Joseba Aurkenerena / 2019-09-15 / 947 hitz
Gerla nagusi zen aroan sortu zen Irunen, 1914ko abuztuaren 13an, hilabete bat lehenago Lehen Mundu Gerla hasia baitzen, eta bizitzan zehar, gerla horretaz gain, Hegoaldea horren bortizki kolpatu zuen 1936ko gerla eta Bigarren Mundu Gerla ezagutu zituen. Ezagutu eta ondorio latzak pairatu ere.
1.- Gazte urteak eta 1936ko gerla.
Arestian erran bezala, Luis Mariano, jatorrizko izenez Mariano Eusebio Gonzalez Garcia, Irungo Aduana kalean sortu zen eta Irunen eman zuen bere bizitza lehen hogeita bi urteetan. Hamalau urterekin Irungo Atsegina abesbatzan hasi zen kantatzen; hemezortzirekin Donostiako Orfeoian hasi zen kantari.
1936ko abuztuaren 26an, faxistek Irun bonbardatu zuten eta familia irundar ainitz, Bidasoa gaineko zubiak zeharkatu eta Hendaiara pasatu ziren. Horien artean, Luis Marianoren familia zegoen. Irungo defendatzaileek irailaren 2a arte eutsi zioten, eta borrokaldi horien ondorioz, hiria arras kiskalita geratu zen. Lapurdira pasatutako familia gehienek hutsetik hasi beharra zeukaten, Irungo etxea eta ondasunak suaren garretan galdu ondoren. Erbesteko lehen urteetan Gonzalez Garcia familia Baionan bizi izan zen. Eta bertan aritu zen Mariano gaztea, zenbait musikari errefuxiaturekin batera, jatetxe eta kafetegietan kantatzen zuen orkestra ttipi batean.
Baionatik Gonzalez familia Bordelera aldatu zen, eta hiri horretan aita mekanikari lanetan aritu zen. Luis Mariano bertako eskola batean sartu zen kantu eta musikarekiko zaletasun handia erakutsiz. Hori dela eta, Bordeleko Kontserbatorioan onartu zuten. Orduan hartu omen zuen operako kantari izateko deliberoa. Dena den, hurrengo urteetan, bizitzak beste bide batetik eraman zuen.
2.- Eresoinkaren garaian.
1937an, Euzko Jaurlaritzak Eresoinka taldea sortu zuen Saran, euskal musikaren eta dantzaren bidez, Euskal Herriaren aldeko propaganda egiteko Europa osoan zehar. Osora ehun eta hamar artista inguru bildu ziren. Eresoinka abesbatzako zuzendaria Gabriel Olaizola izan zen eta haren aginduetara aritu ziren kantuz geroago ospetsuak izan ziren musikari eta kantariak: Pepita Enbil –Placido Domingoren ama izan zena-, Jon Oñatibia, Jon Bilbao, Jesus Elosegi, eta baita Mariano Gonzalez gaztea ere.
Ikuskizunaren lehen aurkezpena Parisen egin zuten, 1937ko azaroaren 20an, Sainte-Geneviève elizan. Hortik aitzina ikusgarria behin eta berriro jokatu zuten Parisen eta bai Europako beste hainbat hiritan ere: Bruselan, Ganten, Amberesen, Hagn, Londresen, Hilversum-en, Amersfoort-en, Brujasen,Utrecht-en, Haarlem-en, Rotterdamen, Amsterdanen Tarbesen… Eta, jakina, Ipar Euskal Herrian:Biarritzen, Donibane Garazin, Baionan… Garrantzi berezia izan zuen Parisen 1937ko abenduaren 18tik 20ra, Salle Pleyelen jokatu zuten ikusgarriak; emanaldi horietara Euzko Jaurlaritzako Jose Antonio Agirre lehendakaria, Manuel Irujo ministroa, Espainiako Errepublikaren ordezkariak eta Kataluniako Generalitateko ordezkariak hurbildu baitziren ikusgarria ikusteko.
Eresoinka Euskal Herriko benetako enbaxada kulturala bihurtu zen. Horrek Parisetik gertu kokatzera behartu zuen, Paristik gertu dagoen Saint-Germain-en-Layen, Belloy gazteluan, hain zuzen.
Ikusgarria Ameriketako Estatu Batuetan ere eskaintzeko asmoa zuten, baina 1939an, hara zihoazela, Bigarren Mundu Gerla hasi zen, eta Ameriketara eramaten zituen transatlantikoak Europara itzuli behar izan zuen. Azkenik, dirua agortu zenez, taldea desegin zuten.
Luis Mariano hor ibili zen, beste euskaldunekin batera, abentura eder eta militante horretan.
3.- Pariseko operetetan.
Eresoinka desegin zelarik, Bordelera itzuli zen. Mahastietan aritu zen lanean. Frantziako gobernua gazteak mobilizatzen hasi zen. Bere ama euskal apaiz batekin mintzatu zen eta haren bidez, errefuxiatuen paperetan Mariano sortu zen urtea aldatu zuten, 1920an jaioa zela ipiniz. Horri esker ez zuten soldadu eraman.
1940an, Bermond disko-etxeko nagusi zen Jeanne Lagiscarde zuzendari anderea ezagutu zuen eta honek sartu zuen Bordeleko arte giroetan. 1941ean, Arte ederretako eskolan hasi zen, eta hori dela eta, alemaniarrek ez zuten Alemaniara, lan bortxatuak egitera eraman. Arte Ederretan klandestinitatean mugitzen zen erresistentziaren aldeko talde batean lagunduz ibili zen eta parte hartu zuen Portugaldik Parisera zihoan tren baten aurkako eraso eta lehertzean. Armaz betea zela uste zuten, baina barruan arnoa, besterik ez zuen garraiatzen.
Lagiscarde andereak berarekin batera Parisera joateko gonbidatu zuen. 1943an Max de Rieux-ek biak kontratatu zituen Don Pasquale izeneko operetan parte hartzeko.
Hainbat operetatan aritu ondoren, lehen arrakasta handia 1945eko abenduaren 24an atzeman zuen, La Bella de Cadiz izenekoarekin. 1946an zineman aritu zen lehen aldiz Carga clandestina izeneko filmean. Hortik aitzina bere ospe handia lortu zuen, batez ere, opereta eta filmetan abestutako kantuen bitartez. 1946 eta 1958 urteren artean hamabost opereta musikal eta filmetan parte hartu zuen. Hirurogeiko hamarkadaren hasieran telebistara deitu zuten arrakasta handia erdietsi zuelarik.
Hirurogeiko hamarkadaren azken urteetan eritasunak hartu zuen, eta pitinka-pitinka ahultzen joan zen. 1970eko maiatzaren 10ean eszenatokia utzi zuen betiko, eta urte bereko uztailaren 14an hil zen Parisen.
4.- Luis Marianoren euskaltasuna.
Bizitzaren bideek Luis Mariano ospetsua egin zuten mundu osoan, espainolez eta frantsesez kantatzen, gehien bat.; baina Luis Marianok nehoiz ez zion bere euskalduntasunari uko egin. Arrangoitzen etxe bat erosi eta hor bizi izan zen bere familiarekin. Marianoko etxea izenaz bataiatu zuen. Alberto Lopez Etxebarrieta idazle eta kazetariak elkarrizketa bat egin zion, gero Bilboko Udal Egunkarian plazaratu zuena, eta horren karira, Luis Marianok ehundik ehun euskaldun sentitzen zela aitortu zion.
Jakin badakigu, berarengana laguntza eske jotzen zuten euskal errefuxiatuak lagundu zituela, bere konpainietan langile moduan sartuz, nahiz eta horretarako, frantses sindikatuekin borrokatu behar izan bazuen ere.
1968an disko bat plazaratu zuen, oso-osorik Euskal Herriari eskainia. Azalean, Arrangoitzeko bere etxea azaltzen zen, eta izenburua euskal ikurrinaren koloreez idatzirik zegoen. Diskoaren barneko orrietan eskaintza gogoagarria idatzi zuen: Disko hau munduko euskaldun guztiei eskaintzen diet, eta bereziki, bizi naizen herriko auzapeza den euskal bihotz handiko Arrangoitzeko markesari. Herri horretan hartuko dut egun batean, betiko atsedena. Diskoan baziren bi kantu euskaraz: Haurtxo txikiaeta Ezin ahaztuz. Eta nehork ez ditu nehoiz abestu berak kantatu zituen bezala.
Hil zelarik, Arrangoitzeko hilerrian ehortzi zuten, Luis Mariano berak hautatutako euskal hilarri baten azpian. Orduz geroztik, hortxe daukagu, beti liliz beterik den hobian. Urteak pasatu dira baina Luis Marianok erdietsi famak bizirik dirau oraindik. Parisen, Irunen, Lapurdin… omenaldi sentituak egin zaizkio. Irunen museo bat egin nahi diote. Badira Europan zehar, kaleak, plazak eta erakundeak bere izena daramatenak eta Luis Marianoren izena urrez idatzirik dago Euskal Herriko kantari handien parnasoan.
Zauden tokian zaudela, har ezazu euskaldunen esker ona. Goian bego, Luis Mariano euskal kantari handia.
…