Obesitatea eta argaltasuna ere heredatzen dira

Juan Ignacio Perez Iglesias / 2019-09-30 / 481 hitz

Pisua hartzea edo galtzea, modu sinplean esanda, eskuratzen den energiaren eta gastatzen denaren arteko aldearen ondorio da. Organismoak irentsi den elikagaitik asimilatzen duena eskuratzen du. Eta jardunaren jardunez energia gastatzen du, beroa barreiatuz. Askotarikoak dira jarduerok: batzuk beharrezkoak dira sistema organikoek (bihotz jarduera, giltzurrunena, nerbioena, etab.) normal funtzionatzeko, esaterako, gorputz tenperaturari eustea; beste batzuk zelulak eta ehunak berritu eta konpontzeari lotuta daude; beste batzuk egitura berrien sintesiaz arduratzen dira; eta azkenik, ariketa fisikoari loturiko muskuluen jarduerak ere aipatu behar dira. Eskuratu den energia gastatu dena baino handiagoa bada, organismoak masa hartzen du. Kontrakoa gertatzen da gastatu dena eskuratu dena baino handiagoa bada.

Horrela esanda, kontu erraza dirudi. Alabaina, kontu horietan ezer ez da dirudien bezain erraza. Energia eskuratzearena termino aski sinplea da; bi faktore nagusi hartu behar dira kontuan, janari kantitatea eta haren osaera, energia edukiari eta digeritzeko eta asimilatzeko erraztasunari edo zailtasunari eragiten baitie. Energiaren gastua zailagoa da azaltzen, faktore anitz dagoelako tartean.

Energia eskuratzeko eta gastatzeko elementuen determinatzaileak zein diren kontuan hartuz gero, inor ez da harrituko gainpisuak eta obesitateak egungo gizarteetan duten prebalentzia handiarekin. Janari asko dago, eta, gainera, nahiago izaten ditugu elikagai zaporetsuak, energia eduki handikoak eta absortzio errazekoak. Eskuratzen den energian eragiten du horrek. Gastuari dagokionez, sedentarismorako eta ariketa fisikorik ez egiteko joera handia dugu, eta konfort termiko handiko ingurunetan bizi ohi gara: nekez egongo gara organismoak gorputz tenperaturari eusteko energia asko gastatu behar duen egoeran. Esandakoa, kontu erraza dirudi. Halere, ez da horren kontu erraza.

Guztiok dugu ezagunen bat ez diona uko egiten jateko ezeri, eta beti dagoena argal. Loditzeko joera dugunok inbidiaz begiratzen diogu, ondo dakigulako zein zaila den buruari eustea jakiz oparo hornitu den mahai baten aurrean, ordu arteko mokaduei uko egitea edo gimnasioko bizikleta estatikoan heriosuhar pedalei eragitea. Kontrakoa gertatzen zaien ezagunak ere baditugu; ezer gutxi jaten dutela dirudien arren, lodiegi daude.

Zergatik gara batzuk argalagoak eta beste batzuk lodiagoak antzeko jarduera fisikoa egin eta elikagai kantitate berdintsuak ahoratu arren? Zerk eragiten ditu «inkongruentzia» metaboliko horiek? Batzuk kontuan hartu ez diren faktoreen ondorio izan daitezke. Baina bada beste faktore bat oso kontuan hartzekoa: genetika, eta genetikak metabolismoan duen eragina.

Konparaketa bat egin da (1.600 pertsona oso argal, 2.000 pertsona oso obeso eta pisu normalean dauden 10.400 pertsona) eta jada jakina zena frogatu da: obesitatea tasun heredagarria da neurri handi samar batean; alegia, kasuen % 32anArgaltasuna ere hala da, baina neurri txikiagoan (% 28). Ikertutako ezaugarriaren –obesitatea edo argaltasuna– aldakortasuna faktore hereditarioen bidez azal daitekeen kasuen proportzioa adierazten dute ehuneko horiek. Gainera, tasun bati loturiko aldagai genetikoen sorta bat identifikatu da; horietako batzuk jada ezagunak ziren, eta beste batzuk aurkakoari lotuta daude. Horrenbestez, obesitatea eta argaltasuna ere heredatzen dira, neurri batean izan arren, baina hori ez dugu, batzuek bederen, kontsolamendu handia.

Erreferentzia bibliografikoa:

Riveros-McKay, Fernando et al. (2019). Genetic architecture of human thinness compared to severe obesity. PLOS Genetics, 24;15(1), e1007603. DOI: 10.1371/journal.pgen.1007603.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.