Jaione Dagdrømmer / 2021-11-08 / 340 hitz
Garunak mekanismo partekatu bat erabiltzen du hizkuntza bateko hitz ezberdinak beste hizkuntzetako hitzekin uztartzeko. Hau egiteko moduak eragina du elebiduntasuna prozesatzeko garaian.
Horixe dio behintzat neurozientzialari talde batek berriki burututako ikerketa batek. Aurkikuntza honek erakusten du hizkuntza aldaketak, elebidunak direnen garunetan, zerbait naturala dela. Garunak duen mekanismoak ez baitu hizkuntza aldatu dela atzematen, trantsizio perfektu bat eginez, hizkuntza ezberdinak momentu berean ulertzeko.
“Gure garunak gai dira hainbat hizkuntza barneratzeko”, dio Sarah Phillips-ek, ikerketa berri honen buruak. Hizkuntza ezberdinak erabiltzen dituzten soinuetan ezberdindu daitezke edota esaldietan hitzak antolatzeko moduan. Alta, hizkuntza guztietan konbinatu behar dira hitzak pentsamendu konplexuak adierazteko.
Ikerketarako koreera eta ingelesa hitz egiten zituzten elebidunak aztertu ziren. Bi hizkuntzetan esamoldeak interpretatu zituzten, ondoren hizkuntza bakar bateko adierazpenak ere aztertu zituzten eta bi prozesuetan mekanismo neuronal berdinak erabili zituztela behatu zen.
Elebidunen garunak erraztasunez konbinatzen dituzte hizkuntza ezberdinetako hitzak. Egun ia pertsona gehienak gutxienez bi hizkuntza hitz egiten baditu ere, maila neurologikoan prozesu honek erabiltzen dituen mekanismoak ez dira guztiz ondo ulertzen. Elebidunek askotan bi hizkuntzak nahasten dituzte hitz egiterakoan eta ikertzaileek hori nola gertatu litekeen ikertu nahi izan dute.
Hau jakiteko, zientzialariek subjektu ezberdinen jarduera neuronala neurtu zuten ingeles-korear elebidunetan. Hemen, ikerketa subjektuek, hitz ezberdinek konbinazioak eta irudiak behatu zituzten ordenagailuan. Ondoren, irudiak aurretik ikusitako hitzekin bat egiten zuten ala ez aipatu behar zuten. Hitzek bi esaldiko perpaus bat osatzen zuten edo bi aditz euren artean konbinatuak esaldi esanguratsu baten barruan. Kasu batzuetan, bi hitzak hizkuntza berdinekoak ziren (ingelesa edo korearra), aldiz, beste batzuetan bi hizkuntzen konbinaketa erabiltzen zen.
Subjektu hauen garuneko jarduera neurtzeko, ikertzaileek magnetoentzefalografia (MEG) erabili zuten, garuneko jarduera eremu magnetikoen bidez aztertzen duena. Probek erakutsi zuten elebidunek, hizkuntza mistoetan adierazpenak interpretatzerakoan, hizkuntza bakarrekoak interpretatzerakoan erabiltzen duten mekanismo neuronal berdina erabiltzen dutela.
Garuneko ezkerreko lobuluari ez zaio axola jasotzen dituen hitzak hizkuntza bakarrean dauden ala hizkuntza ezberdinetan. Garuneko gune honek hitzen esanahi konplexuak konbinatzeari ekiten dio, besterik gabe.
Aurkikuntza honek frogatzen du garunarentzat hizkuntza aldaketak naturalak direla pertsona elebidunetan, hitzak konbinatzen dituen prozesuak ez duelako ikusten hizkuntza aldatu den ala ez.