Baigurako kaskoa

Josean Gil-Garcia / 2013-01-25 / 604  hitz

Harat-honat anitz lagun ikusiko ditugu Baigurako mendian, nork bere gustuko jarduerari eutsiz. Iparraldeko mazela zeharkatu eta hegiz hegi ibili ondoren, itzuli ederra osatuko dugu guk.

Baigurako mendia itsasargi baten antzera goititzen da Lapurdin. Urtsumendiko tontorrarekin batera, ezinbesteko erreferentzia da, betiere soa Hazparnetik luzatuz gero. Egia esanda, eskualdeak ezkutatzen dituen beste tontor askoren atarikoa dugu. Mendian gora egitea baino ez da, haren kokapen estrategikoaz jabetzeko. Eginahalaren ostean, gainera, ongi merezitako saria eskuratuko du ibiltariak: gainaldetik 360 graduko ikuspegi zabala baitago, Pirinioetako tontor nagusiak (Vignemale, Balaitus, Midi d’Ossau…) ez ezik, Kantauri itsaso ondoko ordoki amaigabeak ere bistara ekarriko ditugu.

Luhuso eta Heleta herriak lotzen dituen errepideko mendatea aukeratu dugu igoera egiteko. Autoz hurbiltzea erabakitzen badugu, aukerarik onena izaten da Donibane Lohizunetik Senperera nahiz Ezpeletara doan errepideari jarraitzea. Gero, Itsasutik nahiz Kanbora doan errepideari jarraituz gero, Luhuso herrixkara iritsiko gara. Herrigune horretan, Baigurako atseden gunera doan bidea ikusiko ahal izango dugu. Trafiko seinaleei jaramon eginez, mendatean utziko dugu autoa, hots, trekkinga, parapentea, eskalada eta beste hamaika jarduera proposatzen dituen harrera etxearen aurrean.

Autotik jaitsi bezain pronto, mendi apartak harrera ezin hobea egiten digula ikusiko dugu. Hegoaldean zutituta dago, isurialde erosoa eta atsegina ederkiro erakusten duela. Atzealde malkartsua, ordea, bisitari ausartenentzat utziko du. Behin tontorrean, Irisarrira zein Orzaizera begira jarrita, ibar estu eta mehea ikusiko dugu. Baita eskistozko eta kuartzitazko kanaletatik behera makina bat errekasto ere, isurketa denak jauzika eta boteka Lakako errekara biltzeko helburuz.

Buztingorrikoborda izeneko etxola berrituan hasiko dugu ibilbidea. Bideak gora egin ordez, zehar-zehar egiten lagunduko digu hasieran, larreak, iratzeak eta otakak bidelagun ditugula. Urtsumendiari darion kolore okreak atentzioa emango digu abian hastearekin batera. Mendi horrek negu partean erakusten duen kolore amalgama, zinez, bitxia da.

Bide leunak ez du luze joko: aldats piko eder baten azpian kokatuko gara berehalako batean. Indarrak batuz, gora eta gora hasiko gara oinez. Igoera samurragoa izateko xedez, heldulekuak eta eskailera mailak egokitu dituzte. Ikuspegiak gero eta zabalagoak dira. Ekialdean Garralda muinoa ikusiko dugu, Izturitzeko eta Otsozelaiako harpeak dauden tokitik hurbil-hurbil altxatzen delarik.

Aldapa amaituta, eskuinera egin eta basabide batera irtengo gara. Pista zeharkatu, eta tontorrera doan errepidea aurkituko dugu. Itzulera egiteko utziko dugu asfaltoa, eta Baigurako kaskora nahiz Aurkikuntza bidera seinaleztatzen duten zutoin txikiei jaramon egingo diegu. Otakek osatutako galerian gaindi jarraituta, larreek inguratuta duten etxolatxo batera helduko gara. Belardian gora jarraituko dugu handik, eta pagadiaren bila abiatuko gara. Lehen harkaiztegia inguratutakoan, bigarrenerantz bideratuko gaitu zidorrak. Haitzulo xume bat ikusiko dugu bertan.

Hirugarren harkaiztegira helduko gara uste baino lehenago. Bidexkak galanki inguratuko du harri multzoa, eta, belardian gora eginez, Erregelu eta Baigura tontorren arteko lepora iritsiko gara. Bizkarrean eskuinera eginda, orientazio mahaietara joango gara.

Ikuskizuna, zinez, paregabea: Orhi menditik hasi eta Vignemal erraldoirainoko tartea bistaratuko dugu kolpe batez. Gertuko panorama, gainera, ez da nolanahikoa: Mondarrain, Artzamendi, Irubelakaskoa, Gorramendi, Iparla…

Finean, mendizale orok bisitatu beharreko tontor panoramikoa da Baigura.

Aurkikuntzarako bidea

Tontorretik lepora jaitsi eta Erregelura igoko gara, hots, parapentea gustuko dutenek estimua dioten gailurrera. Ekialdeko ertza korritzen hasiko gara. Jaitsiera zoragarria osatuko dugu arin-arin. Minutu batzuk ederki emango ditugu bi isurialderen artean, harik eta lepo xume batera iristen garen arte. Orduan, bideak ezkerraldera pasatzeko aukera emango digu. Metro batzuk belarrezko pista batetik egin ostean, ezkerrera okertuko dugu Baigurako atsedengunera itzultzeko unea iritsi baitzaigu.

Harkaitz baten babesean harrizko hesi bat ikusiko dugu segidan, baita hamaiketakoa lasai-lasai hartzeko mahai batzuk ere. Hesiaren paretik igaro eta, belardian behera metro batzuk egin ostean, ezkerrera joko dugu. Bidexkaren eskutik landaretzari, faunari eta geologiari buruzko hainbat eta hainbat xehetasunen berri izango dugu ibilian aritu bitartean.

Otsondegiko errekastora iristen garenean, bide nagusiari men egin eta zeharka jarraituko dugu. Pagadia zeharkatu ondoren, igoeran egindako bidearekin bat egingo dugu. Aparkalekura jaisteko, igoeran egindako zidorretik nahiz asfaltatutako bidetik joko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude