Atsoak

Idurre Eskisabel / 2013-01-25 / 156 hitz

Zer da gizonezkoa gaztaroa esaten diogun bizi sasoia —bidenabar, gero eta luzatuagoa, gero eta amaiezinagoa— gainditzen duenean? Gizon. Hots, pertsona, jende: gizaren adjektiborik gabeko adierazpena, neutroa, unibertsala; gizakia zer den azaltzeko patroia. Eta gizonen artean izango da onik eta txarrik, halaber, erdipurdikorik, eta bakoitzean-bakoitzean, arduratuko gara zehazteaz. Baina gizon izatea, berez, gauza handia da; pentsa, bestela, nolako sendotasunez esaten duten gure kirol kazetariek «bai gizon aritu dela» norbaiti egiazko lorea bota nahi diotenean.

Eta zer da emakumezkoa gaztaroa esaten diogun bizi sasoia gainditzen duenean? Ba, horrela, emakumea huts-hutsean oso zera antzemangaitza da: ez da ez ezeren eredu, ezeren definizioa; ez, behintzat, ezer noblearena. Horrenbestez, gehienetan izango da ama. Beste kasu batzuetan, punta-puntako profesionala —politikaria, edo idazlea, edo abokatua, edo zientzialaria; baina, nolanahi, horregatik ezagutuko badute, punta-puntakoa—. Eta askotan eta askotan, andrea, etxekoandrea, atsoa, sorgina: hau da, izaki kontakatilu, ezjakin, muturluze, ozpindu eta erridikulua; jendarteko aurreiritzi eta errezelo itsusienen zakua. Eskerrak maiz-maiz oroitarazten diguten telebistatik: kontuz, atsoak!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.