Itzuli ezinaren historia

Alex Gurrutxaga / 2014-10-05 / 410 hitz

  • Izenburua: Larre motzetik
  • Egilea: Hasier Larretxea
  • Argitaletxea: Erein

Ohartuko zinen, irakurle, idazlearen niaren inguruan eraikitako testu asko agertzen ari dela azkenaldian. Ezin has gaitezke izenak ematen, baina pentsa ezazu oraintsuko zenbait liburu ezaguni buruz. Hasier Larretxearen lehen narrazio luzea ere, Larremotzetik, autobiografiaren eta memoriaren artean mugitzen da.

Batez ere estiloak markatzen du egilearen apustu literarioa. Narrazioak ez du gertakarien ildo sendo bat, fragmentarioa da, eta elipsiak ugariak dira. Hari narratibo batez baino gehiago, sekuentzia kateatzeaz mintzatu behar genuke. Larretxeak bere haurtzaroko eta gaztaroko Baztango eszenak dakarzkigu, eta horiei buruzko gogoetatan murgiltzen da. Bizimodu baten printzak dira: ez erretratu zehatz bat, baizik idazleak berak inguru horretan bizi izandakoen kontaketa oso pertsonala.

Tentsio bat dago kontakizunaren muinean. Alde batetik, iraganaren galera sentimendua dago, familiaren pitzatzeak eragindako hutsunea —«sostengatzen ez zen iraganaren ehun familiarra»—, eta galera hori nostalgia dosi handiekin kontatzen zaigu: adibide gisa, badago ubi sunt moduan idatzitako ahapaldi bat —«non gelditu dira…?»—. Urruntze hori xamurtu beharrez, idazleak iragana berreskuratu nahi luke literaturaren eskutik: «Atzera begiratzea nonbait utzitakoa berreskuratzea da». Bestetik, ordea, haurtzaroko mundu hartan pairatutakoak ere kontatzen ditu idazleak: moral kristaudun gizarte itxiaren presioa, jendearen eragozpenak homosexualitatea onartzeko, familiako gorabeherak, e.a. Bi indar, beraz, eta tentsio honen sintesi gisa, iraganarekin adiskidetzeko beharra agertzen da. Puntu horretan nabarmena da —nabarmenegia, akaso— testuak idazlearentzat duen balio terapeutikoa: «literatura garbiketa bezala».

Estilo literarioari dagokionez, bere marka jartzen du Larretxeak, baina, poesian funtzionatu egiten dion bezala, narrazioan emaitza desorekatua da. Erritmo poetiko baten bilaketa antzematen da, bai tonuan, bai sintaxian. Hizkera metaforikoa nagusitzen da maiz, eta fragmentu zenbait prosan idatzitako poematzat har daitezke. Bere poesian bezala, oso ugariak dira kutsu aforistikoa duten esaldiak, baieztatzaile eta zuzenak; baten bat distiratsua da, iradokitzailea, baina oro har trenkatu egiten dute narrazioak behar duen jarioa. Era berean, jario horrexen kontra egiten du lexikoan sumatzen den preziosismo modukoak ere.

Ezin da ukatu apustu handia egin duela Larretxeak: maila pertsonalean ausarta eta zintzoa, eta literatura mailan gauzatzen zaila. Fragmentu batzuek maila esanguratsua dute, eta oso ederrak dira: aitarekin kotxean doanekoa, kanpaiei nahiz argazkiei buruz osatuak, edo amaiera, adibidez. Nortasun handiko ni poetikoa erakutsi digu Larretxeak; Larremotzetik-en, ordea, poetak irentsi egiten du narrazioa.

Azken ohar bat, baina ez garrantzi txikikoa: edizio lana ez da ona, eta inorentzat onartezina ere izan daiteke. Maketazioa bai, azala zer esanik ez —dotorea benetan—, baina testuan agramatikaltasunak daude, gehienak komunztaduran eta puntuazioan —ez gara estilo kontuez ari, akats argiez baizik—. Ez nuke esango idazlearen ardura denik, berea bakarrik ez behintzat, baina bada editoreena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.