Ihintza Elustondo / 2016-06-15 / 553 hitz
Euskal Herriko ontzigintzan mendeetan baliatu zuten jakinduria galdu egin dela dio Iñaki Olaizola ontzigintza ingeniariak. Industria hori beheraka doala uste du, arrantza eta itsas merkataritza ere gutxitu egin direlako.
Ontzigintza eta antropologia dira Iñaki Olaizolaren (Donostia, 1944) «bi amodio intelektualak». Ontzigintza ingeniaritzan doktorea da, eta baita antropologian ere. Erretiratu ostean ikasi zuen bigarren karrera hori, eta heriotzaren inguruan egin zuen tesia. Egun, bi arloen inguruan hitzaldiak ematen ditu, eta artikuluak ere argitaratzen ditu. Atzo eman zuen hitzaldi bat, Euskal Herriko ontzioletan gizaldietan bildutako ezagutzaren inguruan, Zarautzen, Gipuzkoan.
Garai batean, planorik erabiltzen ez bazuten, zer erabiltzen zuten itsasontziak egiteko?
Egurrean egindako molde batzuk, erregela batzuk eta formula sinple baina baliagarriak. Euskal Herrian itsasontzi politak egiten ziren, eta bazegoen jakinduria inportante bat. Gero, burdina azaltzean, aldaketa handiak izan ziren. 1970-1980tik aurrera, burdinazko itsasontziak egiten hasi ziren: 13-14 urterekin hasten ziren lanean; aldi berean ikasi egiten zuten, lanetik atera eta akademia batera joanda, liburuak beren diruarekin erosita… Hor egon dira belaunaldi batzuk meritu handi-handikoak. Zeren eskolara eta unibertsitatera joatea ez baitzen batere erraza. Haiei aitorpena egiten diegu guk behintzat.
Nola transmititu da jakinduria hori?
Hori misterioa da, nola belaunaldi bakoitzean sortzen diren pertsona batzuk besteak baino gehiago saiatzen direnak. Nire pena da inork ez diela inoiz esan zein inportanteak izan diren, zeinen lan inportantea egin duten. Arotz on bat, soldatzaile on bat edo delineatzaile on bat… Meritu handiko gauzak dira horiek.
Jakinduria hori galdu egin al da?
Itsasontziak eraikitzeko modu hori desagertu egin zen, eta XIX. eta XX. mendeetan planoak erabiltzen hasi ziren. Orain zeresan handia dute ingeniariek; forma berriak eta diseinu berriak sortzen ari dira. Hori orain, baina, mende askotan, egurrezko molde batzuen bidez transmititu da jakinduria. Eta itsasontzi onak egiten zituzten. Planorik ez erabiltzeak ez du esan nahi ez zekitela zertan ari ziren. Hor bazegoen teknika inportante bat, ia orain arte iraun duena.
Nola ikusten duzu egungo ontzioletako egoera?
Hori galdera zaila da. Eraikuntza modu hura desagertu zen, eta egun beste enpresa batzuk daude, haiekin zerikusirik ez dutenak. Goi mailako teknologian oinarritzen dira; orain aro supermoderno batean gaude. Oraingo ontziolek ez dute ideiarik metodo horietaz; hori dena historia da. Ofizio tradizional gehienak ere desagertu egin dira, eta beste batzuk sortu dira.
Etorkizuna bide beretik joango dela ikusten duzu?
Sektorea murriztu egin da pila bat. Ez da lehen zena; Gipuzkoan bi ontziola dauzkagu, inportanteena Zumaiakoa [Gipuzkoa], Balenciaga. Lehen, Euskal Herrirako sortzen ziren itsasontziak; bezeroak bertako merkataritza ontziak edo arrantzakoak ziren. Nik uste dut ez dudala gehiegi esajeratzen arrantza itsasontziak, salbuespen txiki batekin, jada desagertu direla esaten badut. Dagoeneko ez ditugu arrantzarako ontziak egiten, atunetako itsasontzi izozkailuak izan ezik. Ez daukagu arrantzarako flotarik, eta merkataritza ontzirik ere ez. Hemen ekoitzitakoa esportatzen da Norvegiara eta… Gaur egun ez dago eskaerarik; hemengo arrantza joan da.
Baina arrantzaleak badira oraindik, ezta?
Beheraka doa joera. Donostian badira ontzi txiki batzuk, baina baxurako ontzi handiak desagertu egin dira. Arrantza desagertzear dago, edo desagertu da jada.
Pena ematen dizu horrek?
Handia, baina jakin behar da gauzak horrela direla.
Donostiako portuko kudeaketa kritikatu izan duzu…
Lehen, arrantza portua zen, eta, orain, kirol portua da. Nik hori ez dut gaizki ikusten, baina niri gustatzen ez zaidana da jabegoan oinarritutako portu bat egin dutela. Ez da justua batzuentzako bakarrik gordetzea. Nik uste dut erabiltzaileen portu bat izan beharko lukeela. Erabilera oso eskasa da, eta, beste era batera antolatuta, nik uste dut jende gehiagok izango lukeela erabiltzeko aukera.