Izaro Zinkunegi Barandiaran / 2018-10-31 / 609 hitz
Heriotza eta «aro hilaren iritsiera» dituzte ardatz bihar gaueko ospakizunek, Altunak esan duenez. Aspalditik egiten dira Euskal Herrian, XX. mendetik, gutxienez; umeak dira horietako protagonista.
Gau Beltza, Arimen Gaua, Halloween… izen asko dituzte gaur gaueko jaiek. Horiek aztertu dituzte Jaime Altunak (Villabona, Gipuzkoa, 1973) eta Josu Ozaitak, umeen eta aitona-amonen bizipenak oinarri hartuta. Udako Euskal Unibertsitateak eta Eibarko Udalak emandako Juan San Martin beka jaso zuten, 2015ean; hemezortzi hilabetez aritu dira ikertzen. Itzalitako kalabazen berpiztea liburuan jaso dute lana.
Urriaren 31ko jaiak aztertu dituzue. Zein helbururekin?
Batetik, egun urriaren 31n eta azaroaren 1ean ospatzen diren jaiak ezagutu nahi genituen, betiere, haurrek parte hartzen dutenak. Garai bateko ohiturei buruzko informazioa ere jaso nahi genuen, adinekoak elkarrizketatuz; bagenekien XX. mendean bazituztela zenbait ohitura; esaterako, kalabazak hustu, barruan kandelak sartu eta bide bazterretan jartzen zituzten, jendea izutzeko. Halaber, jai horietan parte hartzen duten umeen iritziak eta bizipenak ezagutu nahi genituen, eta eurei protagonismoa eman.
Zer ospatzen da zehazki?
Bi elementu dituzte oinarrian ospakizunek: heriotza eta uda amaitu eta negua hasten den garaia. Negua urtearen aro hila da: lurrak ez du janari asko ematen, animaliak etxeratzen dira, iluntasuna dago… Halaber, neguko jai asko janariaren inguruan egiten dira. Otorduetan biltzeaz gain, eske errondak ere egiten dira etxez etxe. Janariaren bueltako azokak ere asko dira neguan.
AEBetako ikur bihurtu da Halloween jaia. Baina, non du jatorria?
Ikerketen arabera, Europan aspalditik zabaldutako ospakizuna da; Irlandan, adibidez, garrantzi handia du. Handik eta beste toki batzuetatik, AEBetara iritsi zen. XIX. mendean, lan planifikatua egin zuten amerikar nortasuna finkatzeko; besteak beste, jai batzuk erabiliz, Halloween gaua tartean. 1970eko hamarkadan Europara itzuli zen, batez ere, kapitalismoaren, merkantilizazioaren eta ikus-entzunezkoen bidez. Horregatik, joan-etorriko festa bat dela esaten dugu.
Euskal Herrian ere aspalditik ospatzen da urri amaierako jaia.
Heriotzaren inguruko ospakizunek usadio handia dute. Guretzako frogarik garbiena dira azaroaren 1ean, eguerdian, Nafarroako herri askotan, Etxauribarren batez ere, haurrek egiten dituzten etxez etxeko eske errondak, mozorrotu gabe. Seguru asko, neguko lehenengo eske erronda da. Herri horietako adinekoek egiten zuten, eta haiek aitona-amonei ere entzuten omen zieten egiten zutela. Kalabazena, berriz, Euskal Herriko txoko gehienetan egiten zen zerbait zen; baina, ez dugu jaso jai egituratu gisa, umeen bihurrikeria moduan baizik.
Zertan aldatu dira jai horiek?
Testuingurua asko aldatu da: lehen, erlijio kristauak indar handia zuen. Umeek Elizatik jasotzen zituzten mezuak beldurrarekin lotuta zeuden, eta arimak bide bazterrean egoteak benetan ematen zuen beldurra. Egun, erlijioak eragin askoz txikiagoa du haurrengan. Izua badago, baina beste izu mota bat da; beste irudi batzuekin lotzen dute, filmetako pertsonaia gaiztoekin, adibidez. Argiarena ere aipatu behar da: lehen, kalabazak bide bazterretan jartzeak zentzua zuen, iluntasuna erabatekoa zelako: ez zegoen autorik eta farolik. Argindarra zabaltzearekin, seguru asko, jolas horiek desagertu egin ziren.
Nolakoa da gaur egungo eredua?
Sorpresa hartu dugu, urriaren 31 ospatzeko hainbat eredu ditugu Euskal Herrian. Batetik, Halloween dugu, AEBetakoaren antzekoa: umeak talde txikietan mozorrotzen dira etxean. Sarri, beldurrezko film bat ikusi, eta kalera ateratzen dira, gozokiak eskatzera. Gau Beltza ere badugu; helduek haurren laguntzarekin antolatutako ekintzak dira; gaua da jaiaren oinarria. Herrian ibilbide bat egiten dute mozorrotuta, sustoak emanez. Euskarazko jaiak dira, hizkuntzari ere garrantzia ematen baitzaio. Arimen Gaua antzekoa da, baina, arima da elementu nagusia gauaren ordez.
Ba al dago alderik herri batetik bestera?
Bakoitzak bere berezitasunak ditu: Lekeition katu beltza da elementu nagusia; Mutrikun, ostera, Talaixako mamua dute. Oiartzunen, berriz, garrantzi handia ematen diote mozorroari. Eta, Elgetan, karlisten gerra batean oinarritutako istorio bat dute abiapuntu.
Zergatik da hain erakargarria umeentzat?
Gozokiak eskatzen dituzte, eta hori erakargarria da, baita iluntasuna ere. Beldurrak eta sustoek ere pisu handia dute. Heriotza ere presente dago; azken urteetan, ezkutatzen saiatzen gara, eta haurrei baliagarria zaie jakin-mina asetzeko. Hori ere aldatu da; lehen, oso presente zegoen heriotza, umeek hildakoak ikusten zituzten, etxean egoten ziren.