Kirmen Uribe: «Bide bat egin nahi dut, gero beste batzuk etor daitezen»

Irune Berro Urrizelki / 2012-12-29 / 1.979 hitz

Euskal literaturaren parte batekin adiskidetzen lagundu dio ‘Mussche’-k, historia eta oroimena uztartuz ondu duen nobelak. Berriki argitaratu du, eta «pozik» dago izaniko harrerarekin; «pasatu dira mamuak eta minak».

Bilbao-New York-Bilbao (Elkar) atera zuenetik lau urte pasatu dira, eta Mussche-rekin «gogoberriturik» itzuli da euskal literaturaren plazara Kirmen Uribe (Ondarroa, Bizkaia, 1970). Litekeena da hurrengo nobela argitaratzeko hainbeste denbora behar ez izatea. Badu zerbait esku artean.

Durangon samaldan saldu zenituen Mussche-ren aleak. Beste idazleak baino mediatikoagoa zara edo irakurleek bereziki zure literatura estimatzen dute?

Faktore asko daude. Badut irakurle talde bat, eta azokara irakurle talde hori etorri zela uste dut. Gorka Arrese editoreak eta biok ikusi genuen asmatu egin genuela transmititzen nobela zer den, zeri buruz den. Prentsaren tratamendua ona izan da, eta horrek ere eragina izango zuen. Askotan gauza ez da soilik prentsan agertzea, baizik eta interesa piztea. Ideia ondo transmititzea.

Bilbao-New York-Bilbao-rekin sortu zen zalapartaren ondorioz, euskal literaturaren paradisutik bota zintuzteneko sentipena izan zenuen. Susarekin argitaratzea paradisu horretara itzultzeko lehen urratsa izan da?

Susarekin argitaratu dut oso ondo konpontzen naizelako Gorka Arreserekin. Editore oso ona da, eta hasieratik zaindu du liburua. Hasieratik kontatu nion zeri buruz ari nintzen idazten, eta jarraipen osoa egin du. Sausalitora idazten zidan. Susa etxera itzultzea izan da; hala ere, esan nahi dut Elkar ere etxea badela. Baina badut Susarekin halako lotura kutun bat. Eta keinu bat ere izan da Susarekin ateratzea. Hau da, Euskal Herriko argitaletxe txiki baina kalitatezko batekin liburua ateratzea keinu bat izan da. Oso pozik nago Mussche-ren harrerarekin. Mamuak eta minak pasatu egin dira.

Guztiz terapeutikoa izan da Mussche, harekin bestelako zauriak ere sendatu dituzulako; lagun zenuen Aitzol Aramaioren heriotzak eragindakoa, kasurako.

Bai. Pertsonalki horretarako balio izan dit. Barrutik idazten ditut liburuak. Idaztean ez naiz pentsatzen ari irakurleari gustatuko zaion, edo gero zer gertatuko den. Ez dut gehiegi horretan pentsatzen. Egiten dut gustukoa dudan literatura, edo momentu horretan egin nahi dudana. Urte gorabeheratsua izan zen. Araneren [alaba] jaiotza eta Aitzolen heriotza gertatu ziren. Eta Mussche-k balio izan dit zauri horiek sendatzeko, eta baita euskal literaturaren parte batekin adiskidetzeko ere.

Liburuan badago Saforen esaldi bat: «Amorruaren aurrean ez dago ezer hoberik isiltasuna baino».

Uste dut idazleak isilik geratu behar duela, eta literatur lan onak egin. Gauzek berez ematen dute buelta. Herri txikia da gurea, denok ezagutzen dugu elkar, eta gaur zurekin haserre dagoena bihar zure lagunik onena izan daiteke. Orduan, onena da gauzak muturrera ez eramatea. Axularrek ere esan zuen: «Nahi baduzu sua iraungi dadin, egurrak edeki iatzotzu». Alegia, egurra kentzeko sutatik. Edo itzaltzen uztea. Ni, behintzat, aukera horren aldekoa naiz. Ez zait gustatzen polemiketan sartzea. Gehiago naiz paperean sartzekoa eta literatura egitekoa. Gero, gainera, dena hain da erlatiboa… Hemen liburuak [ Bilbao-New York-Bilbao] izan zituen kritika batzuk, oso onargarriak, baina Frantzian oso ondo ikusia izan da, eta Japonian urtean itzulitako hiru liburu onenen artean dago. Beraz, dena hartu behar duzu neurrian. Ez zeure buruan babestu, hori ere ez dut osasuntsua ikusten. Besteek ere badute arrazoia. Kritiketatik asko ikasten da, baita txarretatik ere, ez baldin badoaz zure ibilbidearen kontra, eta ez baldin badute nahi zure ibilbidea oztopatu.

Damurik baduzu?

Nire ahuldadeak hobetzen saiatu naiz. Ez nituen oso ondo ulertu agian prentsan izan ziren agerpen batzuk. Eta, agian, onegia izan nintzen, batez ere, kanpora atera nintzenean. Espainiako sariaren ondoren, hedabideek erabili egiten zaituzte, eta beharbada, kasu batzuetan, ez nuen oso ondo neurtu hori.

Ez zitzaizun gustatu zuri buruz eman zuten irudia?

Kasu batzuetan, ez. Atxagari ere gertatu zaio, baita Anjel Lertxundiri eta Ramon Saizarbitoriari ere. Ateratzen zarenean kanpora erakutsi behar duzu ez garela guri buruz dioten hura. Hori gertatzen da gure kultura edo herriaren gabezia batengatik. Ez dugu estatu bat babesten gaituena. Eta kanpoan agertu egiten zara ahul, babesgabe; eta agertu nahi duzu zabal, eta eskua luzatuz. Aurreiritzien kontra borrokatu behar duzu, hitz egin dezaten euskal literaturaz, pixka bat bada ere. Baina horrek Euskal Herrian interferentziak sortzen ditu. Horrek kezkatu nau ni. Nire jendeak kezkatzen nau. Nire literatura edo nire pertsona gustatzen ez zaienak ez zaizkit interesatzen.

Ez dituzu konbentzitu nahi.

Ez. Baina nire jendea ez dut galdu nahi. Nire literaturan eta nire ibilbidean sinesten dutenak ez ditut galdu nahi. Eta horren arriskua ikusi dut. Eta kontuz horrekin.

Halako egoeren erdian idazlearen egitekoa liburu onak idazten saiatzea dela esan duzu.

Nik sentitu egiten dut nire kulturarekiko erantzukizun bat. Nire konpromisoa liburu onak egitea da, eta liburu horiek itzuliak izan daitezen saiatzea, munduan ezagut dezaten zer egiten den Euskal Herrian. Eta bide bat egitea, gero beste batzuk etor daitezen. Ahalik eta hobekien idazteko erantzukizuna sentitzen dut.

Libururik onenak idazteko dituzula esan duzu. Aldapa gora zaudela oraindik, ikasten. Une guztietan sentitu duzu hori?

Bai. Liburu bat idazten hasten naizenean ikasi egin nahi dut. Egin ez dudan hori egin nahi dut. Ez dut neure burua ikusi nahi zerbait errepikatzen. Hurrengo nobelarekin ere ikasi egin nahi dut. Oso desberdina izango da Bilbao-New York-Bilbao eta Mussche-ren aldean. Anbizioz ekingo diot. Baina oraingoz ezin dut gehiagorik esan.

Mussche-n garrantzi handia duten pertsonaietako bi idazleak dira, eta horrek aukera eman dizu literaturaren inguruan sortzen diren harreman ez beti atseginez idazteko; idazleen arteko inbidiez, esaterako. Sentitu duzu halakorik, inork zurekiko inbidiaz jokatu duenik?

Sentipen horiek oso gizatiarrak dira, eta denok izan ditugu inbidia eta poza. Biak sentitu ditut. Eta alde bietan ikusi dut neure burua. Idazle horien harremanean badago tentsio bat. Robertek argiago ditu gauzak; argiago dauka konpromisoa, argiago literatura berarentzat zer den… Batez ere, argi dauka literatura egiteko ez duela mindu nahi laguna. Hermanek ez. Hermanek literatura ipintzen du lagunen gainetik eta harreman pertsonalen aurretik. Horrek tentsioa sortzen du bi lagunen artean. Robert ez dagoenean Hermanek onartu egiten du Robert idazle hobea zela, Robert zela benetan poeta. Hutsune hori sentitzen du. Eta azkenean Herman bera ere literaturan babestu egiten da; gauez idazten du, eta gaueko ordu horiek betetzen dute soilik. Bere bizitzak ez du balio. Ez dio balio.

Arrisku hori du idazleak, literaturan bizitzeko egiazko munduan baino gehiago?

Bai. Ikusten ditut idazle batzuk horrela. Eta nik ez nuke nahi horrela bukatu. Niretzat literatura garrantzitsua da, bizitzeko modu bat da, idazle profesionala bainaiz. Baina hori ez da dena. Horren aurretik daude pertsonak, herria, euskara eta gauza asko.

Bitartean heldu eskutik zure lehen liburuak bide oparoa egin zuen, eta hainbat hizkuntzatara itzuli zuten. Bilbao-New York-Bilbao ere hizkuntza askotan leitu daiteke egun. Espainiako Narratiba saria ere eman zioten. Zer eskatzen diozu Mussche-ri?

Orain ez dut saririk espero. Baditut nahiko. Nahi dut irakurlea gustura utzi, eta itzulia izan dadila, ahal bada. Eta gure literatura zabaltzen saiatu, dependentziarik izan gabe Espainiako literatura sistemarekin. Nahi dut zuzenean atera Euskal Herritik mundura. Nire apustua hori da. Urte ona izan da euskal literaturarentzat. Pozgarria da ikustea Ramon Saizarbitoriaren liburua, Pello Lizarralderena, Mikel Antzarena, Hedoi Etxarterena, Rikardo Arregirena… Gero eta hobeto idazten dugu, nahiz eta baditugun arrisku batzuk. Irakurlearekiko komunikazioa landu behar dugu.

————————————
 «Fikzio hutsean bizi izan gara; kontzientzia txikia izan dugu»

Distantzia laburrean idatzi du Mussche, 36ko gerrako euskal haur bat etxean hartzen duen Flandriako idazle baten istorioa kontatu arren.

Azken urteetan zuri gertatutakoa Mussche-n dago. Eta Bilbao-New York-Bilbao ere nitasunetik abiatu zenuen. Ordea, oraingoan ez duzu autofikzio hutsaren bidetik jo. Zerk aldendu zaitu handik?

Nobela guztiak ezin direlako autofikziozkoak izan. Bilbao-New York-Bilbao-n autofikzioa erabili nuen nire familiako pertsonak sartu nahi nituelako nobelan. Ez nuen nahi egin fikzio hutsezko nobela bat arrantzari buruz. Iruditzen zitzaidan arrisku batzuk bazituela. Idazlearen konpromisoetako bat errealitatea kontatzea dela uste dut. Errealitatetik hurbil egon behar duela. Baina oraingo hau oso desberdina da. Pertsonaiak daude liburuan, baina nire-nirea ahotsa da soilik. Eta irakurleak deskubritzen du kontalaria ni naizela, bukaeran. Niri ere gustatzen zait aldatzea, ez beti bide berberari jarraitzea. Probatzea kontatzeko modu desberdinak.

Gerrako haurrekin hasten duzu liburua, baina II. Mundu Gerran ardazten da kontakizuna. 36ko gerratik ihes egin nahi izan duzu?

Nobela asko egin dira gai horri buruz, euskaraz eta erdaraz. II. Mundu Gerra interesatzen zitzaidan gehiago, eta historia eta oroimenaren arteko gatazka. Nola historiak zapuztu dezakeen pertsona baten bizitza, eta nola pertsona horri geratzen zaizkion oroimena eta ahanztura, biak. Datu historiko asko daude, baina urte eta kopuru guztien aurrean daude hiru pertsona, batez ere. Pertsonengan egin nahi nuen indarra. Gerraren trauma jasaten duten horiengan. Nobela ez da gerrei buruzkoa, traumei buruzkoa baizik. Erakusten du pertsonek galerei nola aurre egiten dieten.

Robert Mussche pertsonaia engaiatua da, eta nazismoaren aurka sutsu borrokatzeko hautua egiten du, ondoen doakionean gozamen pertsonala alde batera utzi behar badu ere. Injustizien aurka borrokatzeak daukan garrantzia aldarrikatu duzu?

Bai. Eta hori ere beste etxeratze bat izan dela uste dut, lehengo Kirmenera beste bueltatze bat. Urte batzuetan fikzio hutsean bizi izan garela uste dut; errealitatearen kontzientzia txikia izan dugu. Eta gizartearekiko eskuzabaltasuna aldarrikatu dut. Literatura egitea bada konpromiso bat. Jonathan Franzenek dio literatura egitea gizarte konpromiso bat dela. Bar Puerto-tik bertatik erabaki nuen hurbiltasun bat izatea pertsonekiko, ahotsik ez dutenekiko.

Aitatasunaz ere idazteko aukera eman dizu Mussche-k. Baina gurasotasuna hain da sentimendu bizia ezen paternalismoan erortzeko arriskua ere baduen. Halaxe dio liburuko pasarte batek: «Neska bada, beldur horiei gaineratu behar zaie gizonen baten mendean izateko izuak, erasoren bat jasoko balu».

Saiatu naiz paternalismotik ihes egiten. Umeak daude, aitatasuna agertzen da, baina oso neurrian. Emozioak prosatik kanpo daude. Emozioak sortzen dituen prosa bat da, baina emoziorik ez da agertzen bertan. Gerrako umeen istorioa berez hain da gogorra… Neure buruari galdetzen diot: 1937an, Bilbon bizi izan banintz, zer egingo nuke? Utziko nituzke umeak horrela joaten? Oso erabaki zaila iruditzen zait. Robert Musschek alabatxo bat du, Carmen, eta utzi egin behar du erresistentzian sartzeko… Egia esan, beste era batera ikusten ditut orain umeak. Eta alabarenganako beldur hori gizartean dagoen beldur bat dela uste dut, emakumeok sufritzen duzuen indarkeriarekin eraginez.

Baina semearekiko berdin sentitzen duzu?

Ez. Baina ez dut uste hori paternalismoa denik. Hori da gizartean dagoena. Emakumeekiko botere harremanak hain daude presente gizartean… Gizonezkoak nahi du emakumezkoaren gainean boterea izan. Neurri batean edo bestean, emakume guztiek jasan izan duzue inoiz bortxa hori, egiturazkoa den neurrian. Horregatik jarri nuen esaldi hori.

Pertsonaiak ez ote dira estereotipatuegiak? Vic-Robert harremanean, Robertek du jakintza, hura da militantea; aldiz, Vic etxean geratzen da, beste mundu batekoa da, erlijioari loturikoa. Eta bien arteko sexu harremanetan ere, Robertek du rol aktiboa eta Vicek pasiboa…

Baina garaiari erantzuten diote. Erakutsi nahi nuen harreman aurrerakoi bat eduki arren, sexuari dagokionez, oso atzeratuak zeudela. Moral kristauak sekulako indarra zeukan garai hartan ezkerreko jendearen artean ere. Sexua oso garrantzitsua da nobelan. Hasieran, bien arteko harremanak ez dira onak. Vicek erakusten dio bidea Roberti, eta hasten dira elkar ezagutzen. Azaltzen den sexu eszenan Robertek du rol aktiboa, baina Vicekin ikasi egin duelako da. Vicek bidea erakutsi egin diolako.

Liburuaren hasierako eszena gogoan, Robertek bere sexu aukera batere garbi ez duela dirudi une batean…

Horrekin ere jokatu nahi izan dut. Eszena ederra iruditzen zait, eta gazteen artean askotan gertatzen dena. Gaztea zarenean, gorputzek asko erakartzen zaituzte, sexu batekoek edo bestekoek. Eta non dago muga? Erabaki egiten dugu norekin egon. Bide bat itxi egiten dugu, eta beste bat zabaldu. Eta hori azaldu nahi nuen. Zergatik ez ziren sexu harreman osora iritsi Robert eta Herman? Beharbada, garai hartako gizartearen pisuagatik. Igual, gaur egun, bikote izango ziren.

Carmen Musscheri liburuaren ale bat ematera joan zinen Gantera. Zer iruditu zitzaion?

Oso pozik dago. Aitak euskaldun bat hartu zuen etxean, eta orain euskaldun batek hartu du aita. Jende askok eskatu dio aitaren historia, baina biografiak egiteko gehienetan, eta berak ez zuen nahi biografiarik. Heriotza batetik zerbait sortzea nahi zuen. Ez hildako bati buruzko hildako liburu bat egitea. Zerbait bizia baizik, zerbait berria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude