Ahotsezko agintea telefonoetan

Aitor Aretxaga / 2012-09-19 / 611 hitz

Zein da giza garapenean mugarria: zutundu eta oinez hastea, edo hitzez komunikatzea? Badirudi zirkuitu elektronikoen munduan ere tankerako marka ezarri nahi dela, gailu teknologikoekin hitzezko komunikazioa ahalbidetzen duten aplikazioak kaleratu baitira.

Azken belaunaldiko sakelako telefonoetan hitzezko desirak ulertu, sistema eragilearentzat agindu bihurtu eta erantzuteko gai diren aplikazioak kaleratu dituzte. Hots, aplikazio horiek lengoaia naturalaren prozesamenduaren bitartez esaten zaiena hainbat web aplikaziotan delegatzen dute, dagokion zerbitzuari zuzenduz momentuan.

Laguntzaile horiei esker, ahotsa erabil daiteke mezuak bidaltzeko, batzarrak antolatzeko, deiak ezartzeko, eguraldiagatik galdetzeko, eta tankerako beste hainbat ekintzatarako. Zalantzarik gabe, sistema horiek ez dira akatsik gabekoak, eta ez dute beti zuzen erantzungo, baina printzipioz badira gai eskariari modu argi eta aberats batean erantzuteko.

Honatx adibide batzuk. «Gaur aterkirik beharko al dut?» galdetuz gero, hau da erantzuna: «Gaur euria egingo duela dirudi». Edo egungo sakelako telefonoen kokapen geologikoari esker, norbere posizioari lotutako egiteko bat sor dezake: «Gogoratu etxera iristean amari deitzea». Dagokion alarma programatuz, agenda kudeatu daiteke: «Bihar Iñakirekin geratu korrika egiteko», eta ezezkoa jasoko dugu horretarako lekurik ez balego aurreikusitako planen artean, eta abar.

Sistema horien beste ezaugarri bat da ez dutela erabiltzailearen elkarrekintzarekiko haria galtzen, eta eskaerak elkarren atzetik lotuz joan daitezke, hasierako informazio guztia errepikatu beharrik gabe. Esan nahi baita: jatetxe bat topatzeko gaiarengatik galde dakioke: «Janari mexikarra afaltzeko, zer dago gertu?». Eta hurbilen dauden lekuen zerrenda jasoko dugu bueltan, gero informazio osoa eman beharrik gabe jarraitzeko: «Agian nahiago begetarianoa», eta gailuak berriz ere testuinguruan oinarrituta, ondo erantzungo du bilaketa berriaren emaitzak emanez.

Azkenik, esan gabe doa diktaketak egiteko daukaten ahalmena garrantzitsua dela. Hala, testua idatzi behar den edozein ingurunetan teklatuko ikonoa sakatu ostean, telefonoa testu bihurtzeko hitzen zain geratuko da; eta, beraz, posta elektroniko arruntak zein Facebook, Instagram eta Twitter bezalako inguruneetan ere ahots hutsez moldatzeko ateak irekitzen ditu.

Teknologia horren potentziala begi bistakoa izaki, sektoreko erraldoi bakoitzak —Apple eta Google batez ere lehian— badu bere ahotsezko kontrol sistema egikaritua, eta kasu batzuetan integratua defektuz puntako telefono batzuetan.

Appleren Siri

Ahots kontrolerako lehendabiziko sistema, eta erreferentea alor horretan, urriaren 14an kaleratu zuen Applek, iPhone 4S telefonoan integratuta. Gailuak zekarren berrikuntzarik azpimarragarrien moduan aurkeztu zuten Siri. Oraingoz, iPhone 4S-rentzat esklusiboa den laguntzaile horrek lau hizkuntza ulertzen ditu: ingelesa, alemana, frantsesa eta japoniera. Apple etxekoek adierazi dute espainiera, italiera, txinera eta koreerarentzat euskarria izango duela udazken honetan, iOS 6 sistema eguneratzearekin batera.

Googleren Voice Search berritua

Voice Search aplikazioa ez da Siri bezain zerbitzu heterogeneoa; beste aplikazio batzuk uztartzen ditu. Bertsioaren arabera, batzuetan modu independentean instala daitezke: Voice Search, bilaketak egiteko ahots bitartez; eta Voice Actions, sakelako telefonoetako ekintzak aurrez definitutako komando batzuekin ahotsez kontrolatzeko.

Android 2.2 sistemaz geroztik egon da ahotsez bilaketak egiteko edota telefonoa era berean kontrolatzeko egun baino aukera xumeagorik, baina Jelly Bean (JB) izenez bataiatu zuten 4.1 bertsioa plazaratu ostean eman du benetako jauzi kualitatiboa sistemak. Uztailaren 9an kaleratu zuten. Horrekin, aurrez definitutako aginduak bakarrik ulertu beharrean, Siri bezalako lengoaia naturala ulertzea eta ahots erantzun sistema aberatsagoa iritsi baita —azken hori, Knowledge Graph izeneko zerbitzua biei batzearen ondorioz—. Diotenez, JB hobea da Siri baino, itzulitako informazioaren osotasunari eta abiadurari dagokienez batez ere.

Hori bai, JB bertsioa ez dago eskuragarri Android euskarria duten telefono guztietan; izan ere, apurka sakelako eta tableta batzuentzat bateragarri egingo duten arren, punta-puntako gutxi batzuentzat izango da soilik (Nexus S edo Samsung Galaxy S3 lekuko).

Azkenik, 4S baino zaharragoa den iPhone jabeentzat eskuragarri dago Google Search aplikazioa, iTuneseko AppStore dendan, eta dohainik; bilaketak ahoz egiteko aukera emanez, behintzat. Voice Search 21 hizkuntza ulertzeko gai da.

Ahots bidezko bilaketak ordenagailuan

Ordenagailuetan ere badago horien antzeko aukerarik. Voice Search Chrome nabigatzailerako eskura dago gehigarri gisa instalatzeko: https://chrome.google. com/webstore/.

Ezin ahaztu ezta Firefox nabigatzaileak ere landu duela Firesay izeneko zerbitzua helburu berarekin; hemen dago deskargatzeko lotura: https:// addons.mozilla.org/en-us/firefox/addon/firesay/.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.