Miranderen faxismo hori

Nora Arbelbide / 2013-02-02 / 617 hitz

Jon Mirande aztergai izan zuten ostegunean Baionan; haren ideia faxistak zuritu gabe, haren talentuak biziarazi eta kontradikzioak azpimarratu zituzten, argi utzirik hainbat ikerbide daudela oraindik.

Usu senti da halako jena bat Jon Mirande (1925-1972) aipatzerakoan, haren obra argitara ekartzean, horrek esan nahiko balu bezala gizona eta haren ideia faxistak goraipatzea. Baina, aldi berean, haren obra baztertzea obra handi bat baztertzea litzatekeela eta, ostegun gauean Elekatu Elikatu elkarteak Jon Miranderen munduaz dasta bat antolatu zuen Baionan, kontraesan horiek berriz ere biziaraziz. Lucien Etxezaharreta, Ander Iturriotz eta Itxaro Borda idazleen hitzaldiek eta Pantxix Bidart eta Mirentxu Lazkanok gaualdirako josi Miranderen poema kantatu eta musikatuak tartekatu zituzten.

Eta dasta baino gehiago, azkenean, Miranderen munduaren sarbide ugariak zuzenean bizitzekoa eman zuen gaualdiak. Hitzaldiak bururatu eta, jendartetik Piarres Xarriton altxatu zen, eta Miranderi buruz «ehunka astakeria» erraten dela azaldu zuen.

Ez zen ados Etxezaharretak erran zuenaz, bere garaian Piarres Lafittek egin lanaz, Miranderen testuak ez agertzeko. Horren frogatzeko, Xarritonek iragarri zuen bere etxeko armairu xokoan badituela Lafitteren paperak «metatuak», behin ere argitaratu ez direnak, eta badela hor harritzekoa: «Hor baitira denak. Hor baitira Lafitteri Mirandek igorri letrak. Hor baituzue konprenituko zertako Lafittek bera hautatu zuen bere sekretariotzat». Eta Bordak galdera: «Zergatik ez dituzu publikarazten?». Orduan, Xarritonek kontratu bat aipatu zuen, Erromarekin duena.

Mirandek 28 bat urte zituela, orduan idatzi letra bat irakurri zuen Xarritonek. Paris Beuret poema aipatzen du hor, eta bere bizia. Gipuzkoako apez desterratu batekin ikasi duela euskara, bere konfesorea izan zena Parisen, eta baita Lafitteren gramatikarekin. Xarritoni erantzun, Bordak, berriz, Lafitteren eta Miranderen arteko harreman hori haserretu aitzinekoa izan zela. Mirande Euskaltzaindian sartzera proposatu zutelarik Hegoaldeko haren lagunek, aldiz, orduan Lafittek mehatxatu zuela. Xarritonek: «Gezurra!». Eta Bordak iharduki: «Mirandek izkiriatu zuen: ‘Uztaritzeko lurretan suge batek ausiki du apez bat. Zer gertatu da? Sugea hil dela bertan’». Eta Xarritonek, bazekiela hori, baina Mirandek beste gutun bat idatzi zuela berantago bere sufrimenduak aipatuz. Mirande Xarritonen etxean ere izan zela aitortu zuen: «Ezontsa bat uzten zidan».

Anbiguetatea indar

Oroitzapen biziak, papereko aztarnak, eta horren interpretazioak. Eta zenbat ez diren izan. Bai gogoetatuak, bai musikatuak. Errobi, Oskorri, Hertzainak, Zarama, Imanol, Niko Etxart eta beste talde anitzek egin izana duten bezala, Miranderen obraren indarra berretsi zuten Lazkanok eta Bidartek, testuaren erran- nahiak mozorrotu gabe.

Guztia anbiguo; Bordak Miranderen poesiari buruz erran bezala, Miranderen poemek irakurketa bikoitza daukate: «Plano bat badu poetiko bukolikoa izan daitekeena, eta horren barnean badu beste bat jende edo sexu harreman mailan irakurtzen ahal dena». Zuberotar ohiko kantuari hurbiltzen ahal zitekeen poesia bat egiten duela zioen Bordak, ez edukien aldetik, baina formarenetik, eta horrek ere egiten zuela, agian, kantatu erraza.

Bi planoko poesia, bi planoko pentsamolde bat ere bai, teorikoa batetik, eta gero, errealitatean. Iturriotzek azaldu zuen Mirandek ez zuela batere kontsiderazio moralik egiten eta, egitekotan, «hor gaude kontsiderazio moralak» egiteko, preseski. Haren ideia faxistak, adibidez. «Justifikatu gabe», baina «ulertzeko», hainbat argibide azaldu zituen Iturriotzek. «Oso faxismo bitxia» zuela zioen Iturriotzek, «faxismo antiburgesa eta antikapitalista», ez zena alemana, ez espainola. Gogoratu zuen «anarkofaxismoa» aipatu izana duela Joxe Azurmendi idazle filosofoak, baina agian, Iturriotzen ustez, ororen buru, ez ote den «Miranderen faxismoa» erran behar galdetu zuen. Beste argibide bat ere azaldu zuen, Miranderen Haur Besoetakoa eleberriarekin. Theresa 11 urteko neska sinbolo bat dela eta, zer sinbolo izan daitekeen aztertzerakoan, Theresaren begietara begiratzen duela narratzaileak, eta herri mina sentitzen duela. Gogoratu zuen nola Hitlerren Mein Kampf liburuan herria neskatila gazte bat den.

Gako bat gehiago, hortaz, Miranderen konplexutasunerako. «Aipatzen da eritasuna, garaia, bere pertsonalitate zauritua. Ez dira denak barkatzen ahal horrekin, baina pixka bat konprenitu», berretsi zuen Etxezaharretak. 1962an Mirandek parte hartu zuen Igela aldizkaria izan zuen aipagai. Pastoraletako satanak ere erreferentziatzat zituztela eta, hortik, zuberotar jatorriak duen garrantziaz aritu zen: «Zuberoako kulturak, beharbada, ausartziaren eragin hori ukan zuen. Pastoraletan ateratzen dira larrikeriak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.