Joseba Gabilondo: «Gu ez gara inoiz normalak izan, eta ez dugu normalak izan behar»

Juan Luis Zabala / 2013-03-24 / 736 hitz

‘Martutene’ inoiz idatzi den euskal nobelarik onena dela dio Joseba Gabilondok ‘New York-Martutene’ saiakeran.

Ramon Saizarbitoriaren Martutene (Erein, 2012) «euskal literaturaren historiako eleberririk onena» dela dio Joseba Gabilondo idazle, literatur kritikari eta Michigan State Unibersity-ko irakasleak (Urretxu, Gipuzkoa, 1963) Martutene-New York. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz saiakeran (Euskal Herriko Unibertsitatea). «Esan egin behar dela uste dut», adierazi du Gabilondok, Euskal Herrira egindako bisitaldi laburrean hainbat kazetariren aurrean egindako agerraldian. «Martutene da eleberri-a , The Novel. Hori esan eta gero, beste 200 orrialde idatzi ditut liburuan, hori zergatik esaten dudan esplikatzeko». Berez, Martutene-ren gainetik jarriko luke Gabilondoren «bihotz historiografikoak» Juan Antonio Mogelen Peru Abarka. «Baina hori ez da gure arokoa».

«Bernardo Atxagaren esperientziaz geroztik, badakigu globalizazioak nola funtzionatzen duen», azaldu du Gabilondok, Martutene-ren kalitatea zertan nabari den erakusteko. «Badakigu euskalduna bezalako literatura bat, ondo ulertu gabe globalizazioan sartuz gero, globalizazioak exotizatu egingo duela. Exotizazioan sartzen garen unean, gure historizitatea eta gure subjektu izatea galtzen ditugu, kontsumoko objektu baino ez gara. Nik uste dut hori oso kontzienteki dakien, ulertzen duen eta artikulatzen duen lehen euskal nobela dela Martutene».

Lynn izeneko neska estatubatuarra da Martutene nobelako pertsonaia nagusietako bat. Baina hura etorri da Euskal Herrira, Donostiara zehazki; ez da joan nobela AEBetara haren bila. Pertsonaia horrekin erakutsi du Saizarbitoriak, Gabilondoren ustez, globalizazioaren aurrean duen jarrera: «Euskal Herriko pertsonaiek gauza asko kontatzen dizkiote pertsonaia amerikarrari, baita elkarri inola ere kontatuko ez lizkioketenak ere, baina pertsonaia amerikar hori neutralizatu egiten du Saizarbitoriak. Horrela, Atxagak sufritu —eta gozatu— duen exotizazioa neutralizatu egin du Saizarbitoriak».

New Yorketik pasatu gabe

Gabilondoren saiakeraren izenburuak ere globalizazioaren ikuspegi hori nabarmentzea du xede. «Nire saiakeraren izenburua New York-Martutene da, eta ez Martutene-New York Martutene. Kirmen Uribek Bilbao-New York-Bilbao nobela idatzi zuenean, oso ondo ulertu zuen globalizazioa nondik nora doan eta nola artikulatu behar den, baina Uribek liburu hura 2008an argitaratu zuen, krisia hasi aurretik eta artean ere Dorre Bikien aurkako atentatua berri samarra zenean. Orain, 2013ko perspektibatik begiratuta, argi dago AEBetarakoa ez dela joan-etorriko utopiazko bidaia bat, eta aukeratu egin behar dela bidaia zuzenbide batean edo bestean egitea». Saizarbitoriak «globalizazio ametsak» amaitu direla erakutsi du, «eta beti Martutenen hasi eta bukatu behar dela, baina ez New Yorketik pasatuta».

«Gehienez ere, New York erakarri egin daiteke Euskal Herrira», Gabilondoren ustez. «Saizarbitoria ez da Euskal Herritik atera eta hori posizionamendu berri bat da. Ez du globalizazioan sinesten, eta gehienez ere esaten duena da: ‘Etorri nahi badute, etor daitezela. Ni ez noa New Yorkera bertako iruzurrean erortzeko’».

Horrez gain, «euskal nazionalismoaren historia narratua» egin du Saizarbitoriak, «nazionalismoak eman dizkigun fruituen eta utzi digun zamaren historia bat». Ez da historia historiografiko bat, «historia afektibo bat» baizik. «Oso era sofistikatu, literario eta inteligentean, euskal nazionalismoaren anatomia egin eta anatomia horretan galtzailearen kultura esplikatzen digu Saizarbitoriak. Nazionalismo horren historiaren erroan galtzailearen kultura bat dago; nik galtzailearen logika esaten diot. Globalizazioak joko guztia eraldatu du, eta gure gurasoengandik jaso ditugun pentsamoldeek eta tresna kulturalek jada ez digute balio. Oso era utopiko batean, Saizarbitoriak esaten digu galtzailearen logikatik badagoela gero bat. Ez da orain zer egin behar dugun esatera datorren 25 urteko gaztea, eta ez du haustura bat postulatzen. Bide honetatik segitu behar dugula uste du. Galtzailearen logikak eman digu historia bat, eman digu ikuspuntu bat, kultura bat, eta aurrera segitu behar dugu».

Bide horretan, normal izateko ahaleginari uko egitea proposatzen du Gabilondok. «Galtzailearen logikarekin, Saizarbitoriak ezabatu egiten du euskal literatura, kultura eta historia normalizatzen ari garela dioen mezua. Gu ez gara inoiz normalak izan, eta ez dugu normalak izan behar. Bestela, normalitatetik, exotizatu egingo gaituzte. Gobernuak eman behar duen mezua da normalak garela, euskal literaturaren sistema bat daukagula eta abar… Baina normalizaziotik Madrilen bukatzen dugu, eta handik New Yorkera goaz. Gure izaerarik normalena anormaltasuna da, hori da gure historia berezia. Hori normalizazioaren zakuan sartu nahi izatea, edo kaltzadore batekin normalizazioaren markoan sartu nahi izatea geure buruari tiro bat botatzea da. Hori da terrorismoa, gaur egungo terrorismo kulturala normalak garela esatea eta aldarrikatzea da».

——————–

«Terrorismoaren pornografia» egiteko arriskuaz

«Gatazka gure exotizazioaren bigarren fase bat bihur daiteke, batez ere orain, ETAk armak erabiltzeari utzi dionetik», Joseba Gabilondoren ustez. «Jada ez gara baserritar jatorrak edo paradisuko azken aztarna, baina orain euskal literaturak duen arriskurik handienetako bat da terrorismoaren pornografia egitea, euskaldunak zein biolentoak garen erakutsiz denak gustura utziko lituzkeen hori idaztea». Stuart Nevilleren The Ghosts of Belfast «Irlandako terrorismoari buruzko thrillerra» aztertu du, besteak beste, Gabilondok New York-Martutene saiakeran, eta ondorio argi batera iritsi da: «Euskal literaturak gaur egun duen arriskurik handiena horretara jotzekoa da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude