Joseba Aurkenerena / 2019-01-27 / 838 hitz
Euskal marinelak sona handikoak izan ditugu beti, balea eta bakailao arrantzan aritu ziren luzaz, Islandiako eta Ternuako itsaso hormatuetan ibili ziren oso aspalditik eta beharra zutenean, sareak eta arpoiak utzi, eta ezpataz eta zizpoletaz armaturik, itsasontzi arrotzak erasotzeari eta barruan zeramaten guztia ebasteari ekiten zioten. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko portuak euskal itsaslapur eta kortsarioen habiak ziren. Horietako bat dugu Ixtebe Pellot hendaiarra, askoren ustez, Euskal Herriko azken kortsarioa izan zena.
I xtebe Pellot Azpilikueta Hendaian sortu zen, 1765eko irailaren 1ean. Aitaren familia Biriatukoa zen eta Hendaiara bizitzera joanak ziren herri horretan balearen arrantzan inguruan egiten ziren negozioek deituta. Hendaian famatuak egin ziren itsasgintzarekin loturiko aferetan. Ama Katixa Azpilikueta zen, jatorri baztandarra zuen familia bateko alaba. Ixtebek ttiki-ttikitatik bizitu izan zuen familiak eta herriak itsasoarekin eta abenturarekin zuten lotura estua.
1.- Pelloten itsas ibilerak.
1778an, hamahiru urte zituela, eta ontzimutil gisa, ingeles ontziak erasotzera zihoan Marquise Lafayette izeneko itsasontzi kortsarioan itsasoratu zen. Espediziotik itzultzean, ikasketa nautikoak egiten hasi zen. 1782an amaitu zituen. Horretan ari zela, Jean D´Albarade kapitainak Iparraldeko Itsasora zuzendutako espedizioan parte hartu zuen. Jean D´Albarade euskalduna zen, batzuek diotenez biarriztarra, baina badira donibandarra edo urruñarra zela diotenak ere. Geroxeago, 1788an, Bengalako itsasoan ingelesen kontra izan zen itsas borrokaldi batean parte hartu zuen.
1793an, lehen teniente gisa itsasoratu zen Général Dumouriez izeneko ontzian eta Ameriketan espainiarrekin borrokatzen ibili zen. 1795ean, eta D´Albarade-ren aginduetara, Suffisante korbetan ibili zen. Hurrengo urtean, berriz, Coro izeneko ontzian nabigatu zuen bigarren kapitain graduarekin. Hogeita hiru urte zituela, komandante gradua erdietsi zuen. 1796ean, kortsora itzuli zen Le Filibustier ontzian buru zelarik. Eskifaian berrogei marinel euskaldun zituen. Ingelesek preso hartu eta Folkestonen ukan zuten atxilo. Bertatik alde egin zuen berarekin maitemindu zen goi mailako emakume baten laguntzaz.
Etxera itzulita, D´Albaradek misio sekretu bat agindu zion Nantes aldean. Ongi ez badakigu ere, badirudi Pellot La Vendée eta Bretainiako matxino adoretsuen aurkako sarraskietan ibili zela. Hauxe dugu, zalantzarik gabe, Pelloten bizitzako alderik ilunena.
1798an, Deux Amis ontziko agintaritza hartu zuen eta 1789an Le Bordelais ontzikoa. Azken horretan kapitain zebilela, preso hartu zuten eta Irlandako Cork herrian ukan zuten atxilo. Ziegatik alde egin zuen zolan zegoen estolda zulotik. Igeri eginez Dublinera iritsi zen eta erromes arropaz jantzirik Galizia aldera, Izarlandako Donejakuera joan zen.
1800. urtean, Le Retour ontzian ibili zen kapitain. 1804an, berriz, ontzi bereko kapitain. Geroxeago, Eve eta Général Darmagnac ontzietan, beti kapitain gisa. Dena den, badirudi, Pellot kapitainak agindupean izan zituen bi itsasontzi ospetsuenak Deus Amis eta Général Augereau izan zirela, eta beraiekin ibilera handiak egin zituela. Abentura eta borrokaldi horien guztien ondorioz begi bat galdu zuen.
1812an, berrogeita zazpi urte zituela eta ongi aberasturik zegoela, Maddi Larrulet urruñarrarekin ezkondu eta Hendaiara, emazteak Zubernoa auzoan zeukan Prioretegi etxera erretiratu zen. Napoleonek Frantziako armadan sartzeko eskatu zion baina Pellotek uko egin zion. Hala eta guztiz ere, Frantziako Ohorezko Legioko kide izendatu zuten. Bi seme-alaba izan zituen. Semea, biziki gaztea zela, Kuban hil zitzaion sukar horiak jota. Alaba Baionako M. Passement izeneko sosdunarekin ezkondu zuen eta laster bilobak ekarri zizkion.
2.- Wellington eta Pellot aurrez aurre.
1813ko urriaren 7an, Napoleonen porrotaren garaian, Wellingtonen agindupeko aliatuek Bidasoa ibaia zeharkatu eta Hendaia suntsitu zuten. Bidasoa zeharkatzeko hautatu zuten tokia Zubernoa izan zen, Pelloten Prioretegi etxetik oso gertu. Hendaiar gehienek Urruña aldera ihes egin behar izan zuten baina Pellot bere etxean gelditu zen, hilik zen morroi baten arropaz jantzirik.
Wellingtonek bazekien etxe hartan Pellot kapitain ohia bizi zela eta bisita bat egitera hurbildu zitzaion. Etxeko atarian, morroi bat topatu zuen. Zalditik jaitsi eta, Duvoisinek maisukiro kontatzen duenez, honela galdetu omen zion:
- Non daude hemengo biztanleak?
- Zu sartu aurretik alde egin dute.
- Non da Pellot kapitaina?
- Hemen nauzu, zure aitzinean.
- Ezin du izan.
- Arropak ez du monjea egiten.
- Pellot kapitaina, ongi ezagutzen ditut zuk egindakoak, eta hori dela eta, Ingalaterraren izenean, goi mailako postu bat eskaintzen dizut ingeles ontzidian.
- Ezin dut. Jainkoak eta nire ohoreak ez didate horrelakorik onartzen uzten. Otoi, jar ezazue gure etxe honetan ospitale bat, eta nik hornituko dut egurrez, argiaz eta erremintez.
- Jaun Kapitaina —galdetu zion ingelesak—Zer pentsatzen duzu Bidasoako borrokaldi honetaz?
- Frantsesak gibelerat doaz eta zuek aitzinerat. Otoi, urrikal zaitez hemengo herritarrez. Atxiki itzazu zure soldaduak gehiegikeriak ez ditzaten egin. (Welligtonen tropek Donostia arpilatu eta sarraskitu berria zuten) Horrela ez baduzu egiten, zanpatzen duzun lur honek janen zaituzte.
- Jaun Kapitaina, Britainia Handiak ez die herritarrei gerlarik egiten. Zuk erraiezu hendaiarrei haien etxeetara itzul daitezen eta inork ez die deus eginen. Hitz ematen dizut.
Pellotek horrela egin zuen. Hendaiar gehienak haien etxeetara itzuli ziren eta Wellingtonek desmasietan ibilitako hainbat soldadu epaitu eta hil zituen.
3.- Pellot kapitaniaren azken urteak.
Gerla bukatuta, Pellotek Zubernoako Prioretegi etxean jarraitu zuen bizitzen eta bertan zahartu zen. Hainbat idazlek idatzi dutenez, 1815etik 1826ra Hendaiako auzapez edo alkate izan omen zen, baina erraturik daude, Pelloten izen bereko lehengusuarekin nahasi baitute. 1856ko apirilaren gau batez, laurogeita hamaika urte zituela, Bidasoa ibaia zeharkatu zuen zaldiz, eta hortik aurrera eritu eta apirilaren 30ean zendu zen.
Gaur, Hendaiako Beltzenia karrikan bada Pelloten omenezko hilarri bat eta urtero, herriko bestetan, hau da, bixintxoetan, umeak kortsarioz janzten dira Ixtebe Pellot kapitainaren itzulera ospatzeko, Pellot kapitaina baita gaurko Hendaia modernoaren erreferentzia historiko handienetako bat.