Neguaren lekuko, udaberriaren igarle

Juan Luis Zabala / 2013-05-02 / 436 hitz

Xanti Zabala ‘Lexo’-ren 127 bertso sail biltzen dituen liburua kaleratu dute Auspoa bilduman, Nikolas Aldaik atondua.

«Neguaren lekuko izango da Lexo», dio Pello Esnalek Xanti Zabala Lexo-k idatzitako bertsoak bilduz osatutako Udaberriz liburuaren hitzaurrean. «Baina, horrekin batera, udaberriaren igarle, aldarrikari eta profeta. Profeta, berez, ez da geroaren igarlea; orainarena baizik. Eta oraina sakon irakurriz aurreikusten du geroa. Orainean baitago geroa, ernamuinetan eta bizia dariola». Auspoa bildumako 325. liburua da Lexoren bertsoekin osatutakoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratua, azken urteotan bilduman kaleratu diren guztiak bezala. Nikolas Aldaik egin du bertsoak bildu eta argitalpenerako prestatzeko lana; Lexoren beraren laguntza izan zuen hasieran, baina hura liburuaren prestaketa lanak amaitu gabe zeudela hil zen, iazko martxoaren 21ean.

Lexok idatzitako 127 bertso sail biltzen ditu liburuak, denak bertso jarriak, idatziak. Nikolas Aldaik sarrera labur bana idatzi die sail guztiei, bakoitza bere testuinguruan kokatzeko. Lexo bera zen lan hori egitekoa, baina osasun arazoek eta heriotzak eragotzi zioten. Pello Esnalen hitzaurrea eta Nikolas Aldaik idatzitako hitz-atzea ere aurkituko ditu irakurleak liburuan; Aldairen hitzatzeak Lexorekin batera libururako egindako lanen eta Lexoren azken egunetako gorabeheren berri ematen du. Horrez gain, Lexok bere ahotsez kantatutako bertsoak biltzen dituen CDa ere argitaratu dute, liburuarekin batera, haren osagarri.

Asko dira Lexok bertsoetan jorratutako gaiak, baina, Pello Esnalek hitzaurrean dioen bezala, «agerikoa izaten da zein den bertsolariaren alderik sentiberena, non duen mina bihotzean». Esnalen ustez, Lexok «euskararen eta Euskal Herriaren egoerak eraginda kantatzen du, langileariaren ezinak bihotza hunkituta, justizia sozialik ezak kolpatuta…».

Bizi taupadak bertsotan

«Gaiaren bizia darie behin eta berriro Lexoren bertsoei», Esnalek hitzaurrean dioenez. «Bizia mintzo da Lexoren bertsoetan. Bizia du taupada Lexoren bertsoaren bihotzak. Unean uneko taupada bizia».

Bertso jartzaile oparoa izan zen Lexo, baina baita bat-bateko bertsolaria ere. «Lexoren kasuan, bat-bateko bertsolaria dago bertso-jartzailearen oinarrian», Esnalen ustez. «Bertsolari baten bertsoak dira liburu honetakoak. Bertso askok berekin dute bat-batekotasunaren zantzua: gaia bidera atera orduko jarriak dira, bertsolari bati dagokion bizkortasunez. Horregatik da, besteak beste, horren oparoa Lexoren bertsogintza».

Lezoko (Gipuzkoa) Gaintxurizketa auzoko izen bereko baserrian jaio zen Xanti Zabala Lexo 1942ko urriaren 5ean. Irunera ezkondu zen, 1969an, eta harrezkero han bizi izan zen. Txikitatik entzun zituen baserrian kontuak eta bertsoak, aitaren anaiordea bertsolaria baitzen. Herriko jaietan Basarrik eta Uztapidek emandako bertso saioa izan zen entzun zuen lehenengoa, nerabe zela, eta 1962an aritu zen lehen aldiz jendaurrean bertsotan, Lezon bertan.Bat-bateko bertsolari gisa 1960 eta 1970eko hamarkadetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketetan parte hartu zuen, eta 1967an finalera iritsi zen. Horrez gain, Zepai saria irabazi zuen 1976an.

Azken urteetan plazetatik erretiratua bazen ere, bertsoak jartzeari ez zion utzi, eta hainbat sari ere irabazi zituen arlo horretan. Liburuan jasotako azken bertso saila 2009koa da, Patxi Lopez EAEko lehendakaritzara iritsi eta gero idatzitakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude