Nahieran entrenatzearen xarma

Zihara Jainaga Larrinaga / 2020-12-09 / 940 hitz

Duela hogei urte inguru sortu zen, baina konfinamenduan ugaritu egin dira Calistenia, Street Workout eta antzeko parkeetan edota kaleko gimnasioetan aritzen direnak. Gero eta erabiltzaile gehiago dituzte. Aire librean eta taldean entrenatu ahal izatea nabarmendu dute zenbait erabiltzaile eta prestatzailek.

Eguerdiko hamabiak pasa dira, tenperatura ez da hamar gradura iristen, eta giro umela da nagusi Arrigorriagan (Bizkaia). Hala eta guztiz ere, Aitor Fernandez ez da kikildu, abenduan egon arren, mahuka motzetan iritsi da bere eguneroko entrenamendu saioa egitera. Musika ez oso altu jarri, eta hasi da luzatze ariketekin. Kalean entrenatzen da, Calistenia modalitatean aritzen da, duela urtebetez geroztik. Konfinamenduan jendearen ohiturak asko aldatu dira; horren erakusle, orain, gimnasioetara joatea baino aukera erakargarriagoa da jarduerak kalean egitea. Kasu horietarako gune oso aproposak dira Calistenia eta Street Workout parkeak. Gero eta erabiltzaile gehiago dituzte.

Etor Mendia Lazkaoko (Gipuzkoa) Kemen kirol osasun zerbitzuetako prestatzaileak azaldu duenez, gorputzaren pisua baliatuz, aparteko instrumenturik gabe, ariketa fisikoa egitean datza Calistenia. Gorputzarekin jolastea. Greziar garaian du jatorria, eta Calistenia izena kalos (edertasuna) eta estenos (indarra) hitzetatik dator. Hala nola XVII. mendean Frantzian hasi zen kirol edo modalitate horren garapen modernoa, eta, hasiera batean, emakumeentzako ekintza baten moduan proposatu zela kontatu du Mendiak.

Hona duela hogei urte iritsi zen kirol hori, Amerika aldetik; baina Mendiak azaldu duenez, 2008. urte inguruan izan zen gorakadarik handiena, «Youtuberen bidez». Prestatzailearen arabera, kirolaren ikusgarritasuna litzateke boom horren arrazoi nagusia. «Ingurune natural batean egiten da, eta oso baliabide gutxi behar dira. Edozeini ematen dio aukera kirola egiteko, bere baliabide ekonomikoak murritzak izanda ere; horixe da izan duen zabalpenaren beste arrazoietako bat».

Onuren zerrenda

Iñigo Vicens prestatzaile fisikoak hainbat urte daramatza kirol hori praktikatzen, baina, dioenez, Euskal Herria hain euritsua izanik, ez du abagunea nahi duen aldiro izaten. Gimnasio konbentzionaletatik kanpo, entrenamendu berdintsuak kalean egin ahal izateko aukerak erakarri zuen Vicens. Dioenez, Euskal Herria beti izan da oso kirolzalea, baina, kasu honetan bereziki, eragina izan du Ameriketako joera asko Europa osora zabaltzen aritzeak. Vicensen ustez, denboran atzera, elitistagoa zen gizartea. «Futbola eta beste hiru kirol egiten ziren, gehienez ere; nahiko aukera mugatuak zeuden». Aldiz, duela bizpahiru hamarkada hasi zen gimnasioen gorakada, eta, egun, Vicensek azaldu duenez, gehiago egiten da modu funtzionalean. Hala, erabiltzaileek kaleari kutsu handiagoa ikusten diote, edota gutxiago aspertzen dira.

Street Workout kirol modalitatean, ariketak barra paraleloen laguntzaz egiten dira, eta, Vicensek aitatu duenez, bereziki hankak lantzen dira. «Beti egin izan diren entrenamendu militarren antzekoak dira, baina ohiko gizaki baten gorputzarekin eginda». Halako parkeetan, gimnasio konbentzional baten aldean, ia materialik erabili behar ez izatea azpimarratu du Vicensek. Horrez gain, dioenez, jendeak natura bilatzen du, kanpoan arnastea. «Kalean, ez dago mugarik, talde handiak elkarrekin entrena daitezke; gimnasio arrunt batean, hori ez da posible, eta ez da sortzen kaleko energia hori». Hots, kalean entrenatzeak denek elkarrekin entrenatzeko aukera ematen du, bai eta gorputza erabiliz entrenatu eta bakoitzaren ahalmenenetara egokitutako ariketak egitekoa ere. «Gimnasio konbentzional batean, aldiz, beti makina berdinak daude, analitikoagoa da. Kalean, ez zara mugatzen makina baten erabilerara». Mendiak dioenez, halako parkeek erraztasunak eskaintzen dizkiote erabiltzaileari. «Ez dago gimnasio batera joan, abonu bat atera edo sarrera bat ordaindu beharrik. Gune naturalean egiten da, lagunekin edo gisa bereko jendearekin egoteko aukera eskaintzen du, eta, nolabait, lotura horrek bultzatzen eta motibatzen du jendea».

Arrigorriaga aitzindari

Halaber, kirol horren alderdi garrantzitsu bat azpimarratu du Mendiak: sozializazioa. Calisteniaren zabalkundearen oinarri bat XIX. mendean izan zen, orduan hedatu baitzen AEBetan. Leku txiroetan arrakasta handia izan zuen, baliabide ekonomikorik ez zuen jendeak aukera zeukalako kirola praktikatzeko. «Afinitate eta sozializazio horrek, azken finean, garrantzi handia dauka», dio Mendiak. «Gune berean antzeko jendea batzen denean, antzeko motibazioekin, arrakasta bermatua izaten da askotan», gaineratu du.

Norberaren mailaren arabera, edonorentzat gomendatutako kirola da Calistenia, Mendia eta Vicensen arabera. Taldean egiten diren ariketetan lehia osasuntsua sortzen da, nolabaiteko intentsitatea, eta hori ona dela azpimarratu dute. «Askotan, hobea da talde giro on bat, planifikaziorik onena baino», gaineratu du Vicensek. Sortzen den giroak egiten dituzte berezi Calistenia eta Street Workout parkeak. «Ez da garrantzitsua zer entrenatzen den, baizik eta zeinekin eta nola».

Duela bizpahiru urte, herritarren eskariari kasu eginez jarri zuten Calistenia eta Street Workout kaleko gimnasioa Arrigorriagan. Aitzindarietakoak izan ziren. Udal kiroldegiaren aldamenean dago instalazioa, eta, nagusiki, posizio desberdinetan jarritako barra paraleloek osatzen dute. Juan Carlos Muñoz Arrigorriagako kirol teknikariak azaldu duenez, muskulazioa lantzea gogoko duten kirolari edota gimnasiozaleak izaten dira parkearen erabiltzaile nagusiak. «Normalean, gazte jendea izaten da, eta kiroldegi aldamenean izateak laguntzen du».

Egun dagoen egoera aintzat hartuta, mugatu egin behar izan dute parkeko erabiltzaile kopurua Arrigorriagan. Gehienez, lau pertsona bil daitezke. Hala ere, Muñozek azaldu du jende asko animatzen dela. «Eguraldi txarrarekin eta hotzarekin, ez da erosoa, baina, udaberrian eta udan batik bat, asko erabiltzen da». Balorazio ona egiten du udalak, nahiz eta auzokideak kexatu izan diren erabiltzaileen zarata eta musikagatik. Ondorioz, arauak jarri behar izan dituzte. Muñozek azpimarratu du normal erabiliz gero oso gune aproposa dela.

Hain zuzen, Vicensek azpimarratu du Euskal Herrian eguraldi hobea balego jende asko entrenatuko litzatekeela kalean. «Kaleak aukera asko eskaintzen ditu. Ariketa aerobikoak zein indar ariketak egiteko». Gaineratu du hasieran jendeari oso arraroa gertatzen zitzaiola haiek kalean entrenatzen ikustea, «barrukoa zegoen normalizatua».

Entrenamendua hasteko beroketak egiten dituen bitartean, Fernandezek kontatu du arratsaldetan taldetxoa batu ohi dela Arrigorriagan, elkarrekin entrenatzeko. Fernandezek dioenez, inguruko herrietan, Basaurin, Ugaon eta Bilbon halako parke gehiago badaude ere, Arrigorriagako parkea da osoena. Calistenia praktikatzen duten kirolarien talde bat ere osatu dute, eta sare sozialen bidez jartzen dira harremanetan entrenamenduak egiteko. «Talde bat izanik, elkar laguntzen dugu; hala, dibertigarriagoa da». Halako guneak erabiltzearen hautua askotan alferkeriagatik izaten dela azpimarratu Vicensek. «Norbaitekin joateak animatzen ditu erabiltzaileak». Fisikoki mailarik gorenean egoteko ere egiten dute batzuek; beste batzuek, ez dakitelako kirola nola egin, eta asko, gimnasio konbentzionalez aspertu direlako eta gauza berriak probatu nahi dituztelako.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.