Ziortza Guezuraga / 2019-01-21 / 618 hitz
Adiskidetasunaren oinarrian garunak daude. Ikerketa baten arabera, homofilia maila neuralean ere gertatzen da. Adiskidetasuna interesak partekatzea baino gehiago da, mundua hautemateko eta informazio hori prozesatzeko modua ere bada.
Adiskidetasuna ez da gizakien artean bakarrik ematen. Primateen, zetazeoen eta elefanteen artean ere adiskidetasuna ikusi da. Baita askoz gutxiago ikertutako animalien artean, saguzar banpiro emeen artean, esaterako. Urritasun garaietan lortutako odola beste emeekin partekatzen dute saguzar eme hauek, elikagairik gabe egun bat baino askoz gehiago bizitzeko gai ez diren animalien artean garrantzia handiko ekintza.
Lagunik ez dutenek gabezia fisiko eta emozionalak izaten dituzte. Eta ez edonolakoak, ondo ikertutako bestelako arrisku-faktoreak (obesitatea, hipertentsioa, langabezia, sedentarismoa, erretzea) bezainbesteko eragina izan dezake eguneroko bizitzan. Lagunik ez duten pertsonek, sozialki isolaturik daudenak, gaixotasun eta heriotza goiztiar maila altuak dituzte.
Jakina da pertsonak homofilikoak garela: gure antzekoak diren lagunak nahiago ditugu. Hala, adina, erlijioa, maila sozioekonomikoa, maila akademikoa, tendentzia politikoa edota bostekoa emateko indarra bezalako ezaugarrietan gure antza duten pertsonak nahiago ditugu lagun gisa. Horrek ez du esan nahi bestelako lagunik izan ez dezakegunik, baina, orokorrean, aurrekoetan antzekotasunak handiagoak dira bi lagunen artean bi ezezagunen artean baino.
Homofiliarako joera, “bestelako” zenbat eta gutxiago den besteekin harremanak egiteko joera, gizarte ehiztari-biltzaile zein gizarte industrializatuetan hauteman da.
Adiskideen arteko antzekotasunak maila genetikoan ere gertatzen dira. Adiskidetasun harremanen sorreran, egituretan eta ezaugarrietan eragina dute geneek. Ez hori bakarrik, bi adiskideren genomek, nukleotido bakarreko polimorfismo (SNP) mailan ere korrelazio positiboa dute, homofilikoak dira. Ezezagunekiko antzekotasunarekin konparatuta, laugarren mailako lehengusuen baliokidea da.
Maila biokimikoan ere hala gertatzen da. Ikusi da harreman sozial sendoak dituzten pertsonek fibrinogeno kontzentrazio baxuak dituztela. Biomarkatzaile moduan erabiltzen den proteina da fibrinogenoa, inflamazioarekin eta arrisku kardiobaskularrarekin lotutakoa. Adiskidetasunaren eta gaixotasun kardiobaskularren arteko harremana ezezaguna da egun, dena den.
Adiskidetasuna neurozientziarekin ikertzen
Nerbio sisteman erantzuna sorrarazten duen eguneroko estimuluei erreakzio naturalak ikertzea erabaki zuen Carolyn Parkinsonen taldeak. Talde sozial zabala aukeratu zuten, non intentsitate ezberdineko adiskidetasunak aurki zitezkeen: 279 ikasleko unibertsitate klasea. Elkar ezagutzen zuten ikasleek eta, zenbait kasutan, erresidentzia berdinetan bizi ere. Norekin bazkaltzen zuten, norekin joaten ziren zinemara, noren etxera izan ziren gonbidatuak… bezalako galderak zituzten galdetegiak bete behar izan zituzten. Haien arteko harremanaren intentsitatea finkatzeko indikatzaile ahalik eta objektiboenak aurkitzeko baliatu ziren galdetegiak.
Ikasleen harreman sozialen mapa egin zuten datuak baliatuta. Konexio maila ezberdinak kontuan izan ziren mapan: nor zen noren lagun, adiskidetasun mailarik altuenetik baxuenera, soziograma, azken batean. Lagunak, lagunen lagunak, lagunen lagunen lagunak, e.a. biltzen zituen sarea.
Ikerketaren bigarren fasean 42 ikaslek hartu zuten parte. Erresonantzia magnetikoa egin zieten hainbat bideo ikusten zuten bitartean. Bideoak ezberdinak ziren edukian eta baita iraupenean ere eta boluntarioek ez zuten ikusten zutenaren gaineko inongo kontrolik.
Eduki ezberdina zuten bideoek: elikagaien produkzioa multinazionalen eskuetan uztearen arriskuen ingurukoa zen bat, unibertsitatean errugbira jokatzearen arriskuaz bestea, bikote homosexual judutar baten ezkontza, Chris Hadfield astronautak urak espazioan duen portaera zein den azaltzen zuen hurrengoan eta beste batean Liam Neesonek komedia inprobisazioa egiten zuen.
Homofilia neurala
Homofilia neurala ere badugula frogatzen dute ikerketaren emaitzek. Estimuluaren ondoren eta odol jarioa seinale gisa erabilita, garunaren emaitzak izugarri antzekoak dira bi adiskideren artean eta antzekotasun hori distantzia sozialarekin batera gutxitzen da.
Lagun minen garunek erantzun antzekoak izan zituzten bideoak ikusi zituztenean: atentzioan gorabehera berdinak momentu berdinetan, indartze positiboen eta saritze zentzuan maila goren berdinak, asperdura eta neke alerta berak. Antzeko aktibazio patroiak dituzten garun bertsuak bideoak ikusten ari zirela ematen zuen. Garun eskanerretan antzekotasunak bereziki deigarriak dira accumbens nukleoetan, sari zirkuituaren parte dena, eta baita goi lobulu parietalean, kanpo inguruneari zenbat arreta jartzen zaion erabakitzen duena.
Emaitzen arabera antzekotasun harrigarria dago lagunen artean mundua hautemateko eta honi erantzuteko moduan. Garrantzitsua da batzuek besteengan zelan duen eragina ulertzeko eta harreman pertsonaletarako norekiko atrakzioa dugun ulertzeko.
Iturria: Neuroscience of friendship
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.