Jaione Dagdrommer / 2020-04-22 / 275 hitz
Beharrezkoa al da guztiok maskarak erabiltzea koronabirusaren aurka? Osasunaren Mundu Erakundeak ezetz dio. Alta, herrialde ugarik eta zenbait adituk erabiltzera gomendatu edo behartzen dute biztanleria.
OMEk dio osasuntsu dagoen biztanleriak ez duela maskarak behar COVID-19aren pandemiari aurre egiteko; ikerketa batzuk ordea hauen erabilera orokortua defendatzen dute. Honek duda asko sortu du jendartean: nola eman erabilera zuzena? Nola jarri eta kendu behar dira kutsatzen bukatu gabe?
Maskara bat jarri aurretik ondo garbitu behar dira eskuak edozein kutsadura ezabatzeko eta gurekin ez eramateko hastapenetik. Eskuak garbi edukita ere, aurpegiarekin kontaktuan egongo den maskara zatia ez da ukitu behar, kontuz, ahoa eta sudurra estaltzen dituela jartzen dugun bitartean. Maskara diseinu ezberdinak daude, baina oro har, jarri aurretik begiratu zein den goiko aldea eta zein behekoa, zein alde doan kanpora begira eta zein barrura. Sudurrean doan aldea, normalean gogorragoa izatean da eta sudur gainean presioa eginez egokitzen da behin maskara jarria dugula.
Behin etxera iritsita, garbitu eskuak maskara kentzen hasi aurretik, ez dezazun nahi gabe kutsatu. Kentzerakoan saiatu maskararen kanpoko aldea ez ukitzen. Hartu maskara eusten duten tirak eta atera maskara tentuz. Eutsi tira horietatik eta bota maskara basura poltsa batera berriz ez ukitzeko. Berriz ere garbitu eskuak prozesua amaitzean.
Maskara erabiltzearekin lotuta dagoen arrisku nagusia, bere erabilera okerraz gain, ematen duen segurtasun faltsuaren sentsazioa da. Horrela, hori jantzita ditugun kezkak murriztuko direla pentsatzera iritsi gaitezke. Hori dela eta, maskara erabiliagatik garrantzitsua da eskuak ondo garbitzea etxetik ateratzean eta iristerakoan, ez aurpegia ukitzea eta eztula egiterakoan sudurra edo ahoa ukalondoarekin edo paperezko musu zapi batekin estaltzea. Hori bai, paperezko musu zapi hori, behin erabilita, ez du zure poltsikora itzuli behar, aurkitzen duzun lehen zakarrontzira bota behar da edo poltsa batean aparte sartu berriz ez ukitzeko.