Ura izendatzen

Iñigo Astiz eta Adrian Garcia / 2013-02-09 / 1.771 hitz

‘Hidronimia’ esaten zaio ibai eta errekak izendatzen dituen toponimiaren arloari. Adituek diotenez, esparru labainkorra da, eta handia da izendapenen atzean dagoen mugimendua.

Etengabe dira mugimenduan ibai eta errekak, eta bitxia da horregatik leku direnik esatea. Baina leku ere badira, eta garden ageri dira beren izenak kartel eta mapetan. Ebro, Aturri, Arga… Badoa ura, baina gelditu egiten dira izenak. Eta finkoak diruditen arren, horrek ez du esan nahi izendapenak ere mugimenduan ez direnik. Eskuetatik ihes egiten duen moduan egiten dio ihes urak izendatzeko saioei ere, eta lan berezia egin behar izaten dute horregatik toponimian aditu direnek halakoetan. Izan ere, bikoitza da korrontea: tokian tokiko ahozko tradizioa dago batetik, eta kartografoek ezarritako tradizioa bestetik. Labainkorra da lana, baina izendatu egin behar, halere; azken batean, hori baita hidronimiaren egitekoa: uraren lekuak izendatzea.

«Urak ez du izenik». Argi mintzo da Mikel Belasko. Filologoa eta toponimian aditua da, eta urteak eman ditu Nafarroako Gobernuarentzako toponimia aholkulari. Dioenez, lurrari hartzen diote izena ibaiek gehienetan. Hori da haren teoria, eta Nafarroan oso salbuespen gutxi ezagutzen dituela dio. Jatorri duen mendiaren izena hartzen du batzuetan errekak, gurutzatzen duen aurreko herriarena besteetan, baina lurrari hartzen diote ia beti izena. Ibaiak itsasorantz egin ahala, beraz, ugarituz doaz izendapenak. Eta mapan lerro urdin bakarra ageri arren, hainbat izen izan ditzake ibai bakarrak. Hori da kartografiaren eta tokian tokiko ahozko tradizioaren arteko talketariko bat. Baina izen bat hautatu behar, halere. «Kontu taktikoa da izendapena. Tokian tokiko jendearenaz bestelako beharrei erantzuten die», azaltzen du toponimian adituak.

Baina, hain zuzen, izen bat hautatzea izan da Euskaltzaindiaren lana. Bi urte baino gehiago eman dituzte ibai eta erreka izenei buruzko araua prestatzen, eta Patxi Gale toponimian aditua eta euskaltzain urgazlea izan da horretan aritu direnetariko bat. Beharrak bultzatu omen ditu horretara: mapagileek, kazetariek eta testu liburuen egileek sentitzen zuten beharra. Ahozko tradizioa kontuan hartu arren, beraz, geografo eta mapagile klasikoei eman diete pisua. «Zalantza izan dugunetan bertako jendearengana jo dugu, baina garrantzia eman diogu tradizio horri ere», zehazten du.

Ega ibaiaren izenarekin egindako lana aipatzen du Galek. Hiru ibai badaude Euskal Herrian izen ber horrekin. Izen horrekin ageri dira mapa klasikoetan, baina badaezpada bertako biztanleei galdetzea ere egokia iruditu zitzaien. Bat zetozen bi joerak. Elkarrizketatutako emakume batzuen kexa dakar gogora Galek froga gisa. «Guk beti deitu dugu gure ibaia Ega, baina aldundiak kartel bat jarri du ez dakit zer izenekin!». Toponimo adituak argi du: «Mapak egiterakoan bestelako izenak bilatu dituzte gauzak argitzeko, baina izenek tradiziorik ez badute, zergatik sartu behar ditugu?». Izenari eustea erabaki du horregatik Euskaltzaindiak, eta hiru dira, beraz izen bakarra daramaten ibaiak: Musituko Ega, Azazetako Ega eta Lizarra gurutzatzen duen Ega.

Kontuz ibili behar da, halere, Galek dioenez. Betiko izenak diruditenak maiz ez baitira uste bezain betikoak. Dokumentazioak ematen du izen bakoitzaren tradizioaren berri. Hor ageri da izen baten adina. Azaldu duenez, bada herritarrek izen zahartzat jo arren XX. mendean sortutako toponimorik, eta baita VIII. mendeaz geroztik ia aldaketarik gabe mantendu denik ere. Zabala da kasuistika, eta baditu bere koskak iraupenak. «Bizimodu tradizionalak galduz doazen heinean, desagertuz doaz toki izen asko. Mendian izen asko desagertu dira, jendeak jadanik ez dituelako behar. Lehen, artaldeak mendian ibiltzen zirenean, txoko guztiek zuten bere izena, beharrezkoak zirelako, baina orain ez». Berdin itsasoko harri, sakonune eta bestelakoekin. Arrantzak behera egin ahala, desagertu egiten dira horiek ere. Eta antzera ibai adar, putzu eta koskekin. «Izen horiekin zer gertatuko da?», galdetu du Galek.

Izenik gabeko ibaiak

Izan ere, ez da soilik ura; jendeaz ere mintzo dira ibaiak. Eta Euskal Herrian izan den hizkuntza aniztasunak ere badu bere isla hidronimian. Gaskoieraren arrastoak badaude Euskal Herri ekialdean, eta hizkuntza erromantzeen aztarnak ere bai mendebaldean, eta baita euskararenak ere. Eragin esparruaren araberakoa da hori, Galek dioenez. Nafarroa hegoaldean badira kasu deigarriak. Euskarak gune horietan presentzia galduz joan ahala, desitxuratu egin dira izen asko. «La rubia izeneko paraje asko dago inguru horietan. Hain zuzen ere, garai batean harrobiak izandako guneetan gertatzen da hori. Beraz, bistakoa da, harrobi hitzaren desitxuraketa baten ondorio da La Rubia hori». Ibaietan ez dago hain adibide argirik, baina bada bitxikeriarik. Ayuda izeneko ibaiarena, adibidez. «Hitz horrek bere esanahia izango zuen garai batean, eta hizkuntza berriko hiztunek La Ayuda gisa interpretatuko zuten, eta dokumentazioetan hitz horrekin inolako zerikusirik ez duela ikusita ere, izen hori gailendu da». Euskaltzaindiak egin du bere proposamena: Ihuda. «Arau horretan ageri dira proposamenak», azaldu du Galek, «sozializazioa da orain gelditzen dena, eta hori gizartearen kontua da. Denborak esango du zer izenek egiten duen bidea».

Izenik gabeko ibaiak ere badira, ordea. Asko dira erreka bakarrak gurutzatzen dituen herriak, eta halakoetan izen propiorik ere ez dute izaten. Herritarrek nahikoa dute uhaitza, uraundi, ugalde edo gisakoak erabiltzea zertaz ari diren jakiteko. Eta Europa osoa hartzen du joera horrek, Belaskoren hitzetan. Tokian tokiko beharrei aurre egiteko nahikoa. Herrian ibai bat izanez gero, izen sofistikatuagorik ez zen behar. Bestelakoa da, ordea, mapagileen beharra, eta hor hasten da izen bakarraren beharra. Belasko: «Mapen hedapena oso fenomeno berria da. Orain gutxira arte, jendeak nahikoa zuen ahozko tradizioarekin. Auzokoekin moldatuz gero, listo. Orain ezberdina da».

Denborarekin, mapa izenak gailendu zaizkie ahozko izendapenei leku askotan. Idatzizko izenak gaina hartzen dio ahozkoari. Hamaika dira kasuak, baina historiara jo du fenomeno hori azaltzeko Belaskok. Ebro jartzen du adibidetzat. «Erromatarrek jarri zioten Iberus izena ibaiari, eta arrakasta handia izan du geroztik. Erromatarrei balio izan zien izen bakar horrek ibai luze hori izendatzeko. Tuteran bizi zirenentzat, ordea, beren ibaia zen, besterik gabe. Kontuan hartu behar da garai hartan gutxienez lau hizkuntza egiten zirela haren ur bazterretan. Baina erromatarrek idatzi zuten izena, eta haiek jarritakoa da gerora erabili dena». Botere borroka bat ere ikus daiteke, beraz, ibaien izenen atzean.

Bibliaren itzala

Badira kasu bitxiak. Betelun jaio eta Oria ibaira heltzen den Araxes errekaren kasua jarri du adibidetzat. Badu bere historia izen horrek. «Orain erabili egiten da, baina ez da hori ahozko tradizioan biltzaileek bildu duten izena. Azpirotz erreka, Beteluko erreka, Araitz erreka… Horiek bai, horiek bildu zituzten, baina ez da Araxesen izenik ageri inon ere». Eta orduan, zer pasatu zen? Araitz erreka izena du oinarrian Araxes izenak bere ustez, baina Bibliaren itzalak eraldatu zuen: Tubalen mitoak, zehazki. Noeren iloba baten izena zen Tubal. Hura izan omen zen Iberiar penintsulako lehen biztanlea, eta hark ekarri omen zuen euskara inguru hauetara. Babeldik Euskal Herrira. XVIII. mende bukaera arte izan zituen jarraitzaileak teoria horrek, eta Beteluko erreka ertzeraino heltzen da haren oihartzuna, Belaskoren ustez. «Ararat mendiaren gainean pausatu zen Noeren ontzia, Armenian, eta mendi hartan bada Araxes izeneko ibai bat. Gurean, Araxes erreka Aralarretik heldu da. Eta hain zuzen ere kointzidentzia erabili zuten zenbait teorialarik euskara Noeren ilobak ekarri zuela frogatzeko». Jende horrek izen hori nahita moldatu zuela iradoki du Belaskok. Errekaren izena beren ametsaren arabera moldatu zutela, alegia.

Historiak ere mugitzen du ura. Interes politiko eta erlijiosoen arabera. Baina pisua izaten du maiz izen emaileen gogoak ere. «Oso literarioak dira batzuetan ibaien izenak», dio Belaskok. «Mapagileak ez zuten herritarrenganako gertutasunik, eta jende ikasia izaten zen. Jende jakintsua. Auskalo izen bat haien apeta bat baino ez ote den. Susmo hori izan daiteke beti». Dioenez, finkoak dira tokian tokiko izenak, baina handia da ezegonkortasuna mapetan. «Beste mundu bat sortzen da irudikapen horietan, eta bakoitzak bere lekua bilatzen du. Hor sortzen dira gatazkak, eta orain ere horretan ari gara: errekena bizi dagoen kontu bat da; ez dago finkatuta».

———————-
Euskararen aitzindaria Europa osoan mintzatu zela dio Venneman hizkuntzalariak

Europa osoan hitz egin zen euskara iraganean. Bai, behintzat, euskararen aitzindari izandako hizkuntza bat. Hori da Theo Venneman hizkuntzalari alemaniarraren teoria. Kritika ugari jaso ditu horregatik, baina deigarria da azalpena. Zenbait teoriaren arabera, ibai izenak omen dira gehien irauten duten leku izenak, eta hori da Vennemanen arrazoibidearen oinarria.

Izan ere, badira Europan lekuan lekuko hizkuntza erroekin bat ez datozen ibai izen batzuk. Vennemanen arabera, «europar zaharra» izeneko hizkuntza baten aztarnak dira, eta gaur egungo euskararekin lotuta dago hizkera hura. Eta Arga ibaia aipatu izan du horren frogatzat, Iruñeko ibaiaren izen bera duen izen bana badelako Lituania, Suitza eta Frantzian. Zenbait toponimia adituren ustez, ordea, ez dago argi euskara ote den izen horren jatorria.

—————————–
 «Bizkarra eman diegu ibaiei»

Labrit etxeak ekoitzitako hiru dokumentaletan ibaien eta jendearen arteko harremana aztertu dute. Urtetik urtera harreman hori galduz joan dela diote.

Gizakiaren garapenerako berebiziko garrantzia izan dute ibaiek. Haien ondoan eraiki zituzten antzinako kokaleku eta herrixkak, haien indarra eta elikagaiak baliatu eta ura eskura edukitzeko. Egun, ordea, egoera guztiz aldatu da. Gizakiak ez ditu ibaiak horrenbeste behar, eta ahanzturan geratu da orain gutxi arte horren preziatua zen baliabidea. Ondorio horretara iritsi da Gaizka Aranguren Labrit Multimedia etxeko kidea, Euskal Herriko hiru ibairi buruz beste horrenbeste dokumental egin ondoren. Ondare ez materialaren biltze, aztertze eta hedatze lanetan lan egiten du Labrit Multimediak, eta Nafarroako Gobernuak eta Crana Fundazioak eskatu zioten Bidasoa, Ega eta Ebro ibaiei buruzko lan bana, ondare ez-materiala eta jendearen eta ibaien arteko harremanean sakontzeko. Jendearen lekukotasunen bidez aztertu dute erlazio hori Ni Bidasoa, Ni Ebro eta Ni Ega lanetan, eta bioaniztasuna ere landu dute. Zirakos ibaiari buruzkoa argitaratuko dute hurrena.

Jendeak ibaiekiko duen harremana asko aldatu da azkenaldian, Arangurenek azaldu duenez. «Lehen ibaia bizipen gune oso garrantzitsua zen, eta gaur egun oso gutxitan hurbiltzen da jendea hartara». Ibaiek jendeari sortzen dioten emozioa aztertu dute; emozio hori bere garaian izandako harremanari lotuta egoten da. «XX. mendean, emakumeen kasuan, gehienetan, ibaia lanerako lekua zen». Arropa garbitzeko erabiltzen zuten ura, eta hara joaten ziren ur bila ere. Harremanetarako leku ere baziren horregatik. Horrez gain, askorentzat janari iturri ere izan da. Bertan arrantzatzen zituzten amuarrainak, aingirak, izokinak, garboak…

Ibaiari lotutako lanbideak

Ibaiarekin lotutako lanbide asko galdu egin dira egun; txalupalariena, esaterako. «Garraio zerbitzu oso garrantzitsua osatzen zuen jende horrek, toki askotan zubirik egon ez, eta txalupatxoak erabiltzen baitzituzten ertz batetik bestera pasatzeko». Errotak mugiarazteko ere erabiltzen zuten ibaien indarra. «Eta gerora argindarra sortzeko zentral bihurtu dira». Eta aisirako gune garrantzitsuak ere izan ziren. Ez soilik igeri egiteko, baita jolasteko eta eguna pasatzeko ere.

Egun, ibaien erabilera asko murriztu dela dio Arangurenek. Ia herri guztietan dago igerilekuren bat, eta jendeak ez du ibaira freskatzera joateko beharrik sentitzen. Eta gauza bera gertatzen da arropa garbiketarekin, garbigailuak agertzeak norberak etxean arropa garbitzeko aukera ekarri baitzuen. «Arrantzan ere, garai batean bizitzeko behar zuten arrain hori ez da saltzen, eta gainera debekatua dago, normala den bezala». Ibaiak arrantza ludikorako eta gutxi batzuk bainatzeko baino ez dira erabiltzen orain. «Belaunaldi berriak, bereziki, ibaiei bizkarra emanda bizi dira». Labrit Multimedia etxean egindako lanarekin kontrako zentzuan kontzientziatzen saiatzen dira. «Adierazgarria da garai batean arrantzale izandakoek ez jakitea gaur egun zer arrain dauden ibaian».

Pertsona eta ibaien arteko harremana aldatu ez eze, ibaiak ere aldatu egin dira. «Denek adierazten dute garai batean ur gehiago ekartzen zutela». Dokumentalek jendeak ibaiei dagokien garrantzia ematea dute helburu, baina horretarako lan asko egin beharko dela ohartarazi du Arangurenek. «Ibaien beharra ez dagoenez, kosta egiten da jendea jabetzea duten garrantziaz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude