Bihotzaren mekanika

Bihotzaren mekanikaEgilea: Mathias Malzieu
Itzultzailea: Alberto Barandiaran
Argitaletxea: Denonartean
Urtea: 2012
ISBN: 978-8496634916
R: 6.879

Fantasia liburu honek eskaintza, 14 kapitulu eta epilogoa ditu. Hasiera indartsua eta harrigarria du, eta irakurlea harrapatu egiten du. Oso irudi ederrak ditu, batez ere protagonista Edinburgon bizi den artekoak. Pasarte batzuk oso samurrak dira, baina horiekin batera badira dramatikoak eta gordinak ere.

Jack txikiaren jaiotegunaz hasten da narrazioa, eta Miss Acaciak bere bizitzatik behin betiko alde egiten duen unean bukatzen da. Ondoren, epilogoak erlojuaren eta pertsonaien nondik norakoak kontatzen ditu. Lehendabiziko 14 urteak Edinburgon gertatzen dira; ondoren, Londresetik Pariserako bidaiaren berri ematen da, eta handik Espainiara, hain zuzen ere, Granadara joango dira. Bertan bukatzen da narrazioa. Epilogoak dio batzuk Parisera eta besteak Edinburgora itzuliko direla.

Denborari dagokionez, XIX. mendean kokatua dago, eta protagonista jaiotzen denetik 18-20 urte arteko tartea irauten du, heldua egiten den unera arte, alegia.

Narratzailea protagonista nagusia da, Jack txikia, eta lehen pertsonan kontatzen du istorioa. Pertsonaia fantastikoa da, bihotza izoztuta izateagatik kuku erloju bat jarri baitiote paparrean. Bere ezaugarri fisikoen berri emateaz gain, bere ezaugarri psikologikoak ere agertzen zaizkigu, argi azaltzen dira zein diren bere sentimenduak. Gainerako pertsonaietan garrantzi handia hartzen dute ezaugarri fisikoek.

Argumentua: Inoizko egunik hotzenean bihotza izoztuta jaio da Jack txikia. Madeleine doktoreak kuku erloju bat jarriko dio eta bizi ahal izango da. Hala ere, bihotzaren mekanika ongi doitzeko, aholku batzuk jarraitu beharko ditu, eta ezingo da haserretu, ezta maitemindu ere. Lehendabiziko urteetan, etxean babestuta egongo da, baina hirira joaten denean, pertsona arruntekin harremanetan hasiko da; eta hala, maitemintzeko eta haserretzeko garaia iritsiko zaio. Maitemintzearen ondorioz, etxea utzi beharko du eta Miss Acaciaren bila abiatuko da Andaluziara. Han, maitasunaren aurkia eta ifrentzua biziko ditu.

Hizkuntza aldetik, orrazketaren premia du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.