Argazkietako txuri salbatzaileak

Amaia Rojo / 2021-05-21 / 547 hitz

Ceuta eta Melilla, Gaza edo Saharatik jasotzen ditugun argazki eta bideoak beti berdinak dira. Erreportajeak gauza bat dio, asko idatzi eta teorizatzen da, konfliktoa zertan datzan eta giza eskubideak nola urratzen diren azaltzen da ere. Baina gero argazkia beti berdina da.

Eta ondorioz, sareetan argazki berberak egiten dira beti biralak. Eta ematen du ezin dugula gure begirada paternalista txuri kolonizatzailea behingoz alde batera utzi. Sufrimenduz jositako argazkiak jaso eta partekatzen ditugu etengabe, gatazkak berak bakarrik gure errukia jasotzeko gutxi duenez, pribilejiozko pedestal horretan hunkituko gaituztenak argazki hauek bakarrik direlako, antza.

Suposatzen dut denok ikusi dugula Palestinako bi umeren argazkia, irribarretsu, Israelgo bonbetatik haien arraina salbatu dutela erakusten. Errefuxiatuen, gerretako biktimen, pateretan bidaia lazgarriak egiten dituzten argazki eta bideoak etengabekoak dira.

Inolako filtro gabe eta haien identitatearekiko kontsideraziorik gabe partekatzen ditugu, hildako gorputzen, zaurituen eta sufrimenduaren errespetu oso gutxi dugula agerian utziz. Modu krudelean esanda, pertsona hauen gorputzak, hildako gorputzak eta gorputz zatiak askotan; baina era berean, negarrak, intimitatezko samin garaiak eta desesperazioa, sufrimenduaren pornografia bezala erabili, posteatu, erreproduzitu eta bertxiotzen ditugu.

Aste honetako argazki biralaren kasua oso esanguratsua da. Gurutze Gorriko boluntario bat Ceutara iritsi berri denari besarkada ematen. Boluntarioaren izena ere ezagutzen dugu, eta ez hori bakarrik, bere izenarekin hashtag bat eta guzti egin da honi eskerrak emateko.

Modu garbi batean ikusi daitekeen bezala, argazki hau sufrimenduaren kapitalizazioa da, txuri salbatzailearen konplexu arrazista iraunarazten duena. Eta horrekin, argazkiaren eta ez hori bakarrik, tragediaren paper zentrala pertsona txuriek dugun humanitate laguntzaileak bereganatzen du. Argazkirik bilatzen ez zuen besarkada honetatik egindako tratamendua ikuspegi kolonialista huts batetik egin da:

Begira nola laguntzen diegun, begira zer gertatzen ari den, begira, begira, begira.

Begira zer? Begira nola besarkada batek giza tragedia bat arintzen duen. Bizitzak  baliorik ez duen dimentsio diplomatiko eta geopolitikoak dituen konfliktoa laguntza ekintza batera sinplifikatzen da. Are gehiago, partxe bat kasu honetan bestelako basakeria eta oinarrizko giza eskubideen urraketak estaltzeko balio duena.

Gurera zuzenean eragiten ez duten baina izugarri sentsibilizatzen gaituzten konfliktoen “begira zer gertatzen ari den” erakusteko begirada moralista salbatzailea beti ezartzen dugu. Bestela ez digu eragiten, edo ez dakit, kosta egiten zaigu sufrimendua ikustea. Sufrimendua ikusten dugunean bakarrik eragiten digu eta datuetan konfliktoak deshumanizatzen ditugu. Baina kontua ez da ez bata, ez bestea.

Europar Batasunaren eta inguruko estatuen migrazio politikei buruz informatu, hausnartu eta iritzi kritiko bat garatu ordez, Platonen haitzuloko itzalak diren argazki hauekin konformatzen gara. Eta gure erantzukizuna kanpoan uztea hainbeste gustatzen zaigunez, konfliktoa argazki bihurtuz gure begirada kritikoa “ai gizajoak” batera murriztea eroso zaigu. Eta beste behin, ematen duenez modu honetara bakarrik ez dugu tragedia bat humanizatzen.

Ez dakit nola gertatzen den, benetan. Baina injustizia baten aurrean gure barruko sen salbatzaileak eztanda egiten digu eta ezin dugu gure txurikeria biktimista diskurtso humanitarioen erdigunean ez kokatu.

Serio diot. Zer astunak eta zer arduragabeak garen eta zenbat lan dugun aurretik egiteko (oso berandu goaz, gainera). Izan ere, gure inguruan uneoro ari da (gara) jendea hiltzen, inguruko itsaso, kale eta parkeak hilerri anonimo bihurtu ditugu. Eta gure instituzioen arrazakeria eta bazterkeriaren parte eta konplize gara, ez ahaztu.

Horregatik, hiru mila eurogatik bi astez boluntario bezala Afrikara joen den hori bezala, gogoratu: gure intentzio onak, gure penak, gure errukiak ez du ezertarako balio, Intentzio, pena eta haserre hauek bideratu eta politizatzen ez baditugu.

Kritikatik baino autokritikatik idatzi dut hau, nazkatuta nagoelako nire burua horrelakoetan etengabe erortzen ikusteaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.