Elhuyar ZTH Hiztegia, iOS eta Android-etan pronto

Aitor Aretxaga / 2013-10-30 / 127 hitz

Irailetik eskuragarri dago, dohainik, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa aplikazio gisa. iOS eta Android euskarrientzako prestatuta dago. Zientzia eta teknologia arlo guztietako informazioa biltzen duen euskarazko lehen hiztegi entziklopedikoaren aplikazioa da. Webgunean eskuragarri dagoen guztia, aurrerantzean sakelako eta tabletetan ere era erraz batean kontsultatu ahal izango da. Proiektu hau, zientzia alorretan sailkatutako 1.500 irudiz apaindutako 23.000 kontzeptu inguru dituen hiztegia da.

Oso aplikazio interesgarria da zientzia edo teknologiari buruzko informazio orokor eta eguneratua behar duen edozeinentzat: DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak, kazetariak, itzultzaileak, gurasoak… Kontsultak egiteko aukerak ere zabalak dira, eta sartu nahi den hitza euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez edo latinez egon, emaitza berdin jasoko da. Itzulitako emaitza horrek, sartutako hitzaren euskarazko definizioa bueltatzen du, eta hitz horren ordainak, berriz ere, aipatu hizkuntzetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.