Giltzaduretako mina arintzeko

Jabier Agirre / 2013-03-19 / 980 hitz

Bost herritarretik batek gaixotasun erreumatikoren bat izaten du 20 urtetik aurrera; horrek mina eta mugikortasuna galtzea dakar, bizi-kalitatea aldrebesteaz gainera. Gure giltzadurak zaintzeak arazo horiek saihestuko dizkigu epe ertain eta luzera.

Belaunak, aldaka, lepoko zerbikalak… era guztietako mugimenduak egiteko aukera ematen diguten zona estrategikoak dira. Horregatik, gorputz atal horiek behar bezala ez dabiltzanean, gure gorputz osoa erasana geratuko da, eta horrek mina, zurruntasuna eta, sarritan, baita mugikortasuna galtzea ere ekarriko du. Lesioak, erabilera desegokiak eta denboraren joanak giltzadurak gastatu eta hondatzea dakar, eta jende arruntak erreuma esaten dion egoera lauso bezain zehaztugabea agertzea (izan ere, termino zabal horren azpian 200 gaitz baino gehiago sartzen dira).

Mina eta hantura

Gaixotasun erreumatiko esaten zaie giltzaduretan (hezurretan, muskuluetan, tendoi eta lotailuetan) mina eta hantura edo inflamazioa eragiten duten egoera edo arrazoi guztiei, kolpeak eta traumatismoak alde batera utzita, noski.

Motak

Lehen esan bezala, erreuma izen generikoaren azpian oso gertaera diferenteak dauden arren, hurrengoak dira ohikoenak:

Artrosia. Denetan usuena da (60 urtetik gorako biztanleen % 78 erasateraino), eta giltzadurak gastatzearen ondorioz agertzen da. Neurri batean, beraz, adinaren ondoriotzat har daiteke, eta ez gaitz gisa, zentzu hertsian.

Artritisa. Giltzaduretako mintz sinobialaren (kartilagoak babesten dituen mintzaren) inflamazioa eragiten duen gaitz kroniko eta degeneratiboa da.

Zati bigunetako erreumatismoa. Beti-beti inflamaziorik ez badakarte ere, mina eta mugimenduen mugapena eragiten duten trastornoak biltzen dira atal honetan. Artikulazioari eusten dioten ehunei erasaten die (tendoi, lotailu eta muskuluei alegia), baina ez giltzadurari berari.

Osteoporosia. Kasu honetan, hezurra normalean baino porotsuagoa eta hauskorragoa izan ohi da, eta errazago hautsiko da beraz. Gaitzak ez du, berez, minik ematen; horregatik, hezur hausturak izaten dira sintoma bakarra.

Beste batzuk. Erreumaren zaku zabal horretan sartzen dira, era berean, esklerosi sistemikoa, espondilitisa, hezueria, fibromialgia, lupus eritematosoa, eta baita beste gaitz mordo bat ere.

Zeini erasaten dio erreumak

Edozein adinetan ager daitezkeen arren, gaixotasun erreumatikoak usuagoak dira 40 urtetik aurrera, giltzadurak gehiago gastatzen direlako behin pertsona adinean aurrera doan heinean. Emakumeei ere gehiago erasaten diete, desberdintasun horren arrazoia oraindik argitu gabe badago ere (esplikazio posible moduan, aipatu da gizonezkoek, muskulatura indartsuagoa dutenez, hezurrak ere babestuagoak edukiko lituzketela, baina kontu honetan ez dago erabateko adostasun eta argitasunik).

Prebentzioa da tratamendurik onena

Giltzadurak behar bezala erabiltzeak arazo erreumatikoak jasateko arriskua gutxituko du, edo baita lehendik dauden arazoak okerragora joan ez daitezen lagundu ere.

Ariketa kontrolatua

Kirola modu erregularrean egiteak muskulatura indartu eta malgutasuna hobetzen du; baina, kontuz, ariketa fisiko desegokiak edo gehiegizkoak kontrako efektua eragin baitezake, hain zuzen, giltzadurak gastatzea eta lesioak areagotzea. Arazoak saihesteko, hurrengo faktoreak eduki beharko dira kontuan:

Gainpisua. Kiloak sobera baditugu, gure giltzadurek jasan dezaketenari baino pisu handiagoari eutsi beharko diote, eta horrek, azken finean, haiek gastatzea eta lesioak agertzeko arriskua nabarmen handitzen ditu.

Lerrokatzeko arazoak. Gure gorputzeko hezur egituran irregulartasunen bat baldin badago (adibidez, izterrezurra eta tibia ez badaude ondo lerrokatuak), pisuaren banaketa ez da egokia izango, eta luzarora desorekak eta lesioak sortuko dira.

Ekipamendu desegokia. Arreta berezia jarri behar da kirol zapatiletan, izan ere, kolpeak ez badituzte ondo arintzen, giltzadurei erasango baitie eta hondatu egingo baitira. Asfalto gainean korrika ibiltzea baino askoz ere gomendagarriagoa da leku bigunetan aritzea (belarrezko edo lurrezko pistetan).

Gomendatzen ez diren kirolak. Futbola, lasterka egitea edo arte martzialak dira arazorik gehien ekarri ohi dituztenak, gure gorputza gehiegizko esfortzura behartzen baitute. Horregatik, adina edo beste zirkunstantziaren bat dela medio, arazo erreumatikoak edukitzeko arrisku talderen batekoa izanez gero, txirrindularitzan, igeriketan edo ibilian aritzea litzateke onena eta gimnasioan, berriz, makina eliptikoa erabiltzea, ariketa kardiobaskularrak lantzeko.

Ohitura egokiak

Badira gure giltzadurei erasan diezaieketen keinuak, egunero-egunero eta behin eta berriz errepikatzen direlako. Horrelako keinurik ez egiteak molestia edo mina arin ugari saihestuko digu etorkizunean.

• Pisua jasotzeko, bizkarra makurtu ordez, hobe da zangoak tolestea, kargaren zatirik handiena hanken gainera eror dadin. Eta poltsaz edo maletaz karga-karga eginda joan behar izanez gero, saia zaitez bi eskuen artean banatzen, pisua bi aldeetan berdin banatzeko.

• Postura egokia. Esertzerakoan, bizkarra zuzen eta aulkian ondo bermatuta egotea komeni da. Ez gurutzatu hankak, jarrerarik onena zangoak angelu zuzenean tolestuta edukitzea da, oin zola zoruaren gainean bermatuz.

• Bizi-aztura osasungarriak. Jan-neurri orekatua egitea gomendatzen da, inolako gehiegikeriarik gabe, eta erretzeari uztea. Oinetakoak aukeratzeko orduan, hartu zuretzat erosoak direnak, eta utzi takoi handikoak une berezi eta jakinetarako, giltzaduren gain eragin txarra edukitzen baitute gehienetan.

• Ohean ere koltxoia sendo samarra aukeratzea komeni da, alegia ez bigunegia, ez eta gogorregia ere. Burkoari dagokionez, burua eta bizkarra ondo lerrokatuak edukitzeko modua emango diguna erabili behar da. Lo hartzeko posturen artean, alde baterako etzanerakoa da bizkarrarentzako egokiena, eta ohetik jaikitzerakoan poliki ibiltzea gomendatzen da, bat-bateko mugimendu zakarrak saihestuz.

Mina arintzeko erremedioa errazak

Mina, zurruntasuna, mugitzeko ezintasuna… Hona hemen sintoma horiek arintzeko etxean egiteko moduko erremedio errazak, espezialistak agindutako tratamenduaz gain:

Hotza aplikatu. Hantura gutxitzeko gomendatzen da hotza batik bat. Erasandako gorputz atalean izoztutako jela poltsa bat jar daiteke (farmazietan saltzen dira), edo baita toalla batean bildutako izotz koskorrak ere, edo izozkailutik atera berria den ilar poltsa bat, adibidez, oihal batean bilduta.

Beroa aplikatu. Muskuluak erlaxatzen laguntzen du beroak, mina eta zurruntasuna arintzeaz gain. Horretarako, manta elektrikoa erabil daiteke, edo baita esterilla elektrikoa. Bestela mikrouhin labean berotutako sendabelar lasaigarrien poltsa gomendatzen da. Baina, kontuz, sekula ez aplikatu beroa orduerditik gora.

Produktu naturalak. Arnikaz egindako pomadak, edo baita erromero olio edo labanda esentziarekin prestatutakoek ere mina arintzen dute, eta giltzaduretako mugikortasuna errazten.

Hotzak eta eguraldi aldaketek sintomak okerragotzen dituzte

Ez da funtsik gabeko sinesmen zoroa, edo inpresio subjektiboa besterik gabe. Tenperatura baxuek eta presio atmosferikoaren aldaketek mina areagotu dezakete.

Zergatik gertatzen da? Tenperaturaren, hezetasunaren eta presioaren bat-bateko aldaketek giltzaduretako oreka magnetikoa hausten dute. Pertsona aldaketa gertatu baino 24-72 ordu lehenago hasi ohi da molestiak nabaritzen, presio atmosferikoa eguraldi txarra etorri baino lehenago jaisten delako.

Ondorioak. Desoreka horrek sintomak (mina, zurruntasuna, eta abar) okerragotzea ekar dezake, baina ez du gaitzaren eboluzioa aldarazten.

Zer egin daiteke? Tratamendua doitzea eta egokitzea gomendatzen da beroa aplikatuz, giltzaduretako ariketak eginez eta, espezialistak aginduz gero, botiken dosiak gehituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude