Iker Tubia / 2016-03-17 / 1.541 hitz
Osasunak Gorritxo maskota berreskuratu berri du, zaleen bultzada beharrezkoa baita lehenbiziko mailara igotzeko. Ez da, baina, maskota duen kirol talde bakarra. Partidetako giroa berotzea eta atsedenaldietako egona arintzea izaten da haien lana. Ez dira oharkabean igarotzen.
Zabor artetik itzuli da. Edukiontzira bota zuten 2002. urtean, Patxi Izko Osasunako lehendakari zela, baina azkenean Sadarreko belar gainean agertu da berriz ere. Gorritxo, Osasunako maskota, Alavesen aurkako derbian zelairatu zen, igandean, eta, aurrerantzean, etxean jokatzen diren partidetan dantzan ariko da, zaleen gozagarri.
Aitor Royo Osasunako komunikazio arduradunak uste du Gorritxo ez zela inoiz ere galdu behar. «Ingalaterran eta Alemanian oso ohiturik daude futbolaren gisako kirol espektakulu batean zerbait gehiago eskaintzera. Hona motel ari da ailegatzen», esan du. «Sadarren eguna benetan espektakulu bat izatea nahi dugu, eta jendea ongi pasatzera etortzea». Haren aburuz, Gorritxo izanen da hori lortuko duena, «elementu atsegina» delako.
Ez da, ordea, Euskal Herriko maskota bakarra: Baskoniako Aker, Gipuzkoa Basketeko Gipu, Biarritz Olympiqueko Koxka, Aviron Bayonnaiseko Pottoka… Beste batzuek bazter utzi dute mozorroa. 2013an desagertutako Itxako eskubaloi taldeak ere bazuen giroa berotzeko panpina: Horitxo. Zalerik gartsuena izaten da maskota, atsedenaldietan zelaira edo kantxara jokatzera ateratzen dena. Lotsa aldagelan utzi, eta beti dantzan hasteko gogoa duena. Inprobisatzeko prest egoten dena. Bi helburu nagusi ditu mozorroen azpian denak: harmailetako giroa berotzea, eta partida ikusten ari direnak atsedenaldietan ez aspertzea.
Gorritxo Zabor artetik itzuli da, azkenean
Harrera beroa izan du Gorritxok. Hamalau urteren ondoren, Sadarrera itzuli da. Osasunak «oso ontzat» jo du jendearen erantzuna, eta argi geratu da gorritxoek bazutela maskota itzultzeko gogoa. Barnean dagoen gizonak ere hunkiturik gogoratu du igandekoa. Osasunak ez du haren izena argitara eman nahi, baina, hala ere, galderei erantzun die Gorritxok.
Lehenbiziko aldia zuen jantziaren barnean. Partidaren aurreko astelehenean telefonoz deitu zioten, eta, ongi pentsatu ondoren, eta urduritasun handiz, baiezkoa eman zuen. Tailerrean neurriak hartu, eta iganderako prest zuen jantzia. «Ederra izan zen; mundu guziari egin zion grazia panpinak», esan du Gorritxok. «Ni lasai egon nintzen zelaiaren erdian zegoen edukiontziaren barnean zain, walkie-talkietik Flaño banderarekin prest zegoela esan zidaten arte. Baina atera bezain pronto ahantzi nuen urduritasuna», azaldu du.
Burbuila batean sarturik balego bezala aritu zen Gorritxo zelaian ziren zaleak agurtzen, eta hegaleko punta batetik bestera korrika. Burbuila batean, beste baten gorputzean egoteaz gainera, burua bueltaka zuelako, eta ez ziolako ongi ikusten uzten. «Ez du askorik nekatzen, baina egia da burua ez dela sobera erosoa. Dena den, hori konpontzeko eskatu dut», dio Osasunako maskotak.
Jantzia apar goma lodiz egina da, eta azpian galtza elastikoak eta kamiseta termikoa daramatza. «Nekea baino gehiago, bero handia pasatzen da barnean», esan du. 10:30ean jantzi zuen panpina soinean, eta 14:00ak arte egon zen haren barnean. Dena den, egun berezia zen, ateak ireki aurretik jantzirik behar zuelako Gorritxok. Bestela, partida baino pixka bat lehenago janztearekin aski da.
Osasunako maskota gustura ibili zen igandean. Atsedenaldian izan zuen lanik handiena, hegalean ibili baitzen korrika eta zaleak agurtzen. «Mundu guziak txalo egiten zidan, eta antzematen zen kontent zirela Gorritxo itzuli zelako». Animo anitz jaso zituen, txalo zaparradak, eta selfie-ak egitea ere tokatu zitzaion, Gorritxo aspaldi ikusi gabekoekin. Ez haiekin bakarrik. Haurrek ez zuten ezagutzen lehengo maskota, baina haiek ere ederki gozatu zuten. Osasunak dio haientzat egina dela, batik bat.
Prestaketa handirik ez du behar izan Gorritxok, baina heldu diren partidetarako hizlariarekin hitz eginen duela esan du, kanturen bat jar dezan, eta dantza egin ahal izateko. Izan ere, ez diote esaten zer egin behar duen. Inprobisatzea da kontua.
Aker Haurrek gehien maite duten jokalaria
Zortzi urte dira Aritz Iparragirre Baskoniako maskotaren larruan sartzen dela. Aker izaten da Buesa Arenako kantxara ateratzen denean. Txikitatik izan da saskibaloi zalea. Are, herrian bera izaten zen «arraroa», gainerakoek futbola nahiago zutelako. «Nik gozatzen dut; beste zale baten moduan nago kantxan».
Bi helburu nagusi dituela nabarmendu du: harmailetan dauden zaleak bultzatu eta giroa berotzea, eta hutsarteak betetzea. Kirolak berak eskatzen du animazioa, Iparragirreren aburuz. Izan ere, futbolean atsedenaldia da maskota zelaira atera daitekeen unea, baina saskibaloian hutsarteak daude.Hala ere, ACB ligako «handiek» ez dute maskotarik.
«Haurrentzat idoloa da Aker, eta ni haiengana joaten saiatzen naiz», esan du. Dena den, helduak ere mugiarazten ditu, batez ere partida garrantzitsuenetan. «Nire kanta propioa dut, eta, ikusten dugunean irabaz dezakegula, azken hutsartean sartzen dugu, eta igartzen da pabiloi guztiak jarraitzen zaituela».
Partida hasi baino ordubete lehenago joaten da Iparragirre Buesa Arenara. Ordu erdiz hizlariarekin eta besteekin solasean aritzen da. Ordu erdi falta denean begiratzen dute hutsarteetan zer egin behar den, eta zeintzuk dauden Akerrentzat libre. Aldagelan sartu, hamar minutuan jantzi, eta hogei minuturen faltan ateratzen da kantxa berotzera.
Bandera erraldoi bat du, eta kantxan bueltaka ibiltzen da bere txanda ailegatu bitarte: zaleak agurtu, argazkiak egin, txantxaren bat egin… Batzuetan, saskia txikitzea tokatzen zaio; beste batzuetan, animatzaileekin batera dantzatzea… «Barrutik ateratzen zaidana egiten dut. Inprobisatzen jakin behar da», azaldu du Iparragirrek.
Lan handia gibelean
Akerren lana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Partida osoan bizi ibili beharra du, eta hori lan nekeza izaten da. «Leher eginda amaitzen dut, eta trajea busti-busti eginda. Hasieran, haurrek bizkarretik hartzen didate, baina partida amaitzean ez. Ez dakit zenbat kilo galtzen ditudan, baina arropa kendu, eta pott egiten dut».
Noizean behin, kantxan egiten dituenak prestatzea ere tokatzen zaio. Adibidez, inauterietan koreografia bat egin zuen animatzaileekin batera. Lau egunez bildu ziren, egun bakoitzeko bi orduz, bi minutuko koreografia prestatzeko. Beste batzuetan NBAko maskoten lanari erreparatzen dio, baina ez sobera.
«NBAko maskoten soldata hori da; egunean hamaika ordu dituzte gauza horiek prestatzeko». Iparragirrek, baina, beste lan bat du. Baskoniarekin partida kopuruaren arabera kobratzen du, eta hilero ez du partida kopuru bera jokatzen etxean. Dena den, lana ongi ordaindurik dagoela esan du.
Koxka Miarritze eta bere itsasoa, kortsario baten esku
Kostata egin diote harrera Miarritzeko zaleek maskota berriari: Koxka kortsarioari, alegia. Taldearen kolore zuria eta gorria daramatza soinean. Hogei urtez Robert Rabagny egon da partidaz partida giroa alaitzen, jokalariei indarra helarazten, eta taldearen identitatea sendotzen. Geronimo zuen goitizena, eta indio itxura zuen. Alabaina, aldaketaren garaia irisi dela azaldu Pierre Bousquier taldeko administrazio zuzendariak. Koxkak iragan azaroaren 8an egin zuen bere lehen agerraldia.
Bousquierren arabera, garai berri bati ekin nahi diote: «Hainbat urte daramatzagu hausnartzen; proiektu bat dugu esku artean, eta irudi berri bat eman nahi genion taldeari». Miarritze eta ozeanoa «bereizezinak» direnez, Bousquierren hitzetan, herriak itsasoarekin duen lotura hertsia irudikatu nahi dute kortsarioarekin. Hasieratik ere bazekiten ez zutela animalia bat nahi.
Haurrentzat pentsatua dago maskota gehienbat, Bousquierrek nabarmendu duenez. Haren aburuz, haurrei maskota gustatzen zaie: «Irrikan egoten dira Koxka ikusteko. Gero eta gehiago eskatzen diote agerraldiak egiteko». Pertsonaia «sinpatiko» bat nahi zuten, eta hori lortu dute, Bousquierren iritziz.
Dena den, sarean eta hedabideetan polemika handia sortu du maskota aldaketak. Zale askok ez dute nahi Geronimo oroitzapen huts bat izan dadin. Areago, ez dute adioa onartu.
Facebooken, esaterako, Rober Rabagny sostengatzeko orrialde bat ireki zuten, zortziehun bat jarraitzaile dituena. Denetariko mezuak igorri dizkiote Rabagnyri, hark Miarritzegatik emandako guztia eskertzeko. Era berean, ez dira ados agertu maskota aldaketarekin, Geronimori zeukan garrantzi handia aitortu ez diotelakoan.
Maskota berriak, gainera, Bretainiako talde batekin tirabirak eragin zituen, Brestekoarekin (Bretainia), hain zuzen. Izan ere, oso antzekoak dira bi maskotak, eta plagio bat zela zioten askok. Brestekoa pirata bat da, eta hark ere zapi zuri-gorria soinean darama. Dena den, akusazioa ezerezean geratu da. Bresteko taldea jarrera baketsuz agertu zen, eta helarazi zuen ez ziola eskatuko Miarritzeko taldeari maskotaz aldatzeko.
Aitzitik, Bousquierrek ukatu egin ditu polemikak, eta esan du hedabideek sortu dutela asaldura: «Denek bazekiten maskota aldaketa bat izanen zela, mundu guztiak bazekien. Eta, Bresteko taldearen aferari dagokionez, hango zuzendariekin hitz egin nuen, eta ez dago inongo arazorik».
«Aurrera egitea beharrezkoa da; eboluzionatu behar dugu», berretsi du Bousquierrek. Publikoak oro har Koxkari harrera ona egin diola esan du. Argi utzi du, halaber, ez dagoela «ezer» polemika egiteko, beti norbait horretarako prest dagoen arren. Bousquierren arabera, garrantzitsuena da taldea batu eta indartzea, eta historiaren beste atal bati ekitea.
Gipu Illunbeko aintziran bere kasa ibiltzen da
Illunbe saskibaloi kantxa bihurtzen denean, igel bat agertzen da kantxan putzutik putzura saltoka. Gipu deitzen da, eta hark du Gipuzkoa Basket taldea bultzatzeko ardura nagusietako bat. Igelaren buruaren ahoa zabalik dago, eta haren barnean Javi Igeregiren burua ikus liteke.
Zortzi urte daramatza maskotaren lana egiten. Baina, noski, horrekin ez da aski izaten hilabete hondarrera ailegatzeko, eta kazetaria ere bada. «Azkenean, hau zaletasun bat da». Onartu du lana ez dela erraza: «Partidetan jendea animatzen dut, eta bi ordu aritzen naiz gelditu gabe». Dena den, ez du uste lan gogorra denik. «Bestela ez nuen zortzi urte iraungo», esan du txantxetan.
Gipu ez da bakarrik Illunben ibiltzen. Kanpora ere atera behar izaten du tarteka, handik edo hemendik deitzen dituztelako. Adibidez, Gipuzkoako beste klub batzuetara joan behar izaten du batzuetan. «Dena den, gustura egiten dut lana», aitortu du.
Ez dio denbora askorik kentzen maskota beharrak. «Ateratzen zaizuna egin behar duzu: dantzatu…». Partida hasi baino hiru ordu laurden lehenago joaten da, hori bai, dena kontrolpean izateko. Taldearen zale izanda, lana ez da zama. Saskibaloia nahi eta nahi ez jarraitzen du, baina horrek ez du ardura kirol hori maite baduzu.
«Ez dakit taldearekiko zaletasuna gehiago sentitzen duzun, baina partidetan gertuago zaude, eta hori bai, hori gehiago sentitzen duzu». Gainera, esan duenez, familia eta bikotekidea ere mugitu izan dira harekin batera.
Igerregiren aburuz, normala da saskibaloian maskotak egotea, oso kirol mugitua delako, eta hutsarteak betetzea ezinbestekoa delako. «Maskotak eta animatzaileak egotea ondo dago. Ez dago lasai egoteko momenturik kirol honetan; beraz, uste dut animazioa egotea ondo dagoela».