Hiru dimentsiotan inprimatzea

Aitor Aretxaga / 2012-10-17 / 608 hitz

Aurrerantzean, pantailan ikusten den bolumendun figura birtuala objektu fisiko bihurtuko da, inprimagailu berezi batzuekin. Erabilerek askotarikoak eta zinez onuragarriak badirudite ere, bada dagoeneko erabilpen maltzurra asmatu dienik.

Estereolitografia ez da kontu berria. 1986. urtean AEBetan asmatu zuten teknika iraultzaile baten izena da. Hiru dimentsiotan inprimatzearen artean aritzen direnentzat, egun, oraindik, teknika hori da gogokoena, zehatzena delako. Hala ere, garestiena ere bada, eta hori da masiboki komertzializatu ez izanaren arrazoia.

Oraindik merkatuan nagusi diren mekanizazio teknikekin ez bezala, horrekin ez da modelo bat higatuz eta txirbilak ateraz forma ematen. Horren ordez, sortu nahi den objektua plastiko erretxinezko geruzak gainjarriz inprimatuz joaten da. Zehatzago esateko, ultramore laser bat erabiltzen da, injektatutako plastikoari zeharka patroiaren forma emateko, eta ondoren laserrak aurreko geruzara itsasteko. Horrela, sortu nahi den figuraren arabera, euskarritzat balioko duten egiturak txertatzen zaizkio inprimatzen dagoenari; grabitatearen ondorioak ekiditeko. Haien beharra denean ere, behin inprimatu ostean kentzen zaizkio euskarriak. Azkenik, bainu kimiko bat ematen zaio inprimakinari, gehiegizko erretxina ezabatzeko, eta berotasun astinaldi bat emanez bukatzen da prozesua.

2003az geroztik, alabaina, 3D inpresioa indartuz joan da. Estereolitografiarekin ez bezala, optimizatua dagoen teknologia baten gisa garatu denez, erabiltzen erraza, merkeagoa eta bizkorragoa den prozesu bat lortu dute. Aurrekoa bezain zehatza ez denez, prototipo zein ingeniaritzako diseinu goiztiarretarako egokia da; bestalde, ez dago inolako produktu kimikoren beharrik, eta produkzio ondoko lana ere murritza da.

3D inpresiorako hainbat teknika daude egun, baina, funtsean, geruzen erabilpenean desberdintzen dira. Batzuek, materiala biguntzen dute laminak sortzeko; beste batzuek, aldiz, erretxina likidoak erabiltzen dituzte teknologia desberdinez tratatzeko ondoren. Metodoek haien artean desabantailak eta abantailak dituzte, eta ekoizleek aukeratzeko ematen diete bezeroei oinarrizko materiala.

Erabilpenak

Arraroa gerta badaiteke ere, inprimagailu horiek erresoluzio askotarikoak dituzte. Hortaz, inprimagailu arruntetan 1.200 puntu hatzeko egiteko gai dela ulertzen den bezala, 3D inprimagailuetan «zehaztasun dimentsionala» kontzeptua erabiltzen da. Horrek geruza bakoitzaren lodiera, eta horietako bakoitza osatzeko patroiak izandako puntu kopurua zehazten ditu.

Era berean, aipatzekoa da orokorrean inprima ditzaketen elementuen tamaina ere gailuaren tamainaren araberakoa dela; arruntenak 50 bat zentimetroko gehieneko piezak sortzen ditu.

Inprimagailu horientzat hainbat aplikazio daude, eta kultura askearen ikono ere bilakatzen hasi dira. New Yorkeko Metropolitan museoko obrak digitalizatzea baimendu ondoren, jendearen esku utzi dituzte, halakorik duenak erreproduzitu ahal izateko.

Era berean, geroz eta entzutetsuagoak dira gailu horiek erabiltzen dituzten proiektuak, robotika edo arkitekturara iraultza ekarri baitute. Medikuntzan azpimarragarria den erabilpena ere pentsatu zaio, hezur edo odol-hodi artifizialak sortzeko. Halaber, Nasa ere 3D inprimagailuak ezartzekotan da Nazioarteko Espazio estazioan, han bertan piezak ordezkatzeko. Enpresa batek edo bestek dagoeneko, haien pieza batzuen CAD fitxategien berri eman dute, garestiago ateratzen zaielako bezeroei horiek probestea.

Potentziala begi bistakoa da, eta, agian, talka egin dezake piezak sortzetik bizi diren industriekin. Interneteko bitartezko pirateriarekin gertatzen den bezala, beste gatazka bat ager daiteke horrekin negozioa egiten dutenen eta edukiak (kasu honetan, planoak eta eskemak) era aske batean partekatzeko eskubidea defendatzen dutenen artean. Eguneroko ogia da hori era digitalean.

Ez dago urruti ekoizpen masiboa, azken hamarkadan salmentek gora egin duten neurrian, prezioek behera egin baitute.

Edonoren eskura

Form1 izeneko inprimagailua plazaratzear daude. Diotenez, emaitza profesionalak lortzeko kalitatea dauka, baina beste aukerak baino kostu askoz eskuragarriagoan. Proiektu hori ingeniari multzo baten egitasmoa da, sormenezko proiektuentzat jendearen diru laguntzekin edo Kickstarter eran finantzatua. Prezioa zehaztu ez badute ere, 2.500 dolarren truke ale baterako eskubidea lor daiteke.

Informazio gehiago nahi duenak, edo ale bat erreserbatu, honako helbidera jo dezake: http://www.kickstarter.com/projects/formlabs/form-1-an-affordable-professional-3d-printer.

Erabilpen maltzurrak

Mundu honek ere bere alde iluna dauka, eta agintari batzuk kezkatzen hasiak dira. Duela hilabete batzuk, hitzaldi batean erakutsi zuten hacker batzuek ustez ondo kudeatu eta mimoz banatzen diren eskuburdina batzuen giltzen kopiak egin zituztela. Eskemak era librean zabaltzeko asmoa zegoen fusilaren kasua ere kezkagarria da; badirudi proiektua geratu egin dela, arma ekoizteko erabili zen inprimagailua harrapatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude