BERRIA Ikasgela / Ion Orzaiz / 2025-01-14 / 335 hitz
Inoizko urterik beroena izan zen iazkoa, Europako Batzordearen Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuaren arabera. Planetaren batez besteko tenperatura 15,1 gradukoa izan zen, industria aurreko aldian baino 1,6 gradu gehiagokoa.
Jakina zen, baina datuekin baieztatu dute: 2024a izan da inoizko urterik beroena, eta 1,5 graduko igoeraren langa gainditu zen lehen aldiz, industria aurreko batez besteko tenperaturarekin alderatuta. Zehazki, munduko tenperatura 15,10 gradukoa izan zen batez beste. Orain arte, 2023a zen inoizko urterik beroena, baina orduko batez besteko tenperatura 0,12 gradu gainditu da amaitu berri den urtean. Areago: azken hamar urteak, 2015etik 2024ra bitartekoak, Lur planetan erregistratu diren hamar beroenak dira.
Carlo Buontempok, Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak, gisa honetako tenperatura igoera baten ondorioak ere laburbildu ditu: «Fenomeno horren azpian dagoen fisika oso argia da. Klimaren berotze global txiki batek muturreko fenomeno ohikoagoak eta biziagoak eragiten ditu; besteak beste, bero bolada bortitzak. Atmosfera beroagoak, bestalde, hezetasun gehiago atxikitzen du, eta horrek prezipitazio handiagoak eragiten ditu; itsasoak beroago egoteak, berriz, ekaitz suntsitzaileen potentziala handitzen du», esan du. Hala ere, esperantzarako leiho bat zabalik utzi du Buontempok: «Etorkizuna gure esku dago oraindik: ekintza azkar eta eraginkor batek etorkizuneko klimaren norabidea alda dezake».
Parisko Hitzarmenak 2015ean ezarri zuen 1,5 graduren muga ez da erreferentzia sinboliko bat soilik. Mugarritzat hartzen da, zientzialarien arabera, berotze horretatik aurrera klima aldaketak desoreka handiagoak eragingo dituelako ekosistemen orekan, eta, ondorioz, giza osasunean.
Edonola ere, zientzialariek argi dute, tenperaturen bilakaera ikusita, geroz eta aukera handiagoak daudela 1,5 graduren langa gainditzeko. Lurraren berotzeak azken hemezortzi hilabeteetatik hamazazpitan pasatu du muga hori, Copernicusen arabera. 2023ko otsailean, lehenengoz izan zen urte natural baten tenperatura industria garaiaren aurrekoa baino 1,5 gradu beroagoa, eta 2024ko ekainean, lehen aldiz, hamabi hilabetek gainditu zuten jarraian 1,5 graduren berotzea. Orain, 2024a bihurtu da langa hori gainditu duen lehen urtea.
Copernicusek aurreikusi du egungo joera berean jarraituz gero Lurraren berotzea 1,5 gradura helduko dela 2030eko ekainean. Hala gerta ez dadin, zientzialariek ezinbestekotzat dute egungo ekoizpen eta kontsumo sistemak berehala eta nabarmen aldatzea, emisioak drastikoki gutxitzeko erabakien bitartez.