Jaione Dagdrommer / 2020-10-16 / 325 hitz
Corina Lagos, neurri handiko modelo eta aktibistari, Instagram kontua ezabatu diote gizenfobiaren aurkako kanpaina batean parte hartzen ari zenean.
Gorputz ez hegemonikoei ikusgarritasuna emateko kanpaina baten erdian, Instagramek Corina Lagos, neurri handiko modelo eta aktibistaren, kontua ezabatu zuen. Plataformak erabaki hauek hartzen ditu sare sozial honen erabilera arauen bortxaketen inguruko salaketa asko jasotzen baditu, nahiz eta askotan bere erabakian erratu dela onartu eta atzera egin, kasu honetan bezala.
Pasa den irailaren 10ean Argentinan #VisibilidadGorda (Ikusgarritasuna Gizena) kanpaina martxan jarri zen gizenfobiaren aurka. Influencer ezberdinek, aktoreek eta ikuskizunaren munduko hainbat pertsonek bultzatu dute ekimena. Helburua ikusgarritasun askoko pertsonen; neurri handiko modelo, artista eta aktibisten argazkiak, partekatzea zen euren sare sozialetan, jende gehiagorengana iritsi daitezen eta horrela hegemonikoak ez diren gorputzen ikusgarritasun ezaren muga gainditzeko asmotan.
Corina Lagos-en irudia asko partekatu zenetako bat izan zen, eta horregatik jarraitzaile asko irabazi zituen denbora gutxian. 10 mila jarraitzaile egun bakarrean izatera iritsi zen. Alta, arrakasta berehala desagertu zen: Instagramek bere kontua itxi zuen. Lagos-ek partekatutako irudietan ez dago gorputz biluzirik ez eta biolentziarik ere, besterik gabe gorputz ezberdin bat erakusten du. Beraz, zergatik ezabatu zuten bere kontua? Badirudi gizenfobiak argitalpen mota hauek salatzera daramatzala batzuk.
Lagos-ek aipatu du hau beti gertatzen zaien zerbait dela. Ezabatu eta berehala Instagram-i idatzi zion arrazoia galdetuz, birala egin zen gainera albistea, eta handik egun batzuetara plataformak berriz itzuli zion bere kontua, baina ez zion inongo arrazoirik eman horrela jokatzeko.
Lagos-ekin gertatutako ez da salbuespena ordea. Orain dela gutxi Nicholas-Williams, neurri handiko modeloa fenomeno honen beste biktima izan zen. Bere argazki bat zentsuratua izan zen Instagramen nahiz eta sare sozial honen inongo araurik ez zuen hausten. Egunero aurkitu daitezke emakume zuri biluzi eta argalen argazkiak, baina emakume gizen beltz baten gorputza debekatuta dago? Ezin sinisturik nago, isilarazi sentitzen naiz, idatzi zuen zentsuraren ondoren Nicholas-Williams-ek.
Jendearen eskari ugarirengatik Instagram gizenen aldeko aktibisten ordezkariekin eta afrikar komunitatekoekin elkartu zen Estatu Batuetan. Bileraren ostean erakundeak barkamena eskatu zion modeloari eta beren politikak gorputz guztiei berdin aplikatzera konprometitu ziren.