David Altamir: «Umeei nortasuna garatzeko eskubidea eman behar diegu lehen urteetan»

Jon Rejado / 2013-03-15 / 545 hitz

Haur hezkuntzan, bere kabuz ikas dezan, umeari testuinguru egokia ematea garrantzitsua dela nabarmendu du David Altamirrek, Ikastolen Elkarteak antolatutako jardunaldi pedagogikoetan.

Ikastolen Elkarteak antolatutako jardunaldi pedagogikoen hogeigarren aldia haur hezkuntzan zentratu da aurten, 0-6 urte arteko heziketa etapan. Rosa Sensat fundazioko zuzendaritzako kide eta haur hezkuntzako irakasle David Altamirrek adin tarte horretako heziketaren garrantzia azaldu du. Haurrak garai horretan ibiltzen, hitz egiten eta besteekin nola jokatu ikasten du.

6 urte artean, hezi egiten da, edo zaindu?

Haur heziketan lan egiten dugunon drama da hori. Drama da, baina ez guretzat, umeentzat baizik. Adin tarte horiekin lan egiten dugunok ikusten dugu gure lana arreta baino harago doala. Lehen urte horietan, umeak gaitasun handiak ditu, eta hazi ahala galtzen ditu. Lehen urteetan, umeei nortasuna garatzeko aukera eman behar diegu.

Eta ematen al zaie? Beren heziketan parte hartzeko eskubidea ematen al zaie umeei?

Umeen eskubideak oso ondo zehaztuta daude, baina batzuetan ahaztu egiten zaigu existitzen direla. Giza eskubideez, ordea, askotan hitz egiten dugu, helduok gure eskubideez hitz egiten dugulako. Hezitzaileok ez diogu soilik arreta emango. Haren eskubideak ere errespetatu behar ditugu.

Ildo horretan, heztearen eta irakastearen arteko aldeak zehaztu dituzu agerraldian.

Arriskutsua da pentsatzea heztea irakastea baino ez dela. Heziketa urrunago doa. Ikuspuntu akademikotik, irakastea edukiak transmititzea da, eta hori ere egin behar dugu. Hori bai, umea zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta gutxiago irakatsi behar diogu, berak bere erantzunak aurkitu behar dituelako. Lehen urteetan, hezitzaileen ardura da besteari ikasteko aukera ematea.

Erraz esaten da hori, baina, egiterakoan, errotiko aldaketak ekar ditzake hamaika alorretan…

Espazioaren antolaketa, denbora malgua… Hamaika tresna daude, eta helduoi eskatzen digu gauzak antolatzerakoan umearen mailan kokatzea. Klaseak esperimentatzeko laborategi bat izan behar du, ohiko klase bat izan beharrean.

Bide horretan doazen metodo pedagogikoak badaude, lan egiten dutenak umearen garapena ahalbidetzeko: umeekiko errespetua, mugimendu librea…

Hainbat metodo daude, baina guztiek sinesten dute umearen zentraltasun horretan. Metodo bakoitzak bere moduan ulertzen du hori, baina denek garatu nahi dituzte umearen gaitasun horiek, umeek beren nortasuna garatzeko eskubidea izan dezaten: Montesori, Loczy… Baina arrisku bat sumatzen dut.

Arriskua?

Metodo baten barruan erosoegi sentitzeko arriskua. Denak dira interesgarriak, baina guztiek dituzte mugak. Malaguzzik esaten zuen teoriak haintzat hartu behar direla, irakurri, kontuan hartu, eta, azkenik, itsasora bota, nork bere teoria egin dezan. Ezin dugu heziketa modu bat dogma bihurtu.

Zein izan beharko luke hezitzailearen jokabidea 0-6 urte artean?

Lehenik eta behin, konfiantza izan behar du umeengan. Horrez gain, ez du konformatu behar ezagutzen duenarekin; harago joan behar du. Bestetik, aurrean duenaren iritzia errespetatu behar du, aurrean duena umea, lankidea edo gurasoa izan. Bestetik, zorrotza izan behar du bere buruaz hausnartzeko.

3 urtetik aurrera ume gehienak eskolatuta daudela esan duzu, baina zein da familiaren garrantzia urte horietan?

Familiak funtsezko garrantzia du etapa guztietan, baina guraso izaten ikasteko prozesua haurtzaroan hasten dute. Eskolak funtsezko zeregina du familiari laguntzen; hezitzaile gaitasunak garatzen lagundu behar dio. Hortaz, eskolaren plangintzan bertan kontuan hartu behar da hori: nola gonbidatuko ditugu familiak, zer aretotan… Ikastetxeek familiei laguntza eman diezaiekete, eta familiak ordaindu ezin den baliabidea dira eskolentzat.

Harreman hori gertatzen al da?

Lekuaren arabera. Hau da, zaintzan zentratzen den heziketa batek harreman jakin bat espero du gurasoekin: umeak ondo jan du, hiru aldiz egin du kaka… Dena den, badaude egitasmoak bestelako harreman bat proposatzen dutenak, bai gurasoekin, eta bai inguruko komunitatearekin. Hori ondo aterako den apustua da.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude