Jaione Dagdrommer / 2020-04-20 / 500 hitz
“Check” urdin bikoitza. Ez du erantzuten. Minutuak igarotzen dira. Ezer ez. Pantaila dir-dirka egonarri. Ordubete igarotzen da. Ikono berdearen gainean jakinarazpenik ez gorrian. Zer ari da gertatzen hemen?
Sentitu al duzu inoiz horrelakorik? Hala bada lasaitu, hartu arnasa. WhatsApp-a gure gorputzeko luzapen bilakatu den honetan, ez dugu gure egunerokotasuna bera gabe ulertzen. Itxialdian gainera, ikusi ezin ditugunekin harremana mantentzeko ezinbesteko tresna bilakatu da. Baina noski, gauza guztiak bezala, gehiegikerian erortzen bagara arazoak ekar ditzake.
Horien artean dago antsietate mailak igotzearena. Nolakoa da ordea WhatsApp-aren gehiegizko erabileraren eta antsietate patologikoaren arteko lotura? Argi dagoena da ikerketa askok baieztatu dutela lotura hau. Aplikazio honek pertsona ugari eraman ditzake antsietatea pairatzera.
Fondevila Gascón irakasleak 2016. urtean Pompeu Fabra Unibertsitatean burututako ikerketa baten arabera, galdetu zitzaien erdiek aitortu zuten estresatuak sentitzen zirela WhatsApp mezuei berehala erantzuten ez bazieten. Amandeep Dhir Helsinkiko Unibertsitateko irakasleak beste ikerketa batean ondorioztatu zuen WhatsApp bezalako app-en erabilera konpultsiboak sare sozialen nekea (social media fatigue) deitutakoa sortzen duela eta neke honek depresiora eta antsietatera eraman lezakeela erabiltzailea.
Baina zergatik gertatzen da hau? Zergatik gehitzen da antsietatea check bikoitz urdin horiek azaltzean? Soziometroaren hipotesia honi erantzun bat bilatzen saiatu da. Teoria honen arabera gure mezu bat erantzuna izan den ala ez frogatzen egotea gure inklusio estatusa frogatzea da.
Teoria honen logikari jarraituz, erantzun gabe geratzen diren mezuak bazterketa edo talde esklusio bezala sentitzen dira. Horregatik mehatxu edo arrisku bezala hautematen ditu gure garunak, antsietatea sortuz. Mekanismo zitala da eta honi lotuta hiru nahastetan azaltzen da Whatsapp-a gaizki erabiltzen bada:
– Imajinatutako deiaren sindromea: Zure mugikorrak bibratu edo soinua atera duela imajinatzean datza, nahiz eta benetan ez duen zirkinik egin.
– Nomofobia: Hitz hau “no” (ez), “mobil” (mugikor) eta “fobia” (beldur irrazional) hitzetatik sortutako neologismo bat da. Mugikorrik gabe geratzeko beldurra da. Zenbait pertsonek benetan gaizki pasatzen dute euren gailua ondoan ez dutenean.
– Check bikoitzaren sindromea: Honi lehenago egin diogu erreferentzia. Mezua igorri duenak, bidali dionak erantzuten ez badio sentitzen duen antsietatea da jakinik mezua iritsi zaiola.
App honek sortutako beste antsietate mota FOMO (Fear of missing out edo zerbait galtzearen beldurra) izan liteke. Etengabe konektatuta ez bagaude zerbait galduko dugunaren beldur irrazionala da. Badago beste beldur bat ere eta honek erabiltzaile asko bultzatzen ditu egon nahi ez duten taldeetan egotera. Izan ere, talde hauek uzten baldin badira erabiltzaile hauek uste dute besteek beraiez ez dutela ezer jakin nahi bezala interpretatuko dutela eta baztertu egingo dituztela.
Zein da irtenbidea?
Lehen irtenbidea begi bistakoa da horrelako antsietateren bat pairatzen baduzu: desaktibatu chek bikoitza. App-ak ematen du horretarako aukera. Horrela, ez duzu jakingo besteak mezua irakurri ote duen ala ez, eta noiz irakurri duen. Hala ere, antsietateak zurekin jarraitzen baldin badu adituek wait to worry (itxaron kezkatzeko) metodoa erabiltzeko aholkatzen dute. Hau da, pentsamendu obsesiboen aurka egitea. Honelakoren bat azaltzen den momentuan gerorako uzteko saiakera egitea, zehazki 10 minutu itxarotea horretan pentsatzen hasi aurretik.
Azkenik, zer egin erantzun behar duena zu bazara? Ahalik eta azkarren erantzutearen antsietatearen aurrean lehengo eskemak aldatu behar dituzu. Pentsatu: zuri ez bazaizu axola besteak berehala erantzutea, mezua bidali dizunari ere ez zaiola axolako apur bat itxarotea, ezta?