Kontsumo aldaketa bat

Urtzi Urkizu / 2020-05-30 / 1140 hitz

Ikus-entzunezko edukien eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien kontsumoa asko hazi da gazteen artean, EHUko Nor taldearen ikerketa baten arabera. «Edozertarako erabiltzen dira IKTak, gailu askotan».

Gazteak kategorikoak dira: martxoan itxialdia hasi zenetik, ikus-entzunezko edukien eta IKTen —informazioaren eta komunikazioaren teknologiak— kontsumoa asko handitu da haien egunerokotasunean. EHUko Nor ikerketa taldeak 700 ikasleri egindako galderetatik ondoriozta daiteke hori. Bea Narbaiza eta Edorta Arana irakasleak Applika proiektuan ari dira lanean, EITBrekin batera, hamabost gradutako ikasleekin. «Badakigu gazteek asko kontsumitzen dituztela ikus-entzunezkoak. Eta jakin nahi genuen zer kontsumitzen zuten. Haiekin harremanetan jartzen gara hiru astean behin, Whatsappen bidez», azaldu du Narbaizak.

Duela urtebete hasi ziren proiektuarekin. «COVID-19aren itxialdiak areagotu egin ditu detektatuak genituen hainbat ondorio», esan du Narbaizak.

Edorta Aranaren arabera, kontsumoa aldatu egin da kuantitatiboki eta kualitatiboki. «IKTak gero eta jende gehiagorengana iristen dira, eta, noski, horien artean unibertsitate ikasleak daude, eta ikus-entzunezkoen kontsumoa ere hazi egin da. Kontsumo horiek denboran luzatu egin dira». Konfinamenduaren hasieran, %91k esan zuten lehen baino apur bat gehiago edo askoz gehiago kontsumitzen zituztela ikus-entzunezkoak; hiru aste geroago, %93k erantzun dute hori. Ikus-entzunezkoei eskaintzen zieten denbora «izugarri altua» zen lehen ere, Narbaizaren arabera. Azken galdeketaren arabera, ikasleen %95ek aitortzen dute lehen baino gehiago kontsumitzen dutela.

Aranak azaldu duenez, kualitatiboak diren beste aldaketak daude, aintzat hartzekoak. «IKTetan nahasketa dago: aldi berean baliatzen dituzte ikasteko, denbora-pasarako, lagunekin komunikatzeko… Eta ikus-entzunezkoak gorpuztu egiten ditu oso zeregin desberdinak. Horrek gardendu egiten du IKTen erabilera; edozertarako erabiltzen dira, ohartu barik». Eta joera hori gizarteko sektore guztietan izan da; unibertsalizatu egin da IKTen erabilera informatzeko, entretenitzeko ala bideo deiak egiteko. Ikerketek erakusten dute gailu asko erabiltzen dituztela kontsumo horiek gauzatzeko; besteak beste, ordenagailu eramangarria eta tableta, baina bereziki sakelako telefonoa. «Beharren arabera, pantaila batera edo bestera joan daitezke», gaineratu du Aranak. Mondragon Unibertsitateko ikasleen datu esanguratsu bat eman du, beste alde batetik, Idoia Astigarraga irakasleak: ikasleen %51k sakelakoan ikusten dituzte ikus-entzunezko edukiak.

EHUko ikerketako datuek ondorioztatzen dute ikasleek informaziorako, entretenimendurako eta denbora-pasarako hornitzaile desberdinak erabiltzen dituztela: Netflix, EITB Nahieran, HbbTV, webguneak… nahasketa egiten dute. Netflix denbora-pasarako liderra da. Telebista tradizionalean, ETB2 eta La1 dira gehien ikusi dituzten kanalak itxialdian. «Informazio iturri ugari erabiltzen dituzte: jatorri oso desberdinetako sare sozialak, bideo barregarriak edo deigarriak, pelikula luzeak, albistegiak… aniztasun handia dago erabilera horretan». Narbaizak, ildo berean, honako ñabardura hau egin du: «Dena erabiltzen dute; dena ezagutzen dute. Egun osoan daude konektatuta sare sozialen batean. Eta modu paraleloan egiten dituzte beste kontsumo batzuk».

Hizkuntzen osagaiari dagokionez, gaztelera ez da hizkuntza bakarra. Erantzunetan, batzuetan ingelesa agertzen da, eta beste batzuetan, euskara. Frantsesez eta koreeraz ere ikusten dituzte edukiak. «Hizkuntzari buruz, gazteak prest daude edukiak jatorrizko hizkuntzan kontsumitzeko», uste du Narbaizak. «Jatorrizko bertsioan edukiak ikusteko joera handitu egin da, azpidatziez lagunduta sarritan». Aranak uste du euskarak eta hizkuntza gutxituek zailtasunak dituztela tokia egiteko: «Hizkuntza nagusiak nagusiagoak dira ikus-entzunezkoen eremuan. Izan ere, produktu asko daude hizkuntza horietan; eskaintza handia dagoenez, eta kontsumitzaileek ate asko zabaldu dituztenez, euskarak duen pisua apalagoa da. Efektu perbertso bat gertatzen da: kuantitatiboki oso handia da eskaintza; hor euskarak pisu txikia du, eta katalogo ikaragarri handi horretan leku bat egitea zaila da jendearen begietara iristeko».

Narbaiza ez da hain ezkorra: «Irakurketa irekiak egin behar ditugu. Euskarazko edukien kontsumo datuak inoizko onenak izan dira, modu absolutuan hartuta. Gero, tentazioa dago konparazioetan sartzeko». Aranak aitortu du euskaraz itxialdian egin diren produktu asko «oso kalitate handikoak» izan direla. «Euskarak alde horretatik egin duen jauzi kualitatiboa handia izan da. Arazoa da ez duela lekurik aurkitu ikus-entzunezko merkatuaren erakusleihoan, eta hor promozioa eta posizionamendua landu behar ziren. Kontsumitzeko, lehenbizi ezagutu egin behar da». Aranak ontzat jo du azkenaldian euskarazko hedabideek Interneten sortu duten trafikoa: «Inoiz izandako handiena. Baina egia da ikus-entzunezkoetan egoera desorekatua dela, euskarazkoak toki txikiagoa daukalako».

Telebista tradizionala

Denboran urte gutxi batzuk atzera joz gero, telebista tradizionalak askoz pisu handiagoa zuen gazteen artean gaur egun baino. Idoia Astigarraga Mondragon Unibertsitateko irakasleak Gazteen interakzioa ikus-entzunezko edukiekin: Mondragon Unibertsitateko ikasleen kasua doktore tesia argitaratu zuen 2017an. Landa lana 2014an egin zuen, eta titular nagusietako bat honakoa izan zen: «Telebista gailendu egiten zitzaion Interneteko kontsumoari gazteen artean. Batez beste minutu gehiago pasatzen zituzten telebista tradizionalaren aurrean Interneteko ikus-entzunezko edukiak ikusten baino». Duela sei urte, gazteen %10ek ez zuten inoiz telebista tradizionala ikusten. Ehuneko hori handituz joan da azkeneko urteetan.

EHUko ikasleen artean, gaur egun, %23,3k ez dute inoiz erabiltzen telebista tradizionala. Baina kopuru hori duela hilabete batzuk baino txikiagoa da. Izan ere, Nor taldearen arabera, telebista tradizionala ikusten dutenen kopurua handitu egin da konfinamendu garaian. «Koronabirusaren aurretik telebista inoiz ikusten ez zuten batzuk telebistara hurbildu dira. Horietako askok diote informazio hoberena telebistan topatzen dutela», azaldu du Narbaizak. Ikasle horietako %40,7k ordubete baino gutxiago ikusten dute telebista tradizionala.

Askoz denbora gehiago pasatzen dute ikasleek streaming bidezko plataformak ikusten. Astigarragak argi du bilakaera bat egon dela ikus-entzunezkoen kontsumoan. Netflix 2015ean iritsi zen Euskal Herrira, eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak horren aurretik egin zuen doktore tesia. «Iaz, berriz, ikasleei galdetu nien ea Netflix zenbatek kontsumitzen zuten, eta erdiek eman zuten baiezkoa».

Nor taldearen arabera, Netflixen kontsumoak azken hilabeteetan «sekulako gorakada» izan du Euskal Herrian. Netflix da plataformarik hedatuena ikasleen artean, Narbaizaren aburuz. «Baina beste batzuk ere asko hazi dira; izan ere, jendea ez da konformatzen plataforma bakar batekin. Netflix oso hedatua dagoen arren, Amazon, HBO eta Filmin asko hazi dira. Movistar Plus ere askok kontsumitzen dute».

Sare sozialetan are denbora gehiago pasatzen dute gazteek streaming zerbitzuetan baino. Astigarragak azaldu duenez, lehen ere bazegoen sare sozialen erabilera handia gazteen artean. 2014an, %94k Whatsapp egunero erabiltzen zuten; Facebooken kontu bat zuten %88 inguruk; eta Twitterren %66k. «Urteotan, Instagram indarra hartuz joan da, eta eremua kendu dio Facebooki». Nor taldearen inkestako datua esanguratsua da: soilik gazteen %0,1ek ez dituzte sare sozialak erabiltzen.

Datozen hilabeteetan, zer?

Koronabirusaren garaiotan izan diren aldaketak «gelditzeko» etorri direla uste du Narbaizak. «Sare sozialen eta ikus-entzunezkoen kontsumoa etengabekoa da. Eman behar zaio merezi duen garrantzia, herritarren bizitzen une guztietan egongo delako presente; beti ibiliko gara gailu batekin, edukiak zabaltzen. Bestetik, ontzat eman dugu edukiak ordaintzeko prest gaudela. Duela gutxira arte, hori pentsaezina zen». EHUko irakasleak ez du uste datozen hilabeteetan kontsumoa jaitsiko denik orain igo den bezainbeste. «Jendea bere egunerokora bueltatzen baldin bada, kontuan hartu beharko da gailuak erabiltzen direla gauza guztietarako. Gazteak aspaldi moldatuak ziren horretara. Eta orain, joera adin guztietako herritarrengana zabaldu da».

Aldaketa sozialek denbora behar izaten dutela esaten da, Aranak ohartarazi duenez. «Zenbat denbora eskaintzen diogun zeri, ohitura horiek ez dira berehala aldatzen; normalean, asko kostatzen da. Baina garai kualitatiboki esanguratsuak egoten dira, eta hau horietako bat izan da». Kontua da aldaketa ez dela soilik gazteen artean gertatu. «Jende askok lehen ez zituen ezagutzen teknologia horiek, eta sartu egin da sareko kontsumoetara. Eta ikusi dute zenbait zerbitzu zein ongi egokitzen diren haien beharretara. Jende horrek sortzen du edukiak zabaltzearen dinamika. Datozen hilabeteetan kontsumo hori ez da jaitsiko lehen zegoen mailara, inondik inora». Udazkenean pandemiaren olatu berri bat iritsiko balitz, esaterako, Arana ziur dago gaur egun antzeman dituzten joerak mantendu egingo liratekeela.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.