Gorka Erostarbe / 2013-04-16 / 870 hitz
Lourdes Oñederrak ‘Intemperies (babes bila)’ argitaratu du, bere bigarren nobela, lehena idatzi zuenetik hamalau urtera.
Eguneroko bizimoduan gertatzen denak eta ez denak, ñabardurek dute pisua lan berrian.
Arantxa Iturbek elkarrizketa egin zion Lourdes Oñederrari Eta emakumeari sugeak esan zion lehen nobela (Erein, 1999) kaleratu ondoren, eta zera esan omen zion: «Zure argudioa pertsonaiak dira». Oñederra ados da baieztapen horrekin: «Nik uste dut egia zela aurreko nobelarekin eta honetaz hori esango balidate, pentsatzen dut onartuko nukeela». «honetaz» dioenean, Intemperies (babes bila) liburuaz ari da, Ereinekin atera duen nobelaz, bere ibilbideko bigarrenaz.
Lan berriko protagonista nagusia Luzia da, «hizkuntzalari donostiar bat», 50 urte dituena. «Lan bat ateratzen zaio Madrilen eta hor dabil joan-etorrian». Aurreko nobelako protagonistak ere Luzia zuen izena hasieran, baina Teresa izatera igaro zen: «Emakume hura ixten ari zen, eta bakartzen, eta hau, aldiz, irekitzen ari da». Nobelan gertatzen diren gauzei buruz ez du azalpen askoz gehiagorik eman egileak, aurkezpena egiterakoan. Batetik, bere obraz hitz egitea zaila egiten zaiolako. «Ez da posea. Esateko gauza gehiago ere baditut, baina nahiago dut ez esan. Nik nobela idatzi dut eta orain irakurleari dagokio lana osatzea. Aurreko lanarekin ikasi nuen besteen irakurketekin asko ikasten dela, nahiz eta beti ados ez egon. Idazlea bera ez da iturri onena bere obraz aritzeko, edo ez da fidatzekoa, tranpak egiten dituelako… edo oso lekuko mutua da, eta, beharbada, hori da nire kasua. Zure obraz hitz egiterakoan badaukazu mututasun bat». Bestetik, nobelan ezer berezirik ez dela gertatzen dio Oñederrak. «Eguneroko bizitzak du pisua. Nire ikasle batek zioen bezala: ‘Eguneroko bizitza bertan’. Gure egunerokoan eta bizitza osoan zehar oso gutxitan gertatzen dira aparteko gauzak, eta hala ere, norberarentzat oso inportantea da gertatzen dena. Oso gauza zailak gertatzen dira. Zaila iruditzen zait eguneroko bizitza. Zaila da beste munduko arazorik ez dagoenean ere. Oso gutxi dakigu geure buruaz eta besteez». Eta bizitzaren zailtasun hori ulertzeko hitzetara jotzen dute pertsonek eta hitzetara jotzen du idazleak ere: «Nik ere hitzak erabili ditut, eta pertsonaiei gertatzen zaien bezala, batzuetan hitzek laguntzen dizute, eta besteetan korapilatu ere bai, gauzak mozorrotu ere bai, tranpetan erortzen gara. Nobela bat idazterakoan ere puntu batera arte balio dute hitzek».
Hitzei dagokien neurria, dagokien garrantzia eman nahi die idazleak. Agian horregatik bere «mututasuna». Agian horregatik nobelako beste pertsonaia baten mututasuna, Evarena, afasia duen neskatila gaztearena. Hizkuntza gaitasuna zuzentzen duen garun arloa kaltetzean gertatzen da afasia. Grekoz hitzik ez esan nahi du. «Liburuko lerroetan maiztasun txikiagoa duen arren, hasieratik garrantzi handia izan zuen pertsonaia horrek niretzat». Afasiaren gaia, hain zuzen ere, «faszinantea, liluragarria» zaio Oñederrari. «Linguisten mundutik jakin nuen afasiaren berri. Harrapatu egiten zaitu gaiak. Fonologiaren aldetik ez nintzen hasi aztertzen, eta pixkanaka literaturara bideratu nuen gaia, eta pertsonaia hau sortu nuen. Uste dut lehen momentu batean pertsonaia afasikoa zaharragoa zela. Ez nuen egin nahi afasiari buruzko nobela bat, baina bai ager zedila gaia».
Denboraren «obsesioa»
Hirugarren pertsonaia bat ere badu istorioak; Victor, Madrilgo mediku bat. Amodiozko istorio bat sortuko da haren eta Luziaren artean. «Nobelan bertan esaten da nobela guztiak direla amodiozkoak. Nik uste dut esateko modu bat dela. Amodioa azkenean babes bat da, eta babes bila ibiltzen gara denok. Gero beste kontu bat da maitasun hori nola gauzatzen den. Nik uste dut nobela honetan maitasuna badagoela, askotxo gainera. Maitasuna eta zehazki gizonezko eta emakume baten artekoa».
Izenburuak badu zerikusirik amodio eta babes bilaketarekin. Izenburu hori jartzeko egoskortu egin zela aitortzen du idazleak: «Lehen nobelan oharren bat egin zidaten, eta zerbait aldatu nuen, baina honetan garbi nuen intemperies hitza azaltzea nahi nuela, latinerako adieran, epeltasun faltarekin loturik alegia, eta ez gaztelaniazko pluralean…». Ondoren, Iñaki Aldekoa editorearen gomendioz babes bila azpititulua gaineratu zion. Bizitzaren erdia igarota, atzera begira ere hasten den emakume baten amodio istorioa da. Liburuaren kontrazalean honela dio: «Denbora desberdin ari da igarotzen. Luziak ez daki noiztik, noiz hasi zen denboraren desberdintasun hori, aldaparik gabeko igarotze hori, iraganetik orainera kolore aldaketarik gabe, bide laua, oharkabean pasatze hori lehenetik orainera, urteak laburtu eta minutuak luzatu, loditu egin balira bezala». Eta denborarekin batera gorputzaren presentzia eta haren eraldaketa: «Gorputza. Gorputzaren bestelakotze geldiezin hori. Ezinbestean, inevitably, inevitabilmente».
Izan ere denboraren iragateak «astindu» egiten du idazlea: «Denborak mareatu egiten nau edo obsesionatu. Nik uste dut ez dudala denboraren neurri ona, nik ez dakit denbora ondo neurtzen». Akaso horregatik, denbora hobeto neurtu ahal izateko, euskarri tenporal bat izateko, liburuko kapitulu bakoitzaren hasieran zehaztu egiten du zein denboratan kokatzen den eszena, antzezlanetan egiten den modura: Hilabeteen bidez zehaztu ere. Esaterako 13. kapituluaren sarrera: «Uztailaren azkena, goizeko ordu txikiak. Mahai txiki batean Victor eta Luzia elkarren ondoan eserita pub argi gutxiko batean».
Denbora izan du nobela idazteko. Azaroan 14 urte igaroko dira lehen nobela plazaratu zuenetik: «Oso egoste geldoa izan du liburuak». Su txikian egindako liburua izan da, egileak hala nahi izanda. «Unibertsitatean lan egiten dut, eta gustura nabil horretan, nahiz eta batzuetan gogaitu. Unibertsitateak kulturarekin duen lotura ere aldarrikatu nahi nuke. Horrez gain euskaltzain izendatu ninduten, eta hori izan da nire azkenaldiko aldaketa traumatikoena».
Iñaki Aldekoa editorearen hitzetan «oso liburu intimoa» da: «Irakurri nuenean pentsatu nuen halakorik ez dagoela ia gure literaturan, oso unibertso intimoa du. Gauza nobeleskorik ez da gertatzen, baizik eta txikiak eta ñabardurazkoak». Azalean emakume bat ageri da hondartzan pasieran. «Ez dut ahaleginik egin emakumetasuna ezkutatzeko edo disimulatzeko. Ez dakit jarriko zenuketen halako azal bat idazlea eta protagonistak gizonak balira». Idazlearen galdera editoreari.