Araitz Muguruza / 2013-11-28 / 465 hitz
Historiako hainbat garaitan daude girotuta Arrate Mardarasen ‘Pendrive’ lehen liburuko ipuinak.
Dokumentu andana kabitzen da pendrive batean, norberak gordetzea nahi duen edo behar duen ia guztia. Hura galtzea, ordea, galera izaten da guztientzat, galera desatsegina. Eta, hain zuzen, galdutako USB giltza bat du abiapuntu Arrate Mardaras (Abadiño, Bizkaia, 1960) idazlearen Pendrive (Susa) ipuin liburuak. Oharkabean edo nahita galdu den ez da zehazten, baina gailua iritsi da editore baten eskuetara, eta barruko edukia begiratu ondoren, liburu batean publikatzea erabaki du.
Idazle batek USB gailuan eduki ditzakeen dokumentuek osatzen dute liburua. Bost ipuinekin batera, idazleak egindako zirriborro filologiko eta historikoek ere bere tokia dute. «Edozer aurki daiteke pendrive batean», dio egileak.
Idazlea ihesean dabilela dio egileak. «Despistatu egin nahi gaitu, ez du esaten nahita utzi duen pendrivea editorearen bulegoan edo benetan galdu nuen». Zehatzagoa izanik, gehitu du idazlea dela «bere burua agerian utzi nahi ez duena». Eta izaera berekoak dira ipuinetako protagonistak ere, ihesean dabiltzan norbanakoak.
Maitasuna dute ardatz bost ipuinek. Garai historiko jakin batean daude girotuta, eta horien bitartez irakurleak Euskal Herriko historiako aro nabarmenetan bidaiatuko duela zehaztu du Mardarasek. Baina bere helburua ez da izan ipuin historikoak sortzea; garai jakin batzuk erabili ditu hainbat mezu helarazteko. «Keinu egin nahi izan diot niri bezala historian arakatzea gustatzen zaion jendeari». Etorkizuna izan nahi bada, iragana begiratu eta ezagutu eta orainaldia zaindu egin behar dela uste baitu.
Ipuinen amaierak zabalik utzi ditu, propio: «Norberak bere unibertsotik asma dezala beste bukaera bat; magia apur bat egiteko aukera izango da horrela».
Garai jakin batzuetan egonagatik, pertsonaiak ez daude eroso. «Protagonistak leku arrotzetan daude, berez beren tokia izan behar ez lukeen tokian sortu dira».
Fikziozko editoreak egindako hainbat ohar liburuan zehar tartekatzen dira. Gorka Arrese Susako editoreak azaldu du fikziozko editoreak atondutako puzzle bat dela liburua, eta egitura poliedrikoa daukala. «Editoreak aurkitu duen USB giltza idazle baten tailerra da nolabait esateko. Horri osaera bat ematea joko bilakatu da».
Irakurle asegabea idazle
Abadiño jaioterriko liburutegia ireki zuten urtea ongi baino hobeto gogoratzen du Mardarasek. 7 urte zituen, eta ate horiek irekitzearekin batera piztu zitzaion irakurzaletasuna. 11 urterekin irakurri zuen Txomin Agirreren Kresala nobela eta txundituta utzi zuen. Nerabezaroan bazuen idazle izateko «halako desioa», baina bizitzan beste bide batzuk hartu zituen. Ofizioz hizkuntzalaria da. Ongi oroitzen den beste aroa unibertsitate garaia da. Han ezagutu zituen Pott Bandakoak. «Partaideak zuzenean ezagutzeko aukera izan nuen; eta ordura arte niretzat literatura zena askoz gehiago ere bazela ikusi nuen, aurrean neukan euskal kulturako abangoardia. Izugarria zen egiten zuten lana». Eta horrek apaldu zion, nolabait, idazle izateko desio hura. «Ikasteko gehiago nuela ikusi nuen».
Inoiz liburu bat argitaratzeko nahiak, ordea, hor jarraitzen zuen, eta lagun bati oparitzeko ipuin bat idazten jarri zenenean ikusi zuen «eroso» sentitzen zela, eta idazteari «serioago» lotzea erabaki zuen.
Idazteak harrapatu egin duela dio, eta oraingoz jarraitzeko gogoz dagoela. «Nire zaletasunik gogokoena bihurtu da».