du. Niretzat boxeoa jotzearen eta ez jotzearen artea da. Batzuk asko jasotzen dute, eta asko eman; ni bezalakoak kolpeak saihesten saiatzen gara, eta kolpe zehatzak sartzen. Badago boxeoa ringera igo eta egurra ematea soilik dela uste duenik, baina atzetik badago estrategia, eta prozesu fisiko eta psikologikoa oso gogorra eta polita da.
Osasun psikologikoa deigarria da, zeren eta maratoiak egiteko gai den norbait borrokan jarriz gero, minutu baterako mingaina kanpoan izan dezake…
Nik hemen ikusi dut izugarrizko erritmo altuan ordubetez korrika egin dezakeen jendea, ringera igo eta lehen asaltoan husten. Ez da, noski, sasoian ez dagoenik, baizik eta oraindik ez duela ikasi borrokan aritzeak eragiten duen tentsioa kudeatzen.
Zenbait pisatzen duzu orain?
Amateur gisa hasi nintzenean 65 kilo inguru neuzkan, eta 60 kilorekin borrokatzen amaitu nuen, entrenamendu gogorrak eginez eta dieta zorrotza jarraituz, super-oilarra mailan. Profesionaletan borrokaren bezperan pisatzen zaituzte, eta elikaduran are eta presio gehiago neukan. Luma kategorian hasitakoan 55 kg neuzkan, eta kontutan hartuta 1,72 neurtzen dudala, oso gogorra izan zen niretzat, eta nire gorputzak ez zion eutsi. Kategoriaz igo nintzen, eta New Yorken lehiatu nintzenean 57 kg neuzkan.
Ideia bat egiteko, oporretatik itzuli eta bi aste entrenatzen pasa eta gero, 69 kilo dauzkat. Horrek esan nahi du azaroan 17an izango dudan borrokaldirako 12kg jaitsi behar ditudala. Kerman Lejarragak Europako titulua jokatuko du bertan, eta egun berean borrokatu ahal izatea espero dut.
Astindu ederra ematen ari zara gorputzari.
Geroz eta gehiago murriztu, errebote efektua geroz eta handiagoa da. Lehen ez nintzen 66 kilotatik pasako, eta egun lasai asko pasa naiteke 70 kilotatik. Nik uste dut banaizela gai, baina egia da aurrekoan oso txarto pasa nuela super-oilarrera iristeko, eta ez banaiz eroso ikusten 59kg igo eta super-luman lehiatuko naiz, eta urteak pasa ahala, hortik gora. Boxeolari denak igo ohi dira kategoriaz, badaude lau maila ezberdinetan munduko txapeldunak izandakoak; kontutan izan hamar kiloko tartean daudela kategoria guzti horiek.
Sare sozialak asko erabiltzen dituzu, eta ia beti, euskaraz.
Boxeozaletasuna igotzen ari den arren, ez ditu jarraitzaile asko izan Euskal Herrian, eta gu geu asko mugitu behar gara sarrerak saltzeko; beraz sare sozialak erabili behar dira. Euskaraz komunikatzen naiz, euskaraz bizi nahi dudalako, euskalduna naizelako. Nahiz eta giro erdaldun batean bizi, euskaraz ahalik eta gehien egiten dut, eta sare sozialetan ere hori irudikatzen saiatzen naiz.