Jaione Dagdrommer / 2021-05-18 / x hitz
Ordutik aplikazio ezberdinak sortu badira ere, 50 urteren ondoren, pertsona gehienak euren lanpostura iristean egiten duten lehen gauza posta elektroniko berririk ba ote dagoen begiratzea izaten da.
Posta elektronikoak mende erdia bete du eta inoiz baino jite hobean dago. Bere datuak ikusi besterik ez dago: egunero 2.630 milioi e-mail bidaltzen dira munduan. Horrenbeste dira, ezen sortzen duten karbono lorratza jada arazo bihurtzen ari dela gure planetarentzat.
Jaio zenetik posta elektronikoaren arrakasta haziz joan da. Egun, Internetera sarbidea duen edozeinek du doako posta elektroniko kontu bat. Zaila da bera gabe Interneten bizirautea: Instagram eta Twitter bezalako profilak sortzeko edota Amazonetik produktuak erosteko bat edukitzea ezinbestekoa da.
Baina ba al zenekien posta elektronikoa ia kasualitatez jaio zela? Ordenagailuen artean baliabideak partekatzeko sortu zen Internet, gastuak merkatu eta ikerketak bultzatzeko, baina pertsonen arteko komunikazioa ez zegoen hastapeneko helburuen artean.
Alabaina, denborarekin publiko orokorrarentzat azken hau izan zen Interneten erakargarritasun handiena. 90. hamarkadan Nokiak ezagun egin zuen leloa gogoratu besterik ez dago: Connecting people (Jendea konektatzen).
Posta elektronikoaren jatorria
BBN Technologies erakundeko ingeniaria zen Ray Tomlinson-ek bidali zuen 1971. urtean lehen emaila. Eta, hoi dela eta, bera izango bada ere @-ren asmatzailea, talde lan baten emaitza izan zen posta elektronikoa. Beste izenak Lawrence Roberts, Steve Croker edo John Vittal dira, beste batzuen artean.
Komunikazio bide sinple eta azkar bat edukitzea oso ondo hartua izan zen komunitate zientifikoan. Denbora gutxian tresna izar bilakatu zen. Honela, unibertsitate alorrean berehala baloratu zen bere erabilera. Ikerketa txostenak bidaltzeaz gain, bertan informazioa biltegiratu zitekeen eta modu erraz eta azkarrean kudeatu. Gainera, nazioarteko mugak gainditzeko ere balio zuen posta elektronikoak, planeta osoko jakintza elkarbanatzeko aukera emanez.
Honela, orduko komunikazio tradizionalak eraldatu zituen eta 1975. urtean gaikako e-mailen zerrenda izugarri luzean zen, SF-LOVERS deitutako zientzia fikziozko e-mail kate bat egoteraino iritsiz. Orduan sortutako komunitateak sare sozialen hastapenak izan ziren.
Erakunde pribatuek berehala ikusi zituzten komunikabide honen abantailak. 1988. urtean Microsoft-ek posta elektronikoa kudeatzeko lehen software-a sortu zuen. Urte bete baino gutxiagoan jada milioi erdi kontu zituen eta hamar urte geroago 40 milioi.
90. hamarkadaren erdialdean beste zenbait aplikazio sortu ziren: Hotmail, Yahoo!Mail… xede ludikoagoa zutenak eta gazteei zuzenduak zeudenak batez ere. Doako alternatibak ziren eta helburua pertsonen arteko komunikazioa sustatzea zen, eta baita lortu ere! Posta elektronikoa bulegoetatik etxeetara zabaldu zen telebista eta garbigailuarekin gertatu zen bezala. Familiak jada etxean Interneterako sarbidea zuten ordenagailuak instalatzen hasi ziren.
1998an You’ve Got Mail pelikula estreinatu zen Tom Hanks eta Meg Ryan protagonista zituena. Mezu bidalketa programa digital baten bidez maitemintzen dira biak, emailak elkarbanatuz. Urte horretan bertan, Oxford English Dictionary-k spam hitza sartu zuen bere hiztegietan Monty Phython-en scetch baten ondoren.
Posta elektronikoa egun
2004an Gmail-ek beta aplikazio bat sortu zuen eta 2009an bere web bertsio behin-betikoa jauri zuen. Egun posta elektroniko zerbitzu erabiliena da mundu osoan. Bere aurkarien aurrean Gmail-ek 1 GBeko biltegiratze gaitasuna eskaintzen zuen, argazki eta bideoak atxikitzeko aukera emanez.
Posta elektronikoaren alde iluna
Komunikazio tresna eraginkorra bada ere posta elektronikoa, honen arrakastaren aurrena ahots batzuk kritiko azaldu dira. Izan ere, askorentzat lanaren dispertsioaren arduraduna da posta elektronikoa. Egin diren ikerketa ezberdinek ondorioztatu dute erakundeek inbertitutako lau eurotatik bat posta elektronikoari kasu egiteko jarduera errepikakorrean joaten zaiela.