Juanma Gallego / 2017-02-12 / 840 hitz
Eguzki ekaitzek kalte larriak eragin ditzakete gaurko zibilizazioa ahalbidetzen duten zenbait sistema kritikotan. NASAk, gainera, ekaitzen eta baleen lehorreratzearen arteko harremanik ote dagoen ikertu nahi du orain.
Iazko udara arte jakin ez bazen ere, 1967ko maiatzaren 23an mundua hondamendiaren atarian izan zen. Egun horretan, AEBetako agintari militarrak konturatu ziren Sobietar Batasuna eraso nuklearra egiteko prestatzen ari zela. Guztira, Ipar Hemisferioan kokatutako alerta goiztiarreko hiru radar itsututa zeuden, eta arerioa berehalako eraso baten lehen pausoa ematen ari zela baino ezin zuen esan nahi horrek. Ondorioz, berehalako erantzuna prestatzeari ekin zioten aire armadako militarrek. Hirugarren Mundu Gerra abian zegoela zirudien.
Zorionez, ezagutza adrenalinaren gainetik nagusitu zen. Militarrek zientzialariei galdetzeko astia izan zuten. Horrela konturatu ziren radarrak itsutzearen errua ez zela sobietarrena, 150 milioi kilometrora dagoen aspaldiko lagun batena baizik: eguzkiarena.
Izan ere, kezka sortzeko moduko haserrealdiak izan ditzake eguzkiak. Gertuen dugun izarrak sortutako ekaitzek radarrak itsutu, komunikazio sateliteak hondatu, transformadoreak erre eta GPS sistemak nahas ditzakete. Ezagunak diren ondorio horiez gain, azken urteotan beste balizko ondorio baten inguruko susmoa gorpuztu da zientzialarien artean: eguzki ekaitzek zetazeoen lehorreratzearekin harremana izan dezakete. Aukera hori ikertu nahi du orain NASAk, prentsa ohar baten bitartez ezagutzera eman duenez.
Ezaguna da noizean behin baleak, izurdeak eta mazopak hondartzetan azaltzen direla. Itsasontziek eta itsaspekoek erabiltzen dituzten sonarrak izan dira orain arte ikertzaileek kontuan hartu duten balizko zioetako bat, baina, adituen arabera, horrek ez ditu azaltzen munduan zehar izaten diren lehorreratze guztiak. Gaur egungo gizakiok GPSari estuki lotuta dauden bezala, animalia askok ere beraien barne orientazio sistemak dituzte. Zientzialariek uste dute orientazio horretan rol garrantzitsua betetzen duela planetaren eremu magnetikoak. Eguzki ekaitzek eremu horretan aldaketak sortzen dituztenez, ikertzaileek jakin nahi dute ea eguzki ekaitzak zetazeoen lehorreratzearen atzean ote dauden.
Urte luzeetan zehar NASAk eguzki ekaitzen inguruan bildutako datuak zein hainbat erakundetako biologoek zetazeoen lehorreratzeez jasotako erregistroak baliatuko dituzte horretarako. NASAren Goddard Espazio Hegaldi Zentroan (Maryland, AEB) lan egiten duen Antti Pulkkinen heliofisikaria arduratuko da ikerketaz. «Teknika estatistikoak erabiliko ditugu bi data multzo horien inguruan harremana ote dagoen ikertzeko», azaldu du Pulkkinenek.
Ikerketak animalia gehiago salbatzeko bidea irekiko duela espero dute zientzialariek. Aldez aurretik eguzki ekaitza izango dela jakinda, errazagoa izango litzateke lehorreratzeak izan ohi diren lekuetan arreta handiagoa jartzea.
Irailerako espero dute lehen emaitzak eskuratzea. Adituek nabarmendu dutenez, bi datu andana horien arteko korrelazio estatistikoa izateak ez luke berez frogatuko eguzki ekaitzen eta zetazeoen lehorreratzearen arteko erlazio kausala egotea, baina, hala ere, hipotesi horretan sakontzeko aukera emango luke korrelazio hori topatzeak.
Nola sortzen dira, bada, halako fenomenoak? «Ekaitz horien erantzule, eguzkian dagoen eremu magnetiko erraldoia da», azaldu du Itziar Garate Lopez astrofisikariak. Doktoretza tesia egiteko Artizarraren atmosfera aztertu zuen, Bilbotik; Parisko Pierre eta Marie Curie Unibertsitatean dago orain doktoretza ondoko ikertzaile gisa. Hara haren hitzetan eguzkiaren nukleoan dauden baldintzak: «Hain dira bortitzak, ezen sortzen diren ondorioak irudikatu ezin ditugun tamainakoak baitira. Eguzkiak une oro partikulen eta plasmaren korronte bat askatzen du: eguzki haizea esaten diogu horri. Hala ere, momentu puntualetan, batez ere eguzkia bere zikloaren goreneko muturrean dagoenean, haize hori indartzen da, eta eztanda baten moduan aska daiteke».
Aurorak eta itzalaldiak
Lurrera iristean eguzkitik datorren energiak elkarrekintza du planetaren eremu magnetikoarekin. «Poloetan sortzen diren aurorak dira ondoriorik politenak, baina ekaitzek alde txarra ere badute». Ondorioz, atmosferaren baldintzak aldatzen dira, batez ere tenperatura, dentsitatea eta airean dagoen energia kopurua. Horrenbestez, atmosferaren zati horretatik igarotzen den guztiak aldaketan eragina izan dezake. «Satelite bat, hegazkin bat edo telekomunikazioan erabiltzen diren uhinak kaltetuak izan daitezke», zehaztu du.
Ekaitza oso indartsua bada, ondorioak larriagoak izan ohi dira. «Partikula asko eroriz gero, korronte elektrikoak sor daitezke atmosferan, eta instalazio elektrikoetan arazoak izan daitezke». Garate Lopezek ohartarazi duenez, itzalaldiak eta bestelako arazoak izan daitezke horren ondorioz, baina partikula horiek berez gizakiengan eraginik ez dutela nabarmendu du.
2016ko urrian, AEBetako presidentetza utzi baino hiru hilabete lehenago, Barack Obamak eguzki ekaitzen aurrean herrialdea prestatzeko agindua sinatu zuen. Bertan administrazioko goi mailako arduradunek bete beharreko lanak ezarri zituen: Defentsa, Segurtasun Nazionala, Energia, Garraio eta Barneko Estatu idazkariaren lanak, besteak beste. «Kontinente osoetan zehar, osasunean eta segurtasunean eragiteko ahalmena izan dezakete espazioko eguraldiari lotuta dauden muturreko gertaerek», zehaztu zuen aginduan.
Horrenbestekoa al da arriskua, ordea? «Ondorioak beti teknologiaren aldetik etorriko dira», zehaztu du Garate Lopezek. «Oso garrantzitsua da jakitea ekaitz horiek noiz izango diren, batez ere bortitzak direnean. Espazio agentzia gehienek espazioko eguraldia gertutik aztertzen dute aspalditik, eta dozena erdi satelite daude une oro eguzkiari begira». Adituak azpimarratu duenez, gaur egun hasi dira neurriak hartzen horrelako ekaitz bortitz bat datorrenerako: «Hegazkinetako hegaldiak bertan behera uzten, instalazio elektrikoak minimoetan jartzen eta sateliteak itzaltzen, esaterako».
Eta horrek guztiak ondorioak utz ditzake. «Gaur egun ikaragarria da teknologiarekin dugun menpekotasuna, eta, hamar minutuz bada ere, zenbait lekutan argindarrik gabe geratzea hondamendia izan liteke. Baina, orokorrean, nik ez dut uste hain larria izango denik, hamar minutuz bada ere, Historiaurrera bueltatzea», esan du adituak.
Bestalde, Antti Pulkkinen heliofisikariaren arabera, hobera egin da: «Mundu osoan kontzientzia maila altua dago eguzki ekaitzek dakarten arriskuari dagokionez. Beraz, arlo horretan aurrerapen handiak izaten ari direla esango nuke». Barack Obamak sinatu zuen agindua «kontzientziazio maila altu horren isla bat besterik ez da», adituaren ustez. «Kontzientziazioak, gainera, ekintzetara igarotzeko bidea eman du».