Josu Lopez Gazpio / 2018-12-04 / 802 hitz
Kultura txinatarrean belarri handiak bizitza luze baten adierazle omen dira. Era berean, txinatarrek uste dute pertsona baten aurpegiko ezaugarriek haren bizitzako hainbat alor gidatzen dituztela: izateera, dirua izango duen ala ez, eta abar. Esaterako, Txinako enperadore eta errege guztiek belarri handiak zituztela esaten da -gizarte-maila altuaren irudi-, eta Buda jainkoak belarri handiak ditu estatuetan edo edozein irudikapenetan.
Ziur aski zentzurik gabeko loturak dira, antzinako ohituretan oinarritzen direnak, baina, jakin badakigu belarrien eta sudurraren kasuan egindako adierazpenek zientzia badutela atzean, bizitza-luzerari dagokionez, behintzat.
Bizitza luzea edo motza izan daiteke, baina, edadetuak direnak badakite belarrien eta sudurraren tamaina handitu egiten dela urteak pasa ahala. Hala iruditzen zaie, eta arrazoia dute. Belarriak hazi egiten direla esaten duenik ere bada, baina, hori ez da horrela. Uste oker nahiko zabaldua da pentsatzea sudurra eta belarriak hazten jarraitzen dutela adinarekin kartilagoa etengabe sortzen delako. Hori ez da guztiz zuzena. Belarriak eta sudurra handitu egiten dira, bai, baina ez hazten direlako. Arrazoia askoz sinpleagoa da: grabitatearen ondorioz handitzen dira.
Kartilagoa: sudurraren eta belarrien osagaia
Kartilagoa ehun konektiboa da, eta hiru mota hauetakoa izan daiteke: hialinoa, elastikoa edo haritsua. Era berean, kartilago mota guztiek hiru osagai nagusi dituzte: kondrozito izeneko zelulak, elastina zuntzak eta matrize interzelularra. Hiru kartilago moten arteko desberdintasuna matrizean murgilduta dauden proteina-zuntzen motan eta kopuruan dago. Kartilago hialinoa artikulazioetan dagoen kartilagoa da eta proteina luzez osatuta dago. Proteina horiek –kolagenoa, esaterako- matrizean kantitate handian daude eta matrizea da, hain zuzen ere, kartilago mota honen osagairik nagusiena. Kartilago motarik arruntena da eta artikulazioetan eta saihets-hezurren amaieran dago, adibidez. Sudurra ere kartilago hialinoz osatuta dago nagusiki. Bestalde, kartilago elastikoak hialinoaren antzeko matrizea du, baina, osagairik nagusiena zuntz elastikoak dira. Izenak ondo dioen bezala, elastikotasuna behar duten gorputzaren ataletan kokatzen da, besteak beste, belarriak, epiglotia -elikagaiak eta likidoak biriketara sartzea oztopatzen duena-, Eustakioren tronpan -ahoaren eta sudurraren artean daudenak- eta laringean. Azkenik, kartilago haritsua -fibrokartilagoa- nagusiki zuntzez osatuta dago. Kartilago mota horren egitura ez da besteak bezain uniformea eta esponja-lanak egiten dituela esan daiteke. Egituran dituen zuntzei esker, material ezinhobea da kolpeei aurre egiteko. Horrexegatik, kartilago haritsua ornoen artean, belaunetan, masailezurretan eta mota horretako gorputz-ataletan aurkitzen da.
Kartilagoaren hazkuntza edo luzatzea?
Kartilagoa hazi egiten dela ezaguna da, eta bi modutara hazi daiteke, gainera. Hazkuntza interstiziala gertatzen denean kondrozito gehiago eratzen dira eta kartilagoarentzat matrize gehigarria sortzen da. Hazkuntza aposizionala gertatzen denean, aurreko kartilagoaren gainazalean kartilago berria gehitzen da, pixkanaka handiagoa egiten delarik. Alabaina, kartilagoaren hazkuntza ez da bizitza guztian zehar gertatzen. Ikerketek erakutsi dutenez, 40 bat urtera iristen garenean kartilagoa ez da gehiago hazten. Ez hori bakarrik, adin horretatik aurrera kartilagoko zelulak gutxitzen hasten dira. Hain zuzen ere, bizitza guztian zehar kartilagoa hazten zaion animalia bakarrenetakoa marrazoa da. Agian horregatik, marrazoaren kartilagoariezaugarri oso bereziak ematen dizkio sasimedikuntzak, baina, ohikoa izaten den moduan, hori ez da horrela. Gurera itzuliz, esan bezala, zahartzaroan belarri eta sudur handiagoak izatea ezin da azaldu kartilagoaren hazkuntzaren ondorio bezala.
Dakigunez, zahartzaroan belarriak eta sudurra handiagoak izatearen arrazoia grabitatea da. Edadetu egin ahala, kolagenoa eta elastina zuntzak apurtzen hasten dira eta ahulagoak egiten dira. Grabitatearen ondorioz, zuntzak luzatu egiten dira eta kartilagoa handiagoa dela dirudi. Kartilagoari eusten dion azalak ere kolagenoa eta elastina zuntzak ditu eta hori ere biguntzen hasten da -besoetan, esaterako, prozesu hori nabarmena da-. Azalak ezin dio pisuari eutsi eta, pixkanaka, kartilagoa erortzen hasten da. Gainera, ez da hori arrazoi bakarra. Zuntzen ahultzea gutxi balitz, belarrien eta sudurraren inguruan dauden atalak -masailak, ezpainak- bolumena galtzen dute zahartzen garen neurrian. Guztiaren eraginez, belarriek eta sudurrek are handiagoak dirudite.
Horre harira, British Medical Journal aldizkarian argitaratutako ikerketa baten ondorioen arabera, hazkuntza hori aski frogatuta dago eta neurtu ere egin zuten. 206 pertsona edadetuen belarriak aztertu ondoren, korrelazio positibo sendoa aurkitu zuten eta ondorio hauxe plazaratu zuten: batezbeste, belarriak urtean 0,22 milimetro hazten dira. Neurtutako belarrien batezbesteko 675 mm-koa izan zen eta datu guztiak bildu ondoren erregresio lineal baten bidez adinaren eta belarriaren tamaina lotzea lortu zuten. Honek esan nahi du 30 urteko lagun batek, gutxi gorabehera, 80 urte dituenean zentimetro bat gehiago duen belarriak izango dituela. Poztu egin beharko du, alabaina, 80 urte izatea iritsi delako. Kezkatiek ez dezatela artikuluaren bukaera irakurri.
Hobe ez pentsatzea zahartzaroan giltzurrun-funtzioa asko moteltzen dela, muskulu-masa asko galtzen dela eta baita odolean zirkulatzen duten proteinen kopurua ere. Entzumenari dagokionez, tamalez, belarrien tamaina handiagoak ez du entzumen hobe ekartzen eta, jakina denez, entzumena eta ikusmena ere kaltetu egiten dira adinak aurrera egiten duen neurrian. Entzumenaren kasuan, goiko tonuak galtzen dira lehenengo eta ikusmenaren kasuan, hurbileko ikusmena galtzen da lehendabizi. Bestalde, garunak denbora gehiago behar du informazioa prozesatzeko eta gertatu berri diren gauzak gogoratzeko memoria galdu egiten da. Azkenean, belarriak zentimetrotxo bat luzatzea arazorik txikiena izango ote da…
Erreferentzia bibliografikoa:
Heathcote, James A., (19915). Why do old men have big ears?, BMJ, 311, 1668. DOI: https://doi.org/10.1136/bmj.311.7021.1668
Informazio osagarria: