Tren geltokitik tren geltokira, hamabi istorio idatzi ditu Labandibarrek

Odei Irigoien Aizpitarte / 2013-03-21 / 469 hitz

Europako hainbat hiritan gertatzen diren istorioak bildu ditu ‘Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak’-en.

Igartza sariaren hamalaugarren lehiaketa irabazi zuen Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985), hain zuzen, orain argitaratu duen Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak liburuaren proiektuarekin. Hamabi ipuin laburrez osatu du bere lehendabiziko liburua; Europako hiriburuetan kokatu ditu gehienak, baina lehenengoa eta azkena Hendaian gertatzen dira. Marseilla, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubljana, Zagreb, Rijeka, Pula, Genoa eta Nizan kontatu ditu gainontzekoak.

Hirien aukeraketa ez da zorizkoa izan, Labandibarrek azaldu duenez. Duela urte batzuk lagun batekin egin zuen bidaia Europan zehar, trenez, hiriak bisitatuz. «Hemen agertzen direnak guk bisitatu genituenak dira, hain zuzen ere. Hiri bakoitzarekiko sentsazioa pixkat subjektiboa da, nik ikusi edo nik sentitu nituen hiriak esplikatzen dira. Seguru asko, beste norbaitek beste kontzeptu bat izango du hiri horietaz». Hendaian hasi eta bukatu zuten bidaia beraiek ere.

Bere presentzia dauka istorioetako hiri bakoitzeko geltokiak horien barruan, baina hainbat modutan. Izan daiteke bidaiaria protagonista, baina baita geltokiko behargin bat edo geltokitik hurbil bizi den norbait ere. Narrazio motak ere askotarikoak dira. Antxiñe Mendizabal editoreak azaldu du pertsonaiak oso garatuak daudela: «Pertsonaien larruan sartzen da, beraien pentsamenduak eta beraien sentimenduak adierazten ditu, behin eta berriro. Askotan digresio handiak egiten ditu testuan, pertsonaia horien pentsamenduen inguruan».

Labandibarrek proiektua aurkeztu zuenean beste izenburu bat jarri zion: Interrail. «Urtebetera, ia osatua zenean liburua, ikusten zen jada ez zuela zentzurik izenburu horri eusteak, eta aldatu egin genuen Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak honekin. Pixkat luzea izan daiteke, baina badauka bere zentzua». Izan ere, ipuin guztien izenburuek tituluaren egitura berbera daukate, hiriaren izenarekin hasita. Horrek badauka bere arrazoinamendua, idazlearen berbetan: «Ipuin bakoitza bi modutara irakurri ahal izatea nahi nuen: hiri hori ezagutuz batetik, eta istorioaz bestetik. Izenburuen bigarren zatiak istorioei egiten die erreferentzia». Izenburua horietariko batetik eratorri du: Trieste edo helduta entzuteko abestiak ipuinetik, alegia. Esloveniako hiri horretara kontzertu bat entzutera itzultzen den pertsona baten istorioa kontatzen du.

Igartza sarien edizio berria

Ekainean bukatzen da hamaseigarren Igartza sariketara lanak aurkezteko epea. Labandibar 2011koan izan zen garaile; ordainsaria eta liburuaren argitalpena lortu zituen. Mendizabal editoreak gogora ekarri du joan den urtekoan Danele Sarriugarte izan zela irabazle, Mamuak proiektuarekin.

Azkenengo sei sariketetan andrazkoak izan dira garaile guztiak. Mendizabal editoreak ez dio garrantziarik eman nahi izan horri, baina hausnarketa egin du: «Lehenengo ebidentzia da emakume askok idazten dutela; segur aski, orain dela urte batzuk baino dezentek gehiagok. Ez dakit hobeto idazten ari diren… hobeto baino gehiago, esango nuke egon direla, orain dela hamar bat urtetik hasita, emakume gazteak izan diren irabazleak».

Idazten hasi, eta jarraitu dutenak izan dira hainbat irabazle. Editorearen ustez, «serio hasi direnak» dira, jarraitutasun bat izan dutenak eta arrakasta izan dutenak. Gogora ekarri du Karmele Jaioren Amaren eskuak lanarekin duela gutxi film bat egin dela, «oso ondo saldu eta harrera ona» izan duena, haren berbetan. Eider Rodriguezen Katu jendea liburua ere aipatu du, lau hizkuntzatara itzuli dutena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.